NAIZ

17.764 ikasle egiten ari dira Unibertsitatera Sartzeko Proba Hego Euskal Herrian

Astearte honetatik ostegunera bitartean 17.764 ikaslek egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Proba Hego Euskal Herrian, 13.618 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 4.146 Nafarroan. Ikamak protestak antolatu ditu campusetan ‘FCK SELE’ lelopean.

Milaka gaztek egingo dute USaP Hego Euskal Herrian.
Milaka gaztek egingo dute USaP Hego Euskal Herrian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Hego Euskal Herriko 17.764 ikaslek egingo dute astearte honetatik ostegunera bitartean Unibertsitatera Sartzeko Proba (USaP): 13.618 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 4.146 Nafarroan.

EAEren kasuan, 12.114 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten 952k lehen azterketa egingo dute astearte honetan Euskal Herriko Unibertsitatean. 1.821ek egingo dute Arabako Campusean, 6.505ek Bizkaikoan eta 4.740k Gipuzkoakoan. Hizkuntzari dagokionez, ikasleen %76,1ak (9.944 ikasle) euskaraz egingo du proba, eta % 23,9k (3.122) gaztelaniaz.

13.066 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 552 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak. 

Joan den ostiralean EHUk ohar batean adierazi zuenez, USaPk bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (USaP irekiko duen azterketa); Espainiako historia edo Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta %40 sarbide faseari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak sarbide fasean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da, eta ikasleak beste 4 puntu lortu ahal ditu. Fase honetan ikasleak gehienez lau ikasgaitara aurkeztu ahal da, eta bakarrik hartzen dira kontuan baldin eta 5 baino gehiagoko nota atera badu. Ikasleak egin nahi duen gradurako onuragarrienak diren bi kalifikazio hartzen dira kontuan.

Azterketei dagokienez, 11ko 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako sarbide-proben eredu berriaren ezarpenak jarraitzen du. Besteak beste, eredu horrek ezartzen du galderen ehuneko batek (aurten, %50ek) irakasgaian eskuratutako gaitasunak neurtzeko diseinatuta egon behar duela. Proben emaitzak ekainaren 10ean argitaratuko dira.

Azterketak Iruñean eta Tuteran

Bestetik, 4.146 ikaslek eginen dituzte USaP Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Arrosadiko campusean (Ikasgelategian) eta Tuterako campusean.

Matrikulatutako ikasleetatik, 2.391 emakumeak dira, eta 1.755 gizonak. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 3.097 ikaslek eginen dute proba gaztelaniaz, eta 1.049k euskaraz. Ikasle gehienek (3.406 ikasle) nahitaezko fasea eta borondatezkoa eginen dituzte; 560 ikaslek borondatezko fasea bakarrik eginen dute, eta 180 ikaslek, nahitaezkoa bakarrik.

NUP joan den astean nabarmendu zuenez, ikasturteko honetako deialdiak ez du berritasun handirik aurreko urtekoarekin alderatuta. Aurreko urtekoa lehenengo deialdia zen honako dekretu hau onetsi ondoren: 534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baitira graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia.

Hala ere, azterketei dagokienez, nabarmentzekoa da ikasturte honetan irakurketa errazeko irizpideak aplikatu zaizkiela ia ariketa guztiei (tipografia, egitura eta maketazioa). Gainera, azterketa-koadernoen azala aldatu da, eta, beraz, bi eranskailuak azal horretan itsatsi beharko dira, eta ez aurrean eta atzean, orain arte bezala.

Ikasleek ekainaren 10ean izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 17tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 24an, 25ean eta 26an izanen dira, eta emaitzak ekainaren 30ean egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, uztailaren 15etik aurrera egonen da deskargatzeko moduan.

Nafarroaren kasuan, proba 09.30ean hasiko da Gaztelania eta Literatura II azterketarekin, eta, 12.00etan, Ingelesa azterketa egin da. Arratsaldean, 16.00etan, Espainiako Historia azterketa eginen da, eta 18:30ean Filosofiaren Historia azterketa (aurreko ikasturteko deialdiaren alderantzizko hurrenkeran).

Ekainaren 3an, asteazkena, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek). 11:00etan, azterketa hauek eginen dituzte: Matematika II, Latina II, Musika Analisia II eta Marrazketa Artistikoa II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II, Zientzia Orokorrak eta, azkenik, Arte Eszenikoak II. 17:30ean Alemaneko eta Frantseseko azterketak eginen dira.

Probak ekainaren 5ean, osteguna, amaituko dira, orduan eginen baitira irakasgai espezifikoetako azterketa guztiak. Probak 08:30ean hasiko dira, honako hauekin: Fisika, Diseinua, Geografia eta Musikaren eta Dantzaren Historia. 11:00etan, ikasgai hauetako azterketak eginen dira: Biologia, Artearen Historia, Marrazketa Teknikoa II eta Oinarri Artistikoak. Arratsaldean, 15:00etan, proba hauek eginen dira: Kimika; Adierazpen Grafikoko Teknikak; Plastika; Enpresa; Negozio Ereduen Diseinua; Korua eta Ahots Teknika II. Azkenik, 17:30ean, azterketa hauek eginen dira: Geologia eta Ingurumen Zientziak; Mugimendu Kultural eta Artistikoak; Greziera II; Teknologia eta Ingeniaritza II; Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa II eta Literatura Dramatikoa.

Ohikoa denez, azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte, ikasleek ezin izanen dute ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik (esate baterako, telefono mugikorrak, ordenagailu pertsonalak, tabletak, erloju adimendunak, etab.).

Dena den, ez dira egongo maiztasun-inhibitzaileak iruzurra saihesteko. Izan ere, Ekaitz Santazilia NUPeko kideak dioenez, «teknologia konplexua da, ertz askokoa», eta «inbertsio handia» dakar «azkar samar zaharkituta geratzen den material batean». Horregatik, aukera hori «sakon» aztertu ondoren, ez da egokitzat jo, entzumen-protesiak dituzten ikasleei eragin diezaiekeelako.

Ikamaren protesta

Ikamak elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko Unibertsitate desberdinetan «Hezkuntza Sistemari kritika bat egiteko eta Selektibitatea den azterketa zaharkitua eta insibidualista salatzeko».

‘FCK SELE’ izeneko dinamika aurrera eraman du Ikamak, «hezkuntza-sistemaren funtzionamendu meritokratikoa» salatuz.