
Arima katramilatu zaio igande honetan Iñaki Artolari, Dario Gomezen pragmatismoaren aurrean nola erantzun ezin jakinda. Erakustaldia eman du errioxarrak, bere lehendabiziko Buruz Buruko finalean, bere aurreneko txapela janzteko. 73 urte beranduago, txapela Errioxara bidean jarri du Ezkaraikoak. Barberitok 1953an finala jokatu gabe eskuratu zuen, Gallastegik jokatzeari uko egin ostean. Bada, atzokoan, ederki jokatu du Dariok: hormabikoari zukua atera dio eta gogor jo du, Artola airean ibiltzeraino.
Buruz Buru profesionaletan lehendabiziko aldia zuten elkarren aurka eta beraz, zaila zen pronostikorako estatistikak baliatzea. Dario Gomezek osatu duen txapelketari so, hiru txapeldunak bidean utzita, apur bat faboritoago egiten zuen Ezkaraikoa. Partida aurreko apustuek ere hala adierazten zuten. Gutxik espero zuten, ordea, hainbesteko erakustaldia ematea. Duela hamalau urteko errebantxa hartu du Dariok. Orduan, 2012an, Gasteizko Ogeta pilotalekuan aritu ziren buruz buru alegiarra eta errioxarra eta Artola nagusitu zen orduan, 22-8ko markagailuarekin.
Nerabeak ziren orduan atzoko finalistak, oraindik ere profesionaletarako bide osoa egitekoak ziren. Ordutik, bakoitzak bere bidea hartu zuen, atzo, final handian, Buruz Buruko batean elkartu ziren arte. «Ametsik onenetan ere ez duzu irudikatzen hau. Akaso profesionaletara iristea bai, baina hau guztia deskribaezina da», esan du Asier Gomezek ETBri emandako adierazpenetan.
Elkar ulertzea
Sekulako konplizitatea erakutsi dute Gomez anaiek kantxan. Txapelketa guztian zehar, baina akaso atzokoan ageriago geratu da, fokuak ere adierazgarriagoak direlako. Markagailua alde edukitzeak ere laguntzen du, noski. Dariok segituan ireki ditu aldeak, lehendabiziko takadan 0-5ekoa jarrita. Hormabikoaren amarruan harrapatuta geratu da Iñaki Artola, finalera iristearen gozoak segituan gazitzeraino. Errealitatearekin kolpatu da alegiarra, Dariok erakutsi duen kolpea zitala izan baita. «Hau nola den badakik, aukerak izango dizkik. Paretera sartzen saiatu, errematatzen saiatu», esaten zion Iker Iriarte laguntzaileak, 1-5ekoaren ostean, sakea galdu duenean. Artolaren aurpegia, halere, zurbil zegoen, shock-ean egongo balitz bezala.
Bigarren finala zuen jarraian gipuzkoarrak –hiru erdietsi ditu guztira, baina 2021ekoan lesio batek kanpo utzi zuen– baina nerbioak kudeatu ezinda nabaritu zaio. Lasaiago aritu da Dario, pilotalekuan osoago ikusten zitzaion eta berak ere onartu du behin txapela buruan zeukala: «Berotzerakoan kezka banuen ea finala gehiegi izango ote zen baina, era berean, disfrutatzen nengoen, aurkezpenean ere bai. Eskuinean pilota ederki sartzen zitzaidala jabetu naiz, ondo ematen nion eta bera zalantzati nabaritzen nuen. Artola muturrera eramatean soilik neukan buruan».
Artola, jarraikortasunik gabe
1-7 tantoa lortzerako, laugarren hormabikoa egin du Ezkaraikoak eta Artolak bizirik jarraitu bazuen, Darioren oparitxoei esker izan da. 2-7koan, zabalean estu zegoela, gantxoa egiten saiatu da. Ideia aparta, baina gehiegikeria; txaparekin topo egin du. Halere, alegiarrak ezin izan dio probetxurik atera halako aukerei eta soilik behin lortu du bi sake jarraian ateratzea, 4-10ekoan sakez eginda.
Jokoan nagusi izan da Dario. Asko jo du eta Artolak defentsa ona erakutsi duen ere, gehiegi sufritu du. Sakea errestatzen aritu da ondoen alegiarra baina defentsa on batek erasoa ere eskatzen du, eta aukera izan duenetan kosta zaio aginte makila hartzea, eta hartutakoan ere ez du asmatu.
Dariok lehendabiziko aldia zuen Nafarroa Arenan eta ikasgaia ondo ikasita salto egin du kantxara: ezker hormatik pilota asko zabaltzen dela, alegia. Errioxarrak egin dituen hormabikoetan zabaletik jo du, tentuz –eta, halere, huts egin du pare bat aldiz–; bada, Artolari kosta zaio pilotalekuari neurria hartzea. Pilotalekuari, baino, bere arima ez du kontrolatu eta horrek eraman du antsietatez jokatzera, ez asmatzera, kantxan egon bai baina burua beste nonbaiten edukitzera.

Bere laguntzaile Iriartek eskuinez jotzeko eskatzen zion baina ezin gozatuta ibili da, defentsatik atera ezinda. 6-16koan jo du lehen aldiz pilotakada luzea, tanto egiteraino, baina hurrengoan, kanpora bota du gantxoa. Gizakia omen da harri berdinarekin bi aldiz katramilatzen dena. Artolak, bere bigarren finalean, aukera gehiegi eman dizkio aurkariari eta hein handi batean, Dario ere aprobetxatu da Artolaren ezinaren aurrean.
Atseden uneak agortuta
Artolak, lehendabiziko atsedenaldi luzerako, agortu ditu jokoa gelditzeko bere hiru aukerak. Partida aurrera joan ahala eta tanto gogor batzuk jokatu ahala, Dariorengan akidura ere hasi da nabaritzen. Hori nabarmendu zion Artolari Iker Iriartek, zerbaitetan sinestarazteko. Halere, Ezkaraikoak estrategia ere ongi baliatu du eta partida amaierara ongi jotzen iritsi da. Hainbesterako, 6-16tik 6-22ra, errioxarrak ezker horman sarturiko bi pilotakada pasatzen utzi dituela Artolak, erabat etsituta. 6-20koan txapara jaurtitako boleak alegiarraren konfiantza are gehiago txikitu du.

Buruz Buruko itzela sinatu du Dariok, txapelarekin ginga jarrita. Aurre kanporaketetatik hasi eta finaleraino egin zuen bidea, Elordi azpiratu, Jaka eta Altuna mendean hartu, finalerdietan erakustaldia eman eta finala irabazteraino. Eskuak errespetatzen dabiltzala nabarmendu zuen errioxarrak, azken urteetan babesean egindako aldaketa batzuk lagun. Pasa den udaran, garaipen errenkada luzea lortu zuen eta sasoi ona biribildu du prestigio handiena duen txapelarekin.

Fallece un trabajador de 51 años tras indisponerse en la papelera de Iurreta

Laredo no es Bilbo ni menos Altsasu: el alcalde del PP reduce los ataques a «gamberradas»

Los tensos Sanfermines de 1997, a la pantalla con Pérez Sañudo y Galle; buscan ‘antidisturbios’

Tres hombres fallecen en la playa de Zurriola, el pantano de Allotz y las piscinas de Barakaldo

