Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘Pyrenaica’ aldizkariak ehun urte bete ditu

Alpinismoko Euskal Nafar Federazioa jaio eta bi urtera, 1926an, erakundeak mendizaleen eskura jarri zuen 'Pyrenaica' agerkariaren lehen alea. Garai haietako memoria kolektiboa gogora ekarri nahi izan dute egungo aldizkariko zuzendariak zein Euskal Mendizale Federazioak.

'Pyrenaica' aldizkariak ehun urte bete ditu 303. zenbakia argitaratuta.
'Pyrenaica' aldizkariak ehun urte bete ditu 303. zenbakia argitaratuta. (PYRENAICA)

Duela egun gutxi, kalean Gipuzkoako Mendizale Federazioko ordezkari batekin egin genuen topo eta galdetu genion ea 'Pyrenaica' aldizkariaren azken alea jaso zuen. Ezezko erantzuna eman zigun. Eta jarraian esan genion Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) komunikazio organo horrek ehun urte bete dituela. Harrituta, zera erantzun zigun: «Bada, ez nekien».

Ziur aski, egoera bera biziko dute EMFko 40.000 federatuetako askok eta askok. Azken zenbakia, 303.a, jaso dutenek ospakizun historiko horren berri izango dute. Eta jaso ez dutenek, aurretik ez badira informatu behinik behin, laster izango dute aukera.

Bai, 'Pyrenaica' aldizkariak mende bat bete du; hain zuzen, Alpinismoko Euskal-Nafar Federazioaren sorreraren mendeurrena ospatu eta bi urtera. Bi une historiko euskal mendizaletasunarentzat. Mende bat atzera egingo dugu aldizkariaren lehen urratsak ezagutzeko. Eta horretarako, Antxon Iturriza mendiko kronikari eta historialariak idatzitako 'Historia testimonial del Montañismo Vasco' bildumara (lehen liburukira) joko dugu hastapen haien berri izateko. Honakoa idatzi zuen Iturrizak: «‘Pyrenaica’-ren sorrera euskal alpinismoaren historiaren bilakaeran erabakigarria izango zen berrikuntza bat izan zen. Komunikaziorako medio komun bat izatea beharrezko elementua zen erakunde alpino handietan Alpinismoko Euskal-Nafar Federazioa (FVNA) homologatzeko. Centre Excursionista de Catalunyak 1876an sortutako “Muntanya” buletin propioa zuen. Aipatzekoa da 'Peñalara' aldizkaria ere, 1914koa, izen bereko elkartearena».

Antxon Bandres zen garai hartako Euskal Federazioko presidentea, eta Iturrizak dio haren eredua Pirinioen beste aldean zegoela, eta hortik 'Pyrenaica' izena: «Aldizkariak goi mailako mendizaletasunaren aldeko apustua aldarrikatzeaz gain, mendikatearen beste aldeko pirineismo historikoarekin identifikatzeko keinua egiten zuen, Russell kondeak 1902an argitaratu zuen liburuaren izenburua gogora ekarriz. Horrela, lehenengo aldizkaria irekitzeko artikulua Frantziar Alpinismo Klubaren (CAF) hego-mendebaldeko sekzioko presidente Saint Saudeko kondeak sinatuta agertu zen».

Pyrenaicaren lehen zuzendaria Jose Ramon Murga izan zen, Club Deportivo Bilbao taldekoa eta FVNAren intsignia ofizialaren diseinatzailea. 48 orrialdeko lehen alearen prezioa 0,50 pezetakoa zen, eta urteko harpidetza 1,50 pezetakoa. Bestalde, lehen editorialak honako hitz hauek jaso zituen: «‘Pyrenaica’ apalki dator mendiko bizitzaren intimitateak jasotzera eta gordetzera. Mendiarekiko gure debozioaren aldizkaria izango da. Handitasun literariorik gabe, guztiok idatziko dugun memoria kolektiboa izango da».

Iturrizak aipatzen duenez, edukiak gure alpinismoaren irudi puntakoena islatzearen alde egin zuen. Lehen zenbakien aurkibidean Picu Urrielluko, Mont Blanceko, Teideko, Europako mendietako eta Pirinioetako hainbat igoera, eskalada eta zeharkaldi aurki daitezke: «Abangoardiak idatzitako artikuluak dira. Hots, Etxebarrieta, Sopeña, Espinosa, Bandres... izan ziren protagonistak. Literaturarekin lotutakoak: Manuel de la Sota, Pedro Mourlane... Proiektu ausarta izan zen, FVNAk ez zuelako balizko defizitari aurre egiteko babes ekonomikorik, eta federatuen aldetik onarpen txikia izan zuen».

Horiek izan ziren 'Pyrenaica' aldizkariaren lehen urratsak. Ondoren, faxistek sortutako gerrak aldizkariaren etena behartu zuen. Gerraosteak gorabehera batzuk ekarri zituen, baina, nola edo hala, aldizkariak aurrera egin zuen. Duela hamabi urte, berriz, 'lurrikara' sortu zen Arabako Mendizale Federazioak aldizkaria borondatezkoa izatea proposatu zuenean. Eztabaida egon zen gai horren inguruan, baina EMFk Elgoibarren eginiko batzarrean proposamen hori atzera bota zen.

2026. urtera heldu gara, eta EMFko 40.000 federatuek 'Pyrenaica' puntualtasunez jasotzen dute hiru hilean behin. Banaka edo harpidetzaren bidez ere eskuratu daiteke. Era berean, gogoratu behar dugu aldizkariaren ordezkariek azken urteotan erabaki garrantzitsu bat hartu dutela: ale guztiak digitalizatu dira.

