Zero Zabor Uretan, Mater ontzi-museoaren proiektu «berde» eta arrakastatsua
«Zaborrik onena sortzen ez dena» leloari jarraituz, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko udalerrietan aritzen dira Materreko kideak kontzientziak eta ohiturak hankaz gora jartzen, itsaso garbiagoen alde. Uztailean Pasaia utzi eta beste zortzi portu bisitatuko ditu.

Itsasoa zaintzea helburu duen irabazi asmorik gabeko ontzi-museoa da Mater, baina gure historiaren eta ondarearen lekuko ere bada, egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handia baita. Euskal arrantzaleek ontzigintzan erabilitako teknikan oinarrituz eraiki zuten 1990. urtean, eta 13 urte eman zituen Kantaurin eta Atlantikoan arrantzan. Antxoak, berdelak, sardinak eta hegaluzeak harrapatzen zituzten bertan lan egin zuten arrantzaleek.
Bere azken itsasoratzeak “Prestige”-ren hondamendian laguntzen egin zituen, txapapotea kostara irits ez zedin, naturaren mesedetan -bere etorkizuna iragarri ahal izango balu bezala-. Barkua desegitera zihoazenean, Mater lantaldeak hura eskuratu eta bigarren bizitza bat ematea erabaki zuen.
2003an Pasai San Pedroko portuan museo bilakatu zen, eta hamar urteren ostean Pasaiatik atera eta ekoaktibitateak garatzen hasi ziren: zabor bilketa, arrantza, biodibertsitatearen jarraipena... hala, museoa bisita daiteke Pasaian, museo gisa ezagutzeko edo antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzeko. Baina, horrez gain, Gipuzkoan eta Bizkaian zabaldu dituzten proiektuen bidez ere ezagut dezakegu.
Ekimen horietako bat da Zero Zabor Uretan. Izaskun Suberbiolak, Materreko zuzendariak, azaldu digunaren arabera, 17 udalerrik bat egin dute horrekin. «Eskolak, elkarteak, saltokiak eta udaletxeak inplikatzen ditugu», esan du ingurumena zaintzea denon ardura dela adieraziz, eta zaborrak errotik murriztu behar direla jakinda. «Lehen fasean sortzen diren mezuak herrian bertan zabaltzen ditugu erakusketa, kalejira edo bestelako ekimenen bitartez, tokiko eragileak protagonista izateko. Horretarako, sortu genituen bi erraldoi erabiltzen ditugu: ‘Zabor’, itsas hondakinen munstroa, eta ‘Bio’, biodibertsitatearen dama, zaintza aldarrikatzen duena. Helburua da ‘Bio’ zaintzea eta ‘Zabor’ suntsitzea», argitu digu.
Saltokien papera garrantzitsua da haiek arduratzen baitira kontsumo arduratsua sustatzeaz. «Haien bidez auzoetara zabaltzen dira ohitura jasangarrien inguruko mezuak. Haientzako formakuntzak ere prestatzen ditugu, bizilagunen bidelagun izan daitezen», azpimarratu du Suberbiolak.
Zero Zabor Uretan urte osoan garatzen den ekimena da, denak sentitzen dira Materreko «eskifaiaren» parte, eta kurtso amaiera ospatzeko, festa moduko bat egiten dute uztailean -plastikorik gabeko hilabetean-, alegia, zortzi portuetan zeharreko bira: Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarroa, Mutriku, Getaria, Hondarribia eta Pasaia. «Bisitak, birziklatze tailerrak, itsas hondakinen bilketak eta arrantza, eta itsasoaren egoeraren neurketak egiten ditugu. Gurekin boluntario pila bat etortzen dira eta topaketak egiten ditugu gure ideiak partekatzeko. Ospakizun puntu bat du, amaierako fasea delako. Publikoari irekiak diren jarduerak ditugu eta doakoak dira, jendea portuetara etortzeko».
EUROPA MAILAN GORAIPATUA
Aste honetan Mater Bruselan egon da. Izan ere, Zero Zabor Uretan kanpaina finalista izan da Europako hondakinen prebentzioarekin lotuta ematen dituzten sarietarako. Sariak atzo banatu zituzten, baina edizio hau aurretik itxi genuen, jakin gabe Mater garaile suertatu ote zen. Edonola ere, Suberbiola pozik zegoen hiru proiektu onenen artean egoteagatik. «Guretzat hor egotea aitortza potoloa da», adierazi zuen zuzendariak.
Hala ere, Zero Zabor Uretan ez da Materrek garatzen duen kanpaina bakarra. «Itsas eragileen sarea dugu, non surflariak, arrantzaleak eta oro har itsasoa maite dugunok elkarri laguntzen diogun. Itsas Zaintza Sarea deitzen den komunitate bat osatzen dugu, zaintza mezuak zabaltzeko. Orain Kantauri mailan ari gara lanean eta ikasitakoa Asturiasekin eta Kantabriarekin partekatzen», azaldu du Suberbiolak.
