Lotura bikaina Mont Blanceko hegoaldeko isuri basatian
Apirilaren 25etik 27ra, Giacomo Mauri, Luca Ducoli eta Mirco Grasso italiarrek Grand Pilier d’Angleko «Divine Providence» eta Frêneyko zutoin nagusia lotu zituzten. Hori egiten lehen alpinistak izan dira.

Matteo Della Bordella, Luca Ducoli, Giacomo Mauri eta Mirco Grasso Skardura (Pakistan) heldu dira. Datozen asteotarako, laukote italiarrak asmo handiko helburu bat du: K7 (6.934 m). Hain zuzen, alpinistok Charakusa haranean (Karakorum) dagoen mendi horretako ekialdeko hormatzarrean ibilbide berri bat sortu nahi dute.
Zalantzarik gabe, espedizio horrek foku asko bereganatuko ditu; izan ere, K7 ia zazpimilako bat izateaz gain, pareta oso-oso zorrotza da. Alpinista zailduak dira, eta hori ondo baino hobeto erakutsi dute azken hilabeteotan egin duten “entrenamenduan”. Eta kakotx artean jartzen dugu, italiarrok jarduera bikainak baino bikainagoak egin dituztelako.
Joan den martxoan, adibidez, Della Bordellak, Maurik eta Grassok ‘Mutante’ lerroa (M8, 6c, AI4+, 520 m) zabaldu zuten Petites Jorasseseko (3.658 m) hegoaldeko aurpegian. Della Bordellak sare sozialetan aipatu zuen mistoko bide gogor hori Mont Blanc mendiaren ondoan dagoen altxor txiki bat dela: «Inoiz eskalatu dugun ibilbide osoenetako bat da; besteak beste, eskaladako estilo guztiak jasotzen dituelako. Horregatik jarri diogu izen hori. Arroka puskatua hasieran, ondoren kalitate handiko dry toolinga artesi perfektuetan, eskalada librea arrokan, elurra eta izotza».
Azken asteotan ere, Della Bordellak jarduera oso ona sinatu du Tomasso Vectionekin batera Tour des Jorassesen: “Elias&Super Elias” lerroaren lehen errepikapena. Bi bide horiek lotu zituzten (hamalau luze) ia era askean; 8b edo hortik gora izan daitekeela diote.
Grasso ere aipatu behar da, egin duen eskalada baten inguruan luze eta zabal hitz egingo digulako. Baina aurretik, laburbilduta, aipatzekoa da hilabeteotan zenbait hormatan izan duen arrakasta: iragan neguan, adibidez, Jernej Kruder esloveniarrekin Txileko Cochamo haraneko hormatzarretan izan zen, eta Cerro Walwalüneko ‘Tarock’ (7c, 750 m) bidea era librean eskalatu zuten. Martxoan, berriz, Alessandro Baurekin Tre Cime di Lavaredoko neguko lehen zeharkaldi integrala egin zuen hiru egunean.
Baina, inolako zalantzarik gabe, apirilaren 25etik 27ra Ducolik, Maurik eta Grassok Mont Blancen egin zutena txapela kentzeko modukoa da. Mendiaren hegoaldeko isurialde basatian gai izan ziren Grand Pilier d’Angleko ‘Divide Providence’ eta Freneyko zutoin nagusia lotzeko. Lotura edo combo hori egiten lehen alpinistak dira. Modu batera edo bestera esanda, frantziarrei ohore hori kendu diete.

