«Kirola eta aldarrikapena bateratu nahi ditugu Bilboko erdigunean»
Lasterka Askatasunera egitasmoak ekainaren 6an egingo du hirugarren edizioa Bilboko itsasadarraren inguruan. Kirola eta aldarrikapena uztartzen dituen ekimena da, aisialdi eredu hegemonikoetatik aldenduta bestelako espazio bat sortzea helburu duena.

Lasterketa Askatasunera egitasmoak bere hirugarren edizioa egingo du ekainaren 6an Bilboko itsasadarraren inguruan. Aisialdi eredu hegemonikotik atera, eta gazte independentisten baloreak barnebiltzen dituen kirol ekimena egin nahi izan dute antolatzaileek. Lasterketak 10 kilometro izango ditu, baina 5km-ko martxa egiteko aukera ere egongo da.
2024ko udaberrian, Bizkaiko 11 gazte konpartsen eskutik, abiatu zen egitasmo hau. Arrate Llorente eta Antxon Agirre antolakuntzako kideek NAIZi azaldu diotenez, kirolak gazteen artean gero eta presentzia handiagoa zuela ikusita, kirola eta aldarrikapena uztartzen zuen ekimena antolatzea zen helburua, «kontsumismoaren eta alkoholaren logikara mugatutako aisialditik aldentzeko asmoz».
Hala, kirol esparruan mugitzen diren gazte euskaldun, feministak, independentistak, ekologistak eta antiarrazistak batzeko espazio bat izan nahi du ekimenak.

Lasterketa Bilbon egitea ez dela kasualitatea azaldu du Agirrek: «Bilbon eta Bizkaian gazte independentista asko garela erakutsi nahi dugu, komunitatea indartu eta itsasadarran zehar oihartzuna utzi».
Hiriko erdigunean antolatzea erronka handia dela diote. Izan ere, «Bilbo kapitalismoaren eta kontsumoaren hiria» dela uste dute, eta horren aurrean gazte eraldatzaile, euskaldun eta feministak erdigunea hartzeko gai direla erakutsi nahi dute: «Bilbon aisialdi alternatibo bat antolatzeko aukera badagoela berretsi nahi dugu».
Komunitatearen garrantzia azpimarratu nahi dute ere antolatzaileek, eta herri zein auzoetan egiten duten lana hiriburura eramatea dute helburu: «Nazio pultsua eta independentziaren aldeko aldarri argia egin nahi dugu Bizkaiko hiriburuan». Izan ere, aurten, gazte konpartsez gain, kirol taldeak ere inplikatu nahi izan dituzte ekitaldiaren antolaketan.
Udalaren oztopoak
Bilboko Udalarekiko harremana «egonkortzen» hasi dela aitortu arren, oraindik ere oztopoak topatzen dituztela salatu dute. «Hirugarren urtea izan arren, Udalak oraindik ez digu erraztasunik ematen», azaldu du Llorentek. «Agerikoa da Udalak turismo eredua hauspotuko duten egitasmoeei alfonbra gorria jartzen dieten bitartean herritik eta herriarentzako ekimenak erabat zokoratu nahi gaituztela, urrun eta mutu nahi gaituzte», gehitu du Agirrek
Horrez gain, ekimenaren antolakuntzak herri-lan handia eskatzen duela azaldu dute. Ibilbidean bakarrik 40 boluntario inguru aritzen dira lanean, eta beste askok dortsal banaketan, kontsignan edo logistikan parte hartzen dute. «Antolakuntzaren apologia ere egin nahi dugu ekimen honekin», dio Agirrek.

Aurreko bi edizioen balorazioa «oso positiboa» dela azaldu dute. Antolakuntza «lan handia» izan arren, egunak berak merezi izan duela diote. Haien ustez, aurreko edizioek erakutsi dute gazte independentistek aisialdi kapitalistatik harago doazen ekimenak antolatzeko gaitasuna dutela: «Kirola eta aldarrikapena uztartzen dituen egitasmo bat eraikitzea posible dela ikusi dugu».
Lasterketan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 3ra arte. Areatzako kiosko parean hasi eta bertan bukatuko da. 08.30ean hasiko da dortsal banaketa eta, horrekin batera, kamiseta ere emango dute parte-hartzaileentzat. Sariak banatzeko Oihana Fernandez de Barrena aizkolaria egongo da bertan.
Lehen hiru postuentzako sariak egongo diren arren, lehiakortasuna bigarren plano batean geratzen dela uste dute. «Lasterketa aitzakia bat da elkartzeko eta aldarikapena egiteko», azaldu dute. Izan ere, lasterketaz gain, goizean zehar artisau azoka eta hamaiketako herrikoia eta bestelako ekitaldiak egingo dituzte Areatzan.
«Ekainaren 6an Areatzan elkartzera deitu nahi dugu jendea, independentziaren aldeko aldarria eta balore eraldatzaileak kiroletik ere partekatzeko», amaitu dute.

Cuatro detenidos, militares con simbología nazi agredidos y diversos altercados en la final

«El lehendakari Urkullu debería leer mejor la historia del Gobierno Vasco»

Los nacionalistas somos todos unos desubicados

‘Pertur’: qué se sabe, qué no se sabe y qué es ‘fake’

