Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Pasioz eta bokazioz

.
. (Maialen Andres | Foku)

Kamio, gogoratu, pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Maiz entzuten duzu oraindik Gorka Urbizuren eztarria urratzen esaldi hori ahoratzen duenean. Spotify eta Youtube miragarriak zaizkizu bukle psikologikoetan zurrunbilatzeko. Etxetik lanerako bidea egin duzu autoz, eta zalantzan jartzen ari zara ea 80 kilometro orduko abiaduratik gora joatea debekatzen duen radarra errespetatu duzun, baita azken semaforoak gorri edo berde zirela zeharkatu dituzun ere. Zeurera baitaratu zara, gupidarik gabe. 

Aparkatu duzunean esnatu zara lozorrotik. Gazte talde mardul bat ikusi duzu errepidea zeharkatzen. Batxilergotik unibertsitatera jauzia egiteko nahi eta nahiezkoa den sartze proba egitera doaz. Inbidia sortu dizu etorkizuna aukeratzeko momentuak eragiten duen zirrara horrek eta galdetu diozu zeure buruari zein izango den azterketara doazen horien hautua. 

Hogei urterekin kazetaritzan lanean hasi zinen momentura itzuli zara, iraganeko ispiluaren aurrean paratu zarelako urdintzen ari zaizun ileari begira. Bokazioak deituta, fraide eta mojak komentu eta monastegietan sartzen diren antzera besarkatu zenuen lanbidea. Harro sentitu zara une batez eta gandortu zaizkizu buru gaineko kiribilak. 

Zeure buruarekin borrokan jarraitzen duzu bokazioa behar luketen lanpostuetan pasio izpirik isurtzen ez duen langile andana dagoen susmoa duzulako –kontuz esatera zoazenarekin–: Hezkuntzaz akordatu zara, Administrazioaz, funtzionario bilakatzeko desira masifikatuaz.

Sena behar zela esan zizuten behin, orrialdeetan gorriz margotutako dozenaka akats batzen zenituen garaian. Ez dakizu sekula halakorik izan duzun, baina ikasten saiatu zarelakoan zaude. 

"Fiki"-n emaitza ona lortu duela esan dizu alaba nerabeak eta zientzietara joko ote duen iradoki diozu. Begira geratu zara, zer erabakiko duen pentsatuz. Berdin zaizu, baina, Kamio, esaiozu, etxean pasioa izango dela exijituko diozuen gutxieneko hori.