
Azken asteotan, britainiar eskalada tradizionalak mugimendu oso interesgarria izan du. Hurrengo lerrootan azpimarra berezia behar duten bi igoera aipatuko ditugu. Franco Cookson da lehenbiziko protagonista. Ingurumari honetan bere izena ez da ezaguna, hots, ez da mediatikoa, baina trad estiloan curriculum itzela du. Bada, Ben Loyalen (Eskozia) ziur aski historiara eramango duen jarduera bikaina egin berri du. Hain zuzen ere, gai izan da ‘But nothing is lost’ bideari puntu gorria jartzeko.
E12 7a proposatu du, eta horrek adierazten du marra hori trad estiloan munduko gogorrenetarikoa bihurtu dela. Maila bera du James Pearsonen ‘Bon voyage’ (Annot, Estatu frantziarra). Arriskuaren maila alde batera utzita, zailtasun teknikoari dagokionez gure eskalan 9a da; errepikatzaile guztiek bat egin dute Pearsonek proposatutako mailarekin.
Cooksonek ‘But nothing is lost’-eko lehen igoera biribiltzeko lan eskerga egin behar izan du. Denera, lau urteko ekinaldiak. 60 metroko ibilbide hori bi luzetan banatu zituen. Gogoratu behar da trad estiloan arriskuaren faktoreak berebiziko garrantzia duela. Lehen luzea (E12 7a, 35 m) teknikoki zailena izateaz gain, arriskutsuena da ere. Gakoekin eta friend oso-oso txikiekin babestu zuen bere burua. Bigarren luzea (25 m), berriz, erabat ezberdina da. Tximinia zabal bat (E5 6b) da, offwidth teknika eskatzen duena.
Eskalada hori bukatu bezain laster, protagonista honek sare sozialetan adierazi du oraindik ez duela barneratzen igoera horretan bizitako eskarmentua: «Emozio kontrajarri asko ditut. Bide horrek kalitate handia eta logistika nahasia ditu, eta hori ikaragarria da. Azken lau urteotan egin dudan lana ez dut inoiz gainditzeko aukerarik izango. Nire ibilbidearen puntu gorenera heldu naiz, eta horregatik zorte handia dut une jakin honetara iritsi naizelako. Aurretik egin dudan E11 7a baino askoz ere gogorragoa izan da».
Cooksonek gehitu du britainiar eskalada tradizionalaren etika eta eskalada kementsu horiek bere arimaren barru-barrura heldu direla. Bide batez, esan du eskalatu berri duen lerroa perfektua bezain soila dela: «Munduan zehar probatu ditudan beste marra batzuekin ezin dut alderatu. Mugimendu ikaragarri onak ditu; nire amets basatienak gainditzeko gai izan da. Poz handia dut une honetan, baina arrakasta hori lortzeko gauza asko atzean utzi behar izan ditut. Hori nik bakarrik dakit».
«Balio erantsia»
Cookson ez bezala, bigarren protagonista, Jesse Dufton, ezagunagoa da. Eskalatzaile itsu honek behin baino gehiagotan ahoa bete hortz utzi gaitu eginiko igoerekin. Beti sokaburu eskalatzen du, eta bere bikote Molly da audioen bitartez gidatzen duena. Urteen poderioz eta jasotako esperientzian oinarrituta, gero eta bide gogorragoak egiten ari da. Iazko uztailean, adibidez, esku artean zuen helburu handi batekin egin zen: «Howling gale» (E3 6a). Bada, azken asteotan beste mugarri bat ezarri du Peak Districten (Ingalaterra): «Bat out of hell» (E5 6a).
Irakurtzen den bezala, urrats berri bat egin du; izan ere, maila horretako lehen bidearekin egin da. Duftonek sare sozialetan onartu du arrakasta horrek ezustean harrapatu duela: «Sekula ez nuen uste esan nezakeenik, baina, bai, lortu dut. Bista mugatua nuenean, maila hori egitea ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Orain gehiago galdu dut, eta horrek egin dudanari balio erantsia ematen dio».
Eskalatzaile honek dio E5 maila egiteko proiektua iragan neguan hasi behar zuela, baina klimaren baldintza kaskarrek udaberrira atzeratzera behartu zutela. Prozesuari dagokionez, Dutfonek aurreratu du hamahiru saialdi behar izan dituela ‘Bat out of hell’ erorikorik gabe igotzeko: «Bide hau oso egokia da niretzat. Nahiko segurua da, eta altua naizenez ondo egokitu naiz mugimenduetara. Baina, jakina, oztopoak izan ditut: itsua naiz eta hainbat dinamiko gainditu behar izan ditut. Mugimendu horietan ez naiz ondo moldatzen, eta horregatik E5 maila egitea izugarria izan da. Bederen, pozarren nago lerro horrek erakutsi nauelako gai naizela bide zailagoak eskalatzeko».

Cuatro detenidos, militares con simbología nazi agredidos y diversos altercados en la final

Los nacionalistas somos todos unos desubicados

«El lehendakari Urkullu debería leer mejor la historia del Gobierno Vasco»

El periodista Fonsi Loaiza, agredido en Cádiz, denuncia el «uso del terror fascista»