Ospakizuna 

'Pyrenaica'-ren 303. alea, jakina, monografikoa da. Mende bat gogoratzea beharrezkoa denez, artikulu eta iritzi ugari biltzen ditu. Paulo Etxeberria egungo zuzendariak, adibidez, lehen zenbakiko editorialean argitaratutako paragrafo-ideia azpimarratu nahi izan du: «Euskal mendizaletasunaren ‘memoria kolektibo’ hori aldarrikatu nahi dut lerro hauen bidez. Azken ehun urte horietan, 1.400 pertsonak baino gehiagok kolaboratu dute aldizkariaren orrialdeak hezurmamituz; artikuluak eta argazkiak eskainiz. Aldizkariaren edukia sortzeko lana borondatezkoa eta altruista izan da beti, oroitza hori guztion artean ontzeko fundazio-ideiari leialki jarraituz. Ezinezkoa da orrialde batean izen guztien zerrenda egitea, baina hementxe ondoan daukazue pertsona horien lagin zabal bat. Nire esker onena eta zintzoena guztioi, aisialdia herri baten oroimena eraikitzen eman duzuen guztioi».

1926an argitaratutako 'Pyrenaica'-ren lehen alearen azala. (PYRENAICA)

Etxeberriak gogora ekarri nahi izan du 'Pyrenaica'-ren zutabe nagusi bat ere. Profesionala ez denez, inork ez du kobratzen, aldizkaria boluntarioen lanarekin egiten da. Amateurra da. Eta, bide batez, irakurleentzat zein aldizkaria aurrera ateratzen dutenentzat hitz batzuk izan ditu: «Mendira joan eta, aldi berean, mendiari buruz irakurtzea gustatzen zaion herria da gurea. Hamarka mila irakurlek zentzua eman diote ehun urte bete berri dituen aldizkariari. Aldizkariaren zuzendaria naizen aldetik, pertsona federatuen mezu elektronikoak jasotzeak pozez betetzen nau. Sortze eta irakurtze transmisio katebegi gisa, dozenaka mendizalek aldizkariaren erredakzio taldea osatu dute; edukiak hautatu, berrikusi eta itxura emanez. ‘Pyrenaica’-ko zuzendaritzaz arduratu diren pertsonek, gainera, gurea bezalako argitalpen berezi bezain zehatza kudeatu behar izan dute, horretarako hainbat baliabide eta dedikazio pertsonal izugarria eskainiz, ziur aski».

Horrekin batera, egungo zuzendariak nabarmendu du urteurren honek duen esanahi berezia. «Ohore bat da ‘Pyrenaica’-ren gidaritzan egotea mendeurren hau bezain une garrantzitsu batean eta 303.a bezain zenbaki berezi batekin. Ale honek iraganera begiratzen du, baina baita aldizkariaren eta mendizaletasunaren etorkizunera ere».

'Pyrenaica'-ren azken aleak argi erakusten du euskal mendizaletasunaren historiarekin estu lotuta dagoen argitalpen proiektu baten jarraipena sinbolizatzen duela. Euskal Mendizale Federazioak editatua, 'Pyrenaica'-k garai bakoitzera egokitzen jakin du, formatu, hizkuntza eta publiko berrietara moldatuz, baina duela ehun urte sortu zeneko espiritua galdu gabe: mendiarekiko grina zabaltzea, partekatzea eta transmititzea. Hitz gutxitan laburbilduta, urteekin Euskal Herriko mendi kulturaren erreferentzia bihurtu da aldizkaria, eta belaunaldiz belaunaldi lagundu du alpinismoaren, mendizaletasunaren eta mendia ulertzeko eta bizitzeko modu desberdinen bilakaera.

Etxeberriak bezala, Ricardo Hernani EMFko presidenteak azpimarratu nahi izan du argitalpenak mende batean izan duen balio kolektiboa. «‘Pyrenaica’ ez litzateke ulertuko hainbat hamarkadatan zehar erreportajeak idazten, esperientziak partekatzen, argazkiak ematen, testuak zuzentzen edo zenbaki bakoitza maketatzen denbora eta ezagutza eskaini duten pertsona guztien lan altruistarik gabe. Aldizkaria mendizaletasunarekiko pasio partekatuaren eta mendizaletasuna eta kultura ulertzeko modu berezi baten emaitza da».

Hernani, Euskal Federazioko presidente izateaz gain, aldizkariko ohiko kolaboratzailea ere bada, eta lotura hori «ohore eta erantzukizun» gisa bizi du argitalpenerako hain une esanguratsuan. Hala, zenbaki bereziak 'Pyrenaica'-ren ibilbide historikoa xehatzen du, eta, belaunaldi askorentzat erreferentziazko argitalpena izanik, ehun urte hauetan aldizkaria posible egin duten pertsonen aitortza eta bere orrialdeetatik igaro diren figura garrantzitsuenetako batzuen aipamenak daude. Horrez gain, mendi aldizkariei buruzko edukiak, kolaboratzaileei eta argitalpenaren zuzendari ohiei egindako elkarrizketak, 'Pyrenaica' aldizkariak euskararekin duen konpromiso historikoari buruzko gogoetak eta mendiko unibertsoarekin lotutako hainbat erreportaje eta kolaborazio biltzen ditu.

Era berean, 303. zenbakiaren argitalpena urte luzez aldizkaria bizirik mantentzen lagundu duten kolaboratzaile, argazkilari, artikulugile, klub eta talde editorial guztien lana aitortzeko aukera ere bada.