J.S.

Mugikortasun jasangarri eta adimentsurako eraikina zabalduko du Tecnaliak

Tecnalia, ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa, mugikortasun jasangarri eta adimentsurako eraikin berri bat prestatzen ari da Gipuzkoako Mubil Poloan. Urte honen amaierarako zabalik egotea aurreikusten den eraikinak 7.000 metro koadro izango ditu eta hiru laborategi hartuko ditu.

Donostiako Eskuaitzeta industriagunean kokatuta dagoen eraikinaren lanak, aste honetako irudi batean.
Donostiako Eskuaitzeta industriagunean kokatuta dagoen eraikinaren lanak, aste honetako irudi batean. (J.S.)

Donostiako Eskuaitzeta industriaguneko Mubil Poloan kokatuta egongo diren instalazio berriak erreferentzia izango dira enpresak eta gizartea eraldatzeko eta mugikortasun eta garraio modu berrietara egokitzeko.

7.000 metro karratuko azalera izango dute, eta hiru laborategi hartuko dituzte: Urban Mobility Lab, airetiko mugikortasunaren ingurukoa; eta H2 Technologies Labs, bi laborategi propultsio, sorkuntza, banaketa eta metatze teknologia garbiak aztertzeko (adibidez, hidrogenoa). Laborategi horiei esker, soluzio teknologiko berriak garatuko dira, eta prototipoak testatu eta baliozkotuko dira, beste batzuen artean, material berriak, teknologia aurreratuetan oinarritutako sistema eta soluzioak.

Proiektua aurrera ateratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso duen 14 milioi euroko inbertsioa egin da. Espazio berri horretan, 80 profesional inguruko lantalde bat arituko da eta talentua erakartzeko gunea izango da mugikortasunaren, trantsizio energetikoaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren arloetan.

Azpiegitura berria eraikuntza-irizpide adimendunen arabera eraikiko da, eta energia-kontsumoa murrizteko estrategia bioklimatiko bat izango du. Hala, karbono-aztarna minimizatuko duten soluzio eta materialak erabiliko dira, bai egikaritze-fasean, bai eraikinaren bizi-ziklo osoan; halaber, fatxada mugikor bat izango du, energia-kontsumoa murrizteko.

Mubil poloaren parte izanik, eraikin honen helburua elektromugikortasun arloan Gipuzkoa nazioartean sustatzea izango da, inguruko eragile eta enpresekiko lankidetza indartuz.

MUBIL MOBILITY EXPO

Bitartean, Tecnaliak mugikortasun aurreratuko azken lorpenak aurkeztu zituen martxoan antolatutako Mubil Mobility Expo 2026 azokan; mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren arloan Europa hegoaldean erreferentzia den topaketan, hain zuzen.

Zentro Teknologikoak jarritako standean, industrializaziora eta mugikortasun aurreratura bideratutako benetako soluzioak bultzatzeko duen gaitasun teknologikoa erakutsi zuen. Besteak beste, etorkizuneko mugikortasunerako aireko robotikan, propultsio elektrikoan, pertzepzioan eta zibersegurtasunean landu dituen soluzioak erakutsi zituen.

Beste ildo teknologiko batzuen artean, Skybot aurkeztu zuen: industriako ikuskapen- eta mantentze-lanetarako baliatuko den norabide orotako drone bat, gai dena azpiegiturekin fisikoki interakzioan jarduteko eta iristeko zailak diren ingurune konplexuetan saiakuntza ez-suntsitzaileak egiteko.

«Gure helburua da industriari laguntzea soluzio eskalagarriak eta merkatura iristeko modukoak garatzen. Etorkizuneko mugikortasuna eraikitzeko, beharrezkoa baita teknologia aurreratuak eta haien balio-kate osoa osorik ulertzea», azaldu zuen Joana Gracia Tecnaliako mugikortasun arloko arduradunak.

Izan ere, «etorkizuneko mugikortasunerako integratu egin behar dira azpiegitura adimendunak, konektibitatea, datuen kudeaketa aurreratua eta askotariko teknologiak, hala nola zibersegurtasuna, propultsio efizientea eta automatizazioa, guztia ere sistemak modu efizienteago, seguruago eta eskalagarriagoan jarduteko», nabarmendu zuen adituak.

Zentro teknologikoak, gainera, azokako edukien programan ere parte hartu zuen eta Eneko Otaolak, propultsio elektrikoko sistemetan espezializatutako ikertzaile seniorrak, “Mugikortasun elektrikoaren industrializazioa: balio-katearen eraldaketa” mahai-inguruan parte hartu zuen.

 

4.759 irtenbide teknologiko 2025ean

Tecnaliak jarduera-errekor berria lortu zuen 2025ean, 1.962 konpainiarentzako 4.759 irtenbide teknologiko garatuta; hau da, aurreko urtean baino %3,1 gehiago. Aurtengo aurreikuspenen artean, inbertsioak %20 haztea espero dute, 24 milioi euroraino.

Tecnaliak 156 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen 2025a; hots, %5,4 gehiago, eta 1.500 profesional baino gehiagoko lantaldearekin; horietatik, %43 emakumeak. Gainera, zentroa espainiar Estatuan lan egiteko ehun erakunde onenen artean sailkatu dute, Actualidad Economica-k egindako sailkapenaren arabera.

2026ko ekitaldi honetarako, zentro teknologikoak 24 milioi euroko inbertsio-plana garatzea aurreikusten du, ekipamendu estrategiko eta azpiegitura berriak egiteko, daudenak eguneratzeko, eta fabrikazio adimendunera, mugikortasunera edo digitalizaziora bideratutako instalazioak handitzeko.

Ingurunean duen eraginari dagokionez, Tecnaliak egindako kalkuluen arabera, bere jarduerak 914 milioi euroko barne produktu gordina sortzen lagundu du EAEn 2025ean. «Euskal erakundeek Tecnalian inbertitzen duten euro bakoitzeko 34,10 euroko BPGa sortzen dute».