
Podcast Geltiokia topaketak soinu fikzioaren, podcastaren eta audio narratiba berrien erreferenteak bilduko ditu hiru egunez Donostiako Tabakaleran, industria, sorkuntza eta entzunaldi kolektiboa uztartzen dituen programazio batean.
Jaialdia maiatzaren 28tik 30era egingo da eta audio garaikidearen unibertsoan interesa duten sortzaile, ekoizle, plataforma eta publikoaren topagune bilakatuko da.
Tabakaleratik zehaztu dutenez, hiru egunetan zehar egungo soinu ekosistemaren ildo garrantzitsuenetako batzuk jorratuko dira, eta masterclassak, mahai-inguruak, zuzeneko podcastak, entzunaldi komentatuak eta ekoizpen berrien aurkezpenak eskainiko dira. «Programazioak topaketa profesionalak eta publikoari irekitako proposamenak uztartuko ditu, sorkuntzaren, industriaren eta entzuleen arteko konexioa indartzeko», aipatu dute.
Ostegunean, Isabel Cadenasek masterclassa eskainiko du, berak zuzentzen duen ‘De eso no se habla’ ez-fikziozko podcast ezagunaren sortze-prozesua ardatz hartuta. Egun berean ‘Tres Lágrimas’-en aurkezpen ofiziala ere egingo da, EITBren GUAU streaming plataformak bultzatutako soinu fikzio honen entzunaldi batekin, bere sortzaileetako batzuekin batera komentatua, eta Angela Lopez aktorearen eta Rafa Rueda soinu bandaren egilearen zuzeneko performance batekin.
Ostiralean, sorkuntza eta audioaren industria izango dira aztergai, eta horretarako hainbat topaketa profesional izango dira askotariko gaiei heltzeko, honakoak, besteak beste: podcast dokumentalaren goraldia tresna narratibo eta sozial gisa, euskarazko soinu fikzioaren garapena eta audioa beste hizkuntza eta formatu batzuetara zabaltzeko aukerak, animazioa, nobela grafikoa eta ikus-entzunezkoa tartean. La No Ficción, Doble Condena eta beste zenbait proiektu garatu dituzten profesionalek, EITBk, ULU Mediak eta Lera Estudioak parte hartuko dute.
Zuzeneko podcastak eta entzule berriak
Zuzeneko podcastak eta publikoari irekitako aurkezpenak ere hartuko ditu programazioak: ‘Ispilu Beltza’, ‘Ganbara Negra’, ‘Benetan Zabiz?’, ‘SONA’ eta ‘Tucán Air’. Azken hau ULU Mediak eta La No Ficciónek elkarlanean ekoitzitako soinu sitcom berria da, Madril eta Bogota arteko hegaldi transatlantiko batean girotua.
Azken egunean, maiatzak 30, Podcast Geltokiak entzule berrietan jarriko du fokua, zehaztu dutenez, «kulturaren eta hezkuntzaren arloan audioak haur eta gazteentzako tresna gisa duen ahalmena azpimarratuz».
Jardunaldia ‘Lula otsoa’ haurrentzako soinu-fikzioaren doako aurkezpenarekin hasiko da, Tabakalerako Parkean, eta Julio Rojasek soinu-fikzioari aplikatutako adimen artifizialaren eta sorkuntzaren inguruan emango duen hitzaldiarekin amaituko da. «Horrela, sektorearen etorkizuneko erronkei eta aukerei buruzko hausnarketarako bidea irekiko da», jarri dute balioan Tabakaleratik.
Programa osatzen duten jarduera guztietarako sarrerak online daude eskuragarri tabakalera.eus webgunearen bidez, eta Tabakalerako Informazio Gunean ere eskura daitezke.

Fallece el profesor de EHU y activista Zesar Martínez

Bingen Zupiria justifica los porrazos de Loiu por «la agresión sufrida» por un agente

«El abuso de pantallas en niños no solo retrasa el habla, está generando discapacidad»

La Generalitat reclama casi 800.000 euros a una monja de Araba por el caso de Sixena
