NAIZ

Subflubiala bertan behera uztea eskatu dute dozena bat talde ekologistek

Ingurumenaren gaineko eraginak gero eta bortitzagoak izango diren honetan, klimaren eta ingurumenaren aldeko ekintzak «inoiz baino beharrezkoagoak» direla nabarmendu dute. Elkarteek ibai azpiko autobiaren eraikuntza etetea eskatu dute.

Subflubialaren aurka egindako manifestazioa, Leioan.
Subflubialaren aurka egindako manifestazioa, Leioan. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

Ingurumenaren nazioarteko eguna den honetan, ekainak 5, hainbat talde ekologistek Lamiakoko Subflubiala bertan behera uztea eskatu dute, ingurumenean izango dituen kalteengatik. Subflubiala EZ, Fridays For Future, Ekologistak Martxan, Sukar Horia, Greenpeace, Jauzi Ekosoziala, Extinction Rebellion, Herri Bideak Kate Barik Elkartea, Euskal Gune Ekosozialista, Eguzki, Meatzaldea Bizirik, Eguzkizaleak Konpartsa eta Biziz Bizi elkarteak dira adierazpen bateratuaren sinatzaileak.

Nabarmendu dutenez, gaur egun, klimaren eta ingurumenaren aldeko ekintzak «inoiz baino beharrezkoagoak» dira. Hain zuzen, seinalatu dutenez, gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioz, Parisko Akordioan ezarritako «muga segurua» gainditzeko bidean gaude.

Hain zuzen ere, Euskal Herrian, 31 pertsona hil ziren maiatzean gehiegizko beroagatik; oraindik ekaineko lehen astean ere, dagoeneko beste lau pertsona zendu dira arrazoi bera tarteko.

«Jada hasi gara honen eraginak pairatzen: muturreko bero-boladak, ekosistemen eta biodibertsitatearen galera, osasun publikoko arazoak, nekazaritzaren gaineko eraginak edota lehorteak. Eta hauek gero eta bortitzagoak izango dira tenperatura igotzen den gradu bakoitzeko», ohartarazi dute.

Horretaz gain, airearen kutsadurak urtero zazpi milioi pertsona baino gehiago hiltzen dituela aipatzen dute: «Garraioaren sektorea da EAEn berotegi-efektuko gas gehien isurtzen duena, guztizkoaren %41a IHOBEren arabera».

Horren harira, salatu dute autobide erraldoiak eraikitzeko egitasmoek, naturaguneen suntsiketarekin batera, airearen kutsadura areagotzen dutela. Bolintxu, Supersur eta Sublfubiala jarri dute jomugan, alegia.

«Subflubialaren eraikuntzak ingurumenaren hondatze are handiagoa eragingo du. Bere eraikuntzarako berdegune garrantzitsuak suntsituko dira, esaterako, Artatza parkea, Getxo eta Leioaren biriki berdea, eta tunelaren bi ahoak gas kutsatzaileen tximenea bihurtuko dira», kritikatu dute. 

Bestalde, ohartarazi dute eragin negatibo garrantzitsua izango izango duela tokiko auzokideengan, trafikoa %33 handituko baita 2048rako.

Gainera, proiektuaren «irregulartasunak» aipatu dituzte: «Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostenean esplizituki aitortzen da proiektua Europako, estatuko eta autonomia-erkidegoko plangintzetan jasotako mugikortasun jasangarriaren printzipioen aurkakoa dela, hala nola Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuan». Horregatik guztiagatik, elkarteek ibai azpiko autobiaren eraikuntza etetea eskatu dute.