Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos

Itzaletik argitara, prozesu feministen eskutik

Autodefentsa feministaren alde Iruñean egindako mobilizazio baten irudia.
Autodefentsa feministaren alde Iruñean egindako mobilizazio baten irudia. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Fina bezain argia da indarkeria sexista hitzez deitoratzetik haren konplize gisa jardutera eramaten duen marra. Ez dago erdibideko posiziorik, ezta argudio epel posiblerik. Bizitzaren espazio eta arlo guztiak zeharkatzen dituen egiturazko biolentzia da. Erantzun irmoa eskatzen duena, arinkerietan ibili gabe. Bada, marra fin hori oraindik ere hainbestetan gurutzatzen jarraitzen den honetan, nahitaezkoa da feminismoaren oinarrietara gerturatzea.

Kukai dantza taldeko zuzendari eta dantzari Jon Mayaren aurkako salaketak berriz jarri du mahai gainean hausnarketa beharra. Dantza munduaren testuinguruan gertatutako eraso sexistak salatu zituzten hainbat emakumek 2024an, modu pribatuan eta publiko ez egiteko erabakimen eta eskaerarekin.

Mugimendu feministaren eskutik abiatu zuten bidea, emakumeontzat zailtasunez betea egoten dena. Bilgune Feministak ez du zalantzarako tarterik utzi: «Eskaera argia zen: gertaera horiek berriro ez errepikatzea eta arduradunari prozesu pertsonal, eraldatzaile eta konpontzaile bati ekiteko eskatzea. Hori guztia, konfidentzialtasun zorrotzenarekin». Orain, batzuen interes politikoek plaza publikora atera dute emakume horiek euren erreparaziorako diskrezioz egitea nahi zutena.

Jakina da eraso sexista bat salatzeak zama bidegabea dakarrela. Estigmaren pisua, birbiktimizatua izatearen beldurra. Arte eszenikoen munduan izandako gertaerez ari gara: gizon eta emakumeen arteko hierarkiak eta botere harremanak egiturazkoak dira hor ere. Itzalean iraunarazi duten errealitate bat, normalizatzeraino. Datuek garbi adierazten dute: (H)emen Elkarteak eta EAB Euskal Aktoreen Batasunak egindako ikerketa baten arabera, inkestatutakoen %57,8k diote ez dutela segurtasunik sentitzen ikus-entzunekoetan eta arte eszenikoen sektorean. Ondorio argia ateratzen dute egileek: indarkeria matxista ez da «kasu isolatuen» emaitza, sektorearen egiturarekin estuki lotuta dago.

Jarrera sexistak ez dira ezeren albo-kalte. “Arin” hitzarekin definitu daitekeen erasorik ez dagoen bezalaxe. Fokua mugitu eta marra gorria lausotzeko saiakera etengabean bizi da patriarkatua. Horren aurrean, feminismoak autodefentsa eta erreparazio prozesuak ditu oinarri. Eta hortik ari da errelatoa eraikitzen. Ezin du bestela izan.