
Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak (Fedme) Sant Marti de Tousera (Bartzolona) eraman zuen Eskaladako Espainiako Kopa. Aurreratu behar dugu zailtasuneko modalitatean jokatutako hitzordu horrek emaitza “gazi-gozoa” utzi zuela. Eta hori diogu lehia horrek World Seriesekin edo Munduko Koparekin kointziditu zuelako. Ingurumari honetako kirolari sasoikoenak Pragan izan ziren espainiar selekzioarekin lehiatzen; besteak beste, Mikel Linacisoro. Eta egoera horrek, jakina, eragina izan zuen erregulartasunaren zirkuituko bigarren proban.
200dik gora eskalatzaile bertaratu ziren deialdi berrira, eta, ohi den legez, Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioko ordezkariek ez zuten hutsik egin. Gainera, emaitzei dagokienez, Ines Allendek eta Lur Guenetxeak lortutako urreak azpimarratu behar dira.
Seniorren mailak bi aurpegi erakutsi zituen. Emakumezkoetan, adibidez, Allendek erakutsi zuen progresio ederra egiten ari dela. Oso gaztetik, kategoria ezberdinetan ibilbide oparoa egiten ari da, eta asteburuko proban, nagusien mailan, bikain jardun zuen. Sailkapenetan lehen postua sinatu eta gero, arabarra finaleko azken lehiakidea izan zen. Nahiz eta ibilbidea ez zuen kateatu, garaipen handia erdietsi zuen. Aina Vila eta Emily Pescetto bigarren eta hirugarren sailkatuak izan ziren, hurrenez hurren. Beste bi euskal ordezkari finalera sailkatu ziren: Elur Arteagak bosgarren postua sinatu zuen eta Maddi Agirrek zortzigarrena.
Gizonezkoen kategorian, berriz, oso egoera berezia eman zen. Aurreratu dugunez, Linacisoro Pragan zegoen World Seriesen lehiatzen. Hori gutxi ez, eta Espainiako Kopako bigarren proba horretan ez zen euskal lehiakiderik izan. Okerrik ezean, lehen aldia da egoera hori gertatzen dena. Joel Codina kataluniarrak irabazi zuen, Lucas Perez bigarren postuan sailkatu zen, eta Raul Escribano hirugarrenean.
Urre gehiago
Allenderen bigarren garaipena 19 urtez azpikoen mailan heldu zen. Kategoria hori seniorrekin lehiatu zen, eta, diogun bezala, gasteiztarrak irabazi zuen. Agirrek, berriz, zortzigarren postuan amaitu zuen.
Hirugarren urrea 15 urtez azpikoko Lur Guenetxeak lortu zuen. Gipuzkoarrak ez zuen batere erraza izan emaitza hori erdiesteko. Sailkapenetan, adibidez, Guenetxeak eta Iraultza Azkuek puntuetan berdindu zuten; hots, eskalatutako bi bideetan emaitza bera egin zuten. Alabaina, bi euskal eskalatzaileok bestelako egoera bizi izan zuten finalean. Guenetxeak berriro ere beste bi lehiakiderekin berdindu zuen azken fasean, baina sailkapenetan lortutako bigarren postu horri esker Espainiako Kopako bigarren proba irabazi zuen. Sebastian Fry bigarrena izan zen eta David Garrido hirugarrena. Azkuek, berriz, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Maila berean baina nesketan, Maddi Mendiburu finalera sailkatu eta zazpigarren postuarekin egin zen.
Azkenik, 17 urtez azpikoen mailan, beste euskal eskalatzaile batek aukera izan zuen finalean sartzeko: Elene Oterminek. Sailkapeneko bi bideetan lortutako puntuei esker, zortzigarren postuan sailkatu zen. Finalean, berriz, eraginkorragoa izan zen, eta, oso gutxigatik bada ere, ez zuen podiumik lortu. Lehen bost sailkatuek finaleko bidean berdindu zuten. Hortaz, sailkapenetan lortutako emaitzek postu ezberdinak banatu zituzten. Azkenean, Paula Hernadezek irabazi zuen, eta Otermin bosgarren postuarekin egin zen.

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

