
Gladys Gogoan-ek eta Eguzkik antolatuta, euripean egin da larunbat eguerdi honetan Gladys del Estal gogoratzeko urteroko ekitaldia Donostian. Bizikleta, dantza, kanta eta loreen artean oroitu dute nola hil zuten aktibista ekologista orain 47 urte Tuteran, energia nuklearraren eta Bardeetako tiro poligonoaren aurkako mobilizazio batean izandako jazarpen polizialaren ondotik.
«Baina batez ere gogoratu dugu nola bizi izan zen, eguzkia, ura eta askatasuna defendatuz», nabarmendu dute antolatzaileek. Ekitaldi nagusian, urtero legez, aktualitateari tartea egin eta energia nuklearraz aritu dira.
Ohartarazi dute energia nuklearra «bueltan» dela, «edo hobe esanda, nola edo ahala suspertu nahian» dabiltzala herritarren «poltsikoaren eta segurtasunaren» kontura. Besteren artean Ukrainako gerrak ekarritako erregai fosilen horniketa arazoen aurrean Europar Batasunak energia nuklearra «energia berde sailkatu» izana salatu eta Ormuzeko itsasartearen itxierarekin horniketa arazoak areagotzean energia nuklearraren «greenwashing edo zuritze ahalegina» egin dela salatu dute.
Zentzu horretan, denboran atzera egin eta «memoria aktibatzeko» ariketa proposatu dute. 70eko hamarkadaren hondarrean Hego Euskal Herrian lau zentral nuklear ezarri nahi izan zirela ekarri dute gogora. «Lemoizekin izan zuten tema kriminala izan zen, eta, zoritxarrez, oso ondorio larriak pairatu behar izan genituen. EAJk zioen energia mota hori gabe kandelak beharko genituela argiztatzeko, eta azak baino ez genuela izango jateko. Zorionez, Lemoiz gerarazi genuen, eta ez da kexa handirik egon argiztapenaren eta elikaduraren aldetik», nabarmendu dute.
Gerora, Txernobil eta Fukushiman istripu larriak izan direla salatu eta egun larrialdi klimatiko baten erdian bizi garela ekarri dute gogora, eta hala ere «kapital globalizatua berriro tematu da energia nuklearra bultzatzen, dakartzan problema nagusiak gainditu ez dituenean: uranioarekiko mendekotasuna, segurtasun-eza, hondakinak eta kostua», gaitzetsi dute.
«Larrialdi klimatikoaren erantzuleak diren enpresa berberei entzun behar diegu gure onerako dela, deskarbonizazioa bultzatu behar dela», salatu dute, eta euren iritziz deskarbonizazioari ekiteko bide-orria «argia» dela adierazi dute: gutxiago kontsumitu eta energia berriztagarriak erabiltzea. «Proiektu nuklear berri bakar bat ere ez dator ohiko beste energia kutsatzaileak ordezkatzera, ez, kontsumoaren gehikuntzak bultzatuta datoz, ‘gero eta gehiago’ paradigmarekin bat (adimen artifizialarekin lotuta bereziki)», esan dute.
Eta, amaitzeko, energia nuklearra «arriskutsua eta garestia» dela eta «mendekotasuna» sortzen duela frogatzen duten zenbait datu eman dituzte. Esaterako, aipatu dute Belgikan zentralak ixten ari direla errentagarritasun faltagatik, Txernobilen inguruak kutsatua jarraitzen duela istriputik lau hamarkadara edota uranioaren prezioan gorakada emateaz gain, horniketarako arazoak ere aurreikusten direla.
Gauzak hala, bide bakarra gutxiago kontsumitu eta berriztagarriak bultzatzea dela berretsi eta Gladysen memoria antikuklearra aktibatzera dei egin dute, ‘Ez, ez, ez, zentral nuklearrik ez!’ aldarrikatuz.

La Diputación de Araba sanciona a Sarrea e impide realizar campamentos en Bernedo

Macrorredada en Iruñea con 28 detenidos por las protestas ante el acto de Vito Quiles

Cinco forales mueren en un accidente en la AP-8 en Elgoibar, en la bifurcación con la AP-1

Euskal Udalekuak afirma que el campamento de Bernedo se hará, pese a los rumores de prohibición