Gaztetxoengan ekologismoaren grina pizteko asmoz DBH3 eta batxilergoko lehenengo mailako ikasleekin beste ekimen bat dute, haiek ahalduntzeko eta estrategien sortzaile bilakatzeko. «Itsas Hondakinen Erronka deitzen da eta gazteak dira aldaketaren protagonistak. Egun ohiturak aldatzea zaila da, zeren korrika eta presaka bizi gara eta hain eroso gaude, non ez dugun gure konfort zonatik atera nahi. Oso enpatikoa izan behar zara, kolektibo desberdinekin batera ikusteko non dagoen aukera eredu izan daitezen eta positiboki eragiteko», aipatu du.
Hala, gaztetxoekin lanean aritzen dira Materreko kideak eta haien kezketatik sentsibilizazio proiektuak sortzen dituzte. «Garrantzitsua da horiek euren herrietan zuzeneko inpaktua izatea, konturatzeko haiek ere positiboki eragin dezaketela», argitu du zuzendariak. Izan ere, etorkizuna beraien eskuetan badago, zeresana badutela eta egiten dutenak eragina duela ikusten badute, aukera gehiago izango dira etorkizunean naturaren zaintzan eragile aktiboak izateko, eta euren inguruan ere influencer modukoak izateko.
«Egun batetik bestera ez gara berde bihurtuko, prozesu bat da, baina garrantzitzuena da ahal duguna ematea gizarteari eta hurrengo belaunaldiari», esan du zuzendariak.
Ontzi historikoen erregistroan
«Itsasontzia oso berezia da», esan digu Izaskun Suberbiolak “Mater” ontziari buruz, bere historiaren berri eman aurretik. Izan ere, bere hitzetan, Mater «plataforma» bat da. «Museo bat gara, baina gure publikoa ere bada eragile, plataforma aktibo bat garelako une klimatiko honetan. Ontzi batek batu egiten gaitu, baliabide mugatuak ditu, eta horrek ere beste ikuspuntu bat ematen dizu tripulazioko kide zarelako. Bestalde, ontzia bera gure ondare kulturalaren parte da. Itsasoko jakintzak jasotzen ditu, formak, egurra lantzeko era... duela gutxi onartu gaituzte ontzi historikoen erregistroan, Madrilen, eta horrek ere ematen digu lasaitasun bat horren babesean gaudelako, ez garelako merkantzia-ontzi huts bat. Gure itsasoko kulturaren lekuko da. Gure arrantzaleak horrelako itsasontzi batekin joaten ziren, eta orain ere horrelako batean lan egiten dute, baina txapazkoa da. Barrutik, ontziak ez dira asko aldatu», kontatu du.
Izan ere, arrantzaleen bizimodua ezagutzeko aukera aparta eskaintzen du Materrek urte osoan zehar. Esan bezala, normalean Pasaiako portuan egoten da ontzia, uztailean izan ezik (artikulu hau idaztean, Bilbon zegoen, Bizkaiko Aldundiarekin duten elkarlan bat dela eta). Ohiko bisitak bi dira: Arrantzale bisita eta bisita ekoaktiboa. Arrantzale bisita horretan egurrezko atunontziko kamaroteak erakusten dituzte, bisitariek ikus dezaten nola bizi ziren bertan lan egin zuten arrantzaleak, eta ikas dezaten nola banatzen zituzten lanak eskifaiako kideen artean. Baina Suberbiolaren esanetan, oraingo kamaroteak antzekoak dira, baita egungo atun-arrantzaleen lanbidea ere. «Jasangarri arrantzatzen dute, garaian garaikoa, eta horren balioa nabarmentzen dugu. Kontsumitzaile gisa asko dugu esateko», adierazi du.
Bestalde, bisita ekoaktiboan Materren egungo misioa zein den azaltzen dute, «tripulazioa zein den eta itsasoak zein behar dituen. Eskertzarekin hasten dugu bisita», aipatu du Suberbiolak.
Horretaz gain, hilabetero honakoa eskaintzen dute: Jaizkibeleko labarrak ikusteko ontzi-paseoak egiten dituzte, iluntzea ontzitik ikusteko aukera ematen dute, eta uretan dauden hondakinak «arrantzatzeko» itsasoratzen dira. Horrez gain, hilabeteko azken igandeetan Alabortzako hondartzara joaten dira, hura zaborrez garbitzeko, leku hori «puntu beltz» gisa identifikatuta dutelako.

‘Helmuga, denak etxera’, la manifestación de enero de 2027 para sellar una realidad dolorosa

La Diputación de Araba sanciona a Sarrea e impide realizar campamentos en Bernedo

Aznar tilda en Bilbo al abertzalismo de «fracaso histórico» pero teme un cambio constitucional

Macrorredada en Iruñea con 28 detenidos por las protestas ante el acto de Vito Quiles

