
Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko da Santurtzin gaur, Orduñari lekukoa hartu ostean. Iazko jaia eskola batek bakarrik antolatu zuen, baina Santurtzin sare publiko indartsua dago, zortzi ikastetxe publiko baitaude, denak guztiei irekiak eta jaiotzetik lan merkatura arteko ikasleak hartzen dituztenak. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina den-denak daude elkarri lotuak.
Eta denek elkarrekin, indarrak batuz, antolatu dute ilusio handiz aurtengo festa. Hiru gunetan banatuko da: Portua, Santurtzi parkea eta Gernika plaza. Horiez gain, kaleko jarduerak ere izango dira herri osoan zehar.
Euskal Eskola Publikoaren Jaia eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan dadin aldarrikatzea helburu duen eguna da eta urtero ospatzen da ekaineko aurreneko igandean, 1994. urteaz geroztik. Aurtengoa 33. edizioa da. «Euskal Eskola Publikoaren komunitatea osatzen dugun milaka lagunen topagune izatearekin batera, eskola publikoa ahalduntzea du helburu egun honek. Honekin batera, bereak dituen ezaugarriak gizarteratzeko egun aproposa bihurtu da: publikoa den heinean denona eta denontzakoa, euskara eta euskal kultura sustatzailea, herrian txertatua, hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritua eta berritzailea», azaldu zuten aurkezpenean.
Maite Nieto da Las Viñas eskolako zuzendaria, eta ongietorria eman nahi die egunean zehar Santurtzira gerturatuko diren guztiei. «Esango nieke jai giroaz gozatzera etortzeko, baina baita eskola publikoaren indarra bertatik bertara bizitzera ere. Atzean lan eta ilusio handia dago, eta herri oso batek ateak ireki ditu guztientzat», aipatu du GARAri eskainitako elkarrizketan.
Bere hitzetan, egun polita izango da familientzat, umeentzat eta komunitate osoarentzat; baina, aldi berean, aukera bat ere bada eskola publikoa harrotasunez erakusteko: askotarikoa, hurbila eta denona. «Santurtzin ehundutako sare hori ezagutzeko eta parte sentitzeko gonbidatuta zaudete! Goazen denok abestera! –esan du–, ‘Sareak ehunduta euskara saretuz, etorkizunerako bideak edertu. Eskola publikoa eta euskalduna, izan gaitezen izan nahi duguna’», gehitu du abestiari erreferentzia eginez.
Ilusio handiz eta denbora luzez prestatutako festa da, baina modu partekatuan egin dute. «Ez da ikastetxe bakar baten kontua: herri bateko eskola publikoek, guraso elkarteek eta EHIGEk elkarlanean antolatzen dute jaia», dio Nietok.
«Gu berriak ginen zuzendaritza kontuetan, eta joan den ikasturtean jakin genuenean Euskal Eskola Publikoaren Jaia Santurtzin ospatuko zela, beste erronka handi bat etorri zitzaigun gainera. Hasieran urduritasunez hartu genuen, baina berehala konturatu ginen hau ez dela ikastetxe bakar baten lana: herriko eskola publiko guztiak, familiak, irakasleak eta eragileak batera aritzen gara, bakoitzak bere aletxoa jarriz», azpimarratu du, Euskal Eskola Publikoa bera zer den ere definituz.
Hauspoa eskolari
Aipatu bezala, Santurtzin dagoen Euskal Eskola Publikoaren sarea zabala eta askotarikoa da. Izan ere, Mirabueno eta Emilia Zuza haur eskolak dituzte; Emilia Zuza, gainera, Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola ere bada, Serantes, Las Viñas eta Itsasoko Amarekin batera. Haurrak koskortzen direnean Kantauri eta Axularrera pasatzen dira, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ikastera eta, azkenik, Lanbide Heziketa egitea erabakitzen dutenek, titulazio aukera zabala dute Santurtzi LHn.
«Azken urteotan, elkarlanetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahalegin garrantzitsuak egin ditu, eskola ehundura sendoa eta aberatsa sortuz. Gainera, ezin dugu ahaztu Santurtzin eskola publikoek egindako lana azkenengo hamarkadetan euskalduntzearen alde. Gehien euskalduntzen duen sarea da eta esan beharrik ez dago hezkuntza eskaintza publikoaren %100 D eredukoa dela», adierazi zuten jaiaren aurkezpenean.
Jaia sare publikoaren arrakastak ospatzeko balioko du, baina hezkuntza komunitateak ezin ditu hainbat kontu ahaztu, eta aldarrikapena ez da faltako. Izan ere, euren ustez, «hezkuntza sistema duala eta desorekatua dugu, sare publikoa bigarren mailara baztertzen duena eta eskola segregazioa bultzatzen eta ghettoak sortzen dituena». Horren harira mintzatu zen Saray Campelo, Serantes eskolako gurasoa, jaiaren aurkezpena egin zutenean. «Ezinezkoa da pertsona aske eta berdinen gizarte bat lortzea berdintasunean oinarritutako hezkuntzarik gabe. Eta ezinezkoa da berdintasunean heztea oraindik ere diru publikoz sostengatutako sare pribatuak mantenduz, betiere eskola publikoaren kaltetan, hezkuntza pribatua berdintasunaren eta askatasunaren balioetatik urruntzen baita, beti».
Las Viñaseko zuzendariak, berriz, Santurtziko eskoletan finantzaketa falta dagoela esan digu, eta horrek ondorioak dituela: «Santurtziko hainbat zentro publikotan aspaldidanik aipatzen da azpiegiturak eguneratzeko beharra dagoela. Ez da normalean arazo bakar bat, baizik eta urteekin pilatutako hainbat behar txiki eta handi: eraikinen zaharkitzea eta mantentze lanen beharra, patio eta kanpo espazioak berritzeko beharra, energia eraginkortasuna hobetzea (leihoak, isolamendua, berokuntza…) eta beste hainbat behar», adierazi du. Hori dela eta, irakasle eta familia askok azpimarratzen dute inbertsioa ez dela soilik eraikina bera konpontzea, baizik eta «ikasleek kalitatezko ingurune duin, seguru eta motibagarri batean ikasi nahi dutela».
Garraio publikoan, hobe
Santurtzira garraio publikoan gerturatzeko deia egin dute ahal den neurrian, herrian aparkaleku gutxi daudelako. Gogoratu Bilbotik metroz joateko aukera dagoela, eta Bizkaibuseko linea pila batek Bizkaia konektatzen dutela. Hori dela eta, Bizkai kanpotik joaten direnei ere, autoz gerturatuz gero, kanpoaldeko aparkalekuetan uztea gomendatzen diete; Leioa, Etxebarri, Ibarbengoa eta Ansio disuasio aparkalekuak dira, eta metroarekin lotura zuzena dute. Etxera itzultzean, aparkalekua ordaintzerakoan, metro txartela aurkeztuz gero, prezioa sinbolikoa da.
Bestalde, herri desberdinetako eskola batzuek euren autobusak antolatu dituzte jaira modurik erosoenean gerturatu ahal izateko. Autobus horien kostua finantzatzen laguntzeko, Ehigek 200 euroko laguntza eman die ikastetxe horiei.

Tres hombres fallecen en la playa de Zurriola, el pantano de Allotz y las piscinas de Barakaldo

Laredo no es Bilbo ni menos Altsasu: el alcalde del PP reduce los ataques a «gamberradas»

Decenas de atenciones leves en Oftalmología, colas y rescates; la resaca del eclipse

Fallece un trabajador de 51 años tras indisponerse en la papelera de Iurreta


