
«Ormuzeko itsasartea ixten denean, zaurgarrienak arnasarik gabe geratzen dira». Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari orokorraren hitzak dira, eta Irango gerra hasi eta hiru hilabete beranduago, errealitate gordina da munduko herrialde pobretuen artean.
Azken egunetan gero eta albiste gehiago argitaratzen ari dira Ormuzeko itsasartea gurutzatzen ari omen diren itsasontzien inguruan. Komunikazio sistemak itzalita eta AEBren laguntzarekin egiten ari omen dira, baina hortik igarobidea irekita dagoela esatera tarte handia dago. Albisteak eta propaganda gorabehera, errealitatea da itsasarteak itxita jarraitzen duela gehienentzat. Zer esanik ez helmuga herrialde zaurgarrienetan duten itsasontzientzat.
Oinarrizko zenbaki batzuen laguntzarekin, errealitate hori lehen lerrora ekartzen saiatu da Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenerako Konferentzia (Unctad, ingelesez), aste honetan argitaratutako txosten labur batekin.
Munduko gutxien garatutako herrialdeen eta garapen bidean dauden estatu uhartetar txikien zerrendak gurutzatuta, 75 herrialde zaurgarri daudela gogorarazten du txostenak. Horietatik 65etan, ekonomia eta oinarrizko zerbitzuak inportatutako petrolioaren mende daude, eta Ormuzen itxierak kinka larrian utzi ditu. 1.000 milioi pertsona bizi dira herrialde horietan, eta ia herenak muturreko pobrezian bizi dira, eguneko hiru dolarrekin baino gutxiagorekin.
Prezioen eta zekenkeriaren gorakada
Nahiz eta azken asteetako standby egoerak prezioen igoera mugatu duen, petrolio upela duela lau hilabete baino %40 garestiago dago egun. Ez hori bakarrik. Herrialde zaurgarri horien petrolio inportazioen %2,2 soilik da erregai gordina. Gainontzeko guztia (%97,8) dagoeneko findutako produktuak dira, are nabarmenago garestitu direnak. Findegien mozkin-marjinak gora egin du AEBk eta Israelek Iranen aurkako erasoak hasi zituztenik, eta horren ondorioz, findutako produktuak petrolio gordina bera baino gehiago igo dira. Esate baterako, gasolinaren prezioak %50 egin du gora, batez beste. Horrek krisiaren kolpea areagotu baino ez du egiten herrialde zaurgarri horietan.
Prezio horiekin, aurten 2024ko kontsumoa mantenduko balute, 75 herrialde horiek 20.000 milioi dolar gehiago ordaindu beharko lituzkete. Horrek irtenbide onik ez duen bidegurutze latz batean uzten ditu estatu zaurgarrienak: edo faktura energetikoa ordaindu eta gastu sozialak murriztu, edo kontsumo energetikoa murriztu, kontsumo maila bestela ere txikia eta ezinbestekoa den herrialde batzuetan.
Beti bezala, zaurgarrien artean ere badaude mailak. Izan ere, Ormuzetik ateratzen den petrolioaren mendekotasuna handiagoa den herrialdeetan ahalegina bikoiztu egin da. Faktura igotzeaz gain, hornitzaile berriak ere bilatu behar izan dituzte. Adibide bat jartze aldera: Seychelleek inportatutako petrolioaren %99 Ormuzetik eskuratzen zuten. Beste herrialde handiago batzuen mendekotasuna ere ez da samurra. Tanzaniaren edo Ugandaren kasuan, esate baterako, kontsumitutakoaren erdia baino gehiago zetorren Persiar golkotik.

‘Helmuga, denak etxera’, la manifestación de enero de 2027 para sellar una realidad dolorosa

La Diputación de Araba sanciona a Sarrea e impide realizar campamentos en Bernedo

Aznar tilda en Bilbo al abertzalismo de «fracaso histórico» pero teme un cambio constitucional

Macrorredada en Iruñea con 28 detenidos por las protestas ante el acto de Vito Quiles