Hilaren 25ean, gauez, Aiguille du Miditik irten ziren eta Patrick Gabarrou eta François Marsigny frantziarrek 1984an sortutako ‘Divide Providence’ erdiraino eskalatu zuten. Bibaka egin aurretik, hiru luze ekipatu zituzten. Biharamunean, Grand Pilier d’Angleko tontorrera heldu eta, Peutereyko ertzetik jarraitu ordez, Freneyko glaziarrera rappelatu zuten. Han bertan egin zuten bigarren gaua.
Hirugarren eta azken eskalada egunean Freneyko zutoin nagusia igotzeko gai izan ziren ‘Bonington’ ibilbidetik. Mont Blanceko gailurra zapaldu eta Chamonixera jaitsi ziren jarduera zorrotz hori era arinean eta azkarrean egin eta gero. Ondorengo lerrootan, Grassok berak azalduko dizkigu lotura handi horren nondik norakoak eta bertan bizitako esperientzia.
Lotura handia
«Hainbat urtetan zehar, proiektu hau etorri izan zait burura Mont Blancen egin beharreko zerbait interesgarria pentsatzen nuen bakoitzean. Italian bizi naiz eta gutxi dakit Mont Blanc mendiguneari buruz, baina konbinazio hau beti iruditu zait hain begi-bistakoa, zaila egiten baitzait sinestea inork ez duela jada egin.
Tira, ez nago hemen errekorren bila igotzeko; egin nahi nuen zerbait besterik ez zen; beraz, azkenean, Pakistanerako hurrengo espediziorako prestatzeko aukerarekin, Jack, Luck eta hirurok ‘erasorako planean’ pentsatzen hasi ginen.
Teleferikoa itxita, Aiguille du Miditik abiatuko gara goizaldeko hiruretan. Lehenengo egunean, Grand Pilier d’Angle oinarrira iritsi ginen eguzkia atera bezain laster, uste baino askoz azkarrago, eta luze guztiak igo genituen paretaren erdian zeuden terrazetaraino. Han hasi ziren ‘Divine Providence’ ibilbidearen benetako zailtasunak. Oraindik argi ordu asko genituen, baina gaua han igarotzeko asmoa genuen. Biharamunerako prestatzeko, Luck bibak hura antolatzen ari zen bitartean, Jackek eta biok hurrengo hiru luzeetan finkatu genituen gure soka bikoitzak. Lucken etxera itzuli ginen, arratsaldeko lauretan afaldu genuen eta lo-zakuan sartuta geunden arratsaldeko seiak baino lehen.
Apirila da eta oraindik hotz egiten du han goian; klima beroagoan eskalatu nahi dugu, eta ona da hemen, eguzkia atera bezain laster, horma berehala berotzea. Ilunpetan gosaldu, ekipo guztia atera eta soka finkoak igo ditugu lehen eguzki izpiekin. Jackek aurreko urtean eskalatu zuen ‘Divine Providence’. Nahiz eta zalantza asko nituen, erabaki genuen luze guztiak eskalatuko nituela akatsik egin gabe.
Tartez tarte, zorte pixka batekin eta okada une batzuekin, Grand Pilier d’Angleko gailurrera iritsi gabe eskalatzen dut, eta nire lagunak segurtatzen ditudan bitartean, ia negar egin dut. Normalean, hemendik Peuterey ertzetik jarraitu behar da Mont Blanceko gailurreraino, baina guretzat zeharkaldiak luzea izaten jarraitzen du. Freneyko glaziarrera heltzeko rappelatzen hasi gara, eta lurrera afalaurretik iritsi gara. Glaziarraren erdian altxatu dugun aterpe batean igaro dugu gaua, zutoin nagusiaren hasieratik ordubetera.

Alarmak goiz esnatu gaitu. Plana aurreko eguneko berbera da: egunsentian arrokan egotea. Eguneko helburua Pylon osoa eskalatzea eta Aiguille du Midiko geltokira lotara itzultzea da. Zutoina eskalatua nuenez, Lucki eta Jacki sokaburu joateko ardura eman diet. Azkar eskalatu dugu eta arratsaldeko lauretan ailegatu gara zutoinaren gailurrera. Mont Blanc mendiaren gailurra zapaltzeko beste hiru ordu egin ditugu: elurraren kondizio latzengatik borroka fisiko eta mentala izan da.
Berandu da eta nekatuta gaude; egia esanda, ni naiz gehien nekatzen dena. 32 urte ditut eta taldeko zaharrena naiz: bi hauek leher eginda utzi naute! Egoera hori dela eta, Aiguille du Midira ez joatea erabaki dugu. Luzeegia da, eta gailurretik ordubetera dagoen Vallot aterpera joan gara. Gaua oso erosoa izan da eta hurrengo egunean, elurpean, Plan de l’Aiguillera jaitsi gara. Horren ondoren, Chamonixera itzuli gara 30 euroren truke gosaltzera».

Eraso sexistengatik Jon Maya dantzariaren aurkako salaketak argitara atera dira

La respuesta ciudadana aborta otra actuación de Desokupa, ahora en Irun

Iñigo Cabacasen plakari eta Indautxuko Kirruli Herriko Tabernari eraso egin diete Bilbon

