
Badator Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 19. edizioa, lau urtez behin egiten den euskal kulturaren hitzordu nagusienetariko bat. Jokatu dira jada Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko, Xilaba eta Arabako txapelketak, eta bi data zehatzen artean –irailaren 19an, Hazparneko Mendealea gelan; eta abenduaren 20an, Iruñeko Nafarroa Arenan– gauzatuko da bertsozaleen unibertsoko ‘lurrikara’ berria.
Aurtengo edizioa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izenari edukia ematera datorrela dirudi. Horren irudikapena egin nahi izan dute asteartean Bilboko Kafe antzokian bildu diren ordezkariek. Ainhoa Urien, lehendakaritza taldeko kideak; Oier Iurremendi, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Udane Mugarza, txapelketako arduradunak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean izan dituzte lagun Ekaitz Elorriaga (Arabako Bertsozale Elkartea), Aritz Bidegain (Bertsularien Lagunak), Belate Olabarria (Bizkaia), Oihana Aranguren (Gipuzkoa) eta Nerea Bruño (Nafarroa).
«‘Bertsolari Txapelketa Nagusia’ deitu diogu orain arte, baina aurrerantzean ‘Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa’ izango da. Arrazoiak bi dira: herrialdez-herrialde egindako ibilbide baten azken geltokia da Euskal Herrikoa. Ziklo baten parte da. Herrialdeetan hasitako bideak bat egiten dute Euskal Herrikoan», aipatu du Iurremendik. Hau da, lurraldetasuna zehar lerroa denez, «nazio ikuspegia lehen lerrora ekartzeko borondatea ere badu honela izendatzeak», gehitu du Iurramendik.
«Bertsolaritza tradizioa da, bertsolaritza ondarea da, baina batez ere abangoardia da»
Ezer baino lehen, hemen datuak: Euskal Herriko lurralde guztietan egingo dira saioak, 15 guztira; 50 bertsolarik parte hartuko dute, horien artean, nola ez, Maialen Lujanbiok, laugarren txapelaren bila ariko baita. «2022tik sailkatuta zegoen finalisten zortzikotea eta herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako 42 bertsolari ariko dira kantuan. Bertsolariez gain, 14 gai jartzaile eta 21 epaile izango dira. 2022ko txapelketarekin alderatuta, sei bertsolari gehiago hartuko dute parte: bi Arabatik, bi Xilabatik eta bi Nafarroatik», argitu du Udane Mugarzak.
Datu adierazgarri bat ere: parte har zezakeen bertsolari guztiek izena eman dute, bai finalistek zein herrialdeetatik sailkatuek eta hori adierazgarria da oso, inork ez duelako kalerik egin. «Ez da ohikoa izaten eta aurten hala izan da», gehitu du Mugarzak.
Lehenengo fasean, beraz, 42 bertsolari izango dira kantuan: 4 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 7 Nafarroatik eta 5 Xilabatik sailkatuak. Hastapeneko fase hau irailetik urrira arte luzatuko da –Hazparneren ondoren (irailak 19), Altsasun (irailak 26), Lekeitio (irailak 27), Donapaleu (urriak 3), Tolosa (urriak 4), Gotaine-Irabarne (urriak 10) eta Agurain (urriak 11)– eta gero, jarraian, finalaurrekoak jokatuko dira Larraun-Lekunberri (urriak 24), Eibar (urriak 31), Gernika-Lumo (azaroak 7), Biarritz (azaroak 14), Donostia (azaroak 21), Gasteiz (azaroak 28) eta Bilbon (abenduak 5). Finala, Nafarroa Arenan izango da, 2022ko aldian bezala.
Bonuak eta saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an, 10.00etan, jarriko dira salgai bertsosarrera.eus helbidean eta elkarteko bazkideek finalerako erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra.
«Txapelketa bozgorailu handia da. Hedadura handikoa eta ubera uzten duena»
«Txapelketa gaur egun elkartearen sustapen saileko proiektua da, bertso plazen ehunekorik txikiena hartzen duena. Txapelketaz gain, ari baikara bestelako eremuetan ere, izan hezkuntzan, izan ikerketan, izan plaza desberdinen sustapenean», azpimarratu nahi izan du Ainhoa Urienek. «Eta bertsolaritza txapelketatik haratago dela esan berri dut, baina izan txapelketa bozgorailu handia da. Hedadura handikoa eta ubera uzten duena. Txapelketa transmisiorako gako da, bertsozaletzeko amu eta atxikimendurako tresna. Horrek euskararen eta kulturaren ekosistema osoan ohiartzuna eta eragina du».
«Bertsolaritzak gure egunerokoari kantatzen dio», gehitu nahi izan du Iurramendik. «Pertsonok inguratzen eta zeharkatzen gaituen horri buruz dihardu bertsolariak eguneroko plazan. Eta txapelketa da horren erakusleiho handiena. Udazkenean, beraz, mapan kokatu nahi dugu bertsoa, kultura eta euskara, baita Bertsozale elkartearen balio diren lurraldetasuna, belaunaldien artekotasuna eta feminismoa ere –gehitu du–. Uste dugu baduela premia gure gizarteak horretarako, kulturaren bitartez eta euskaraz guri buruz kantatzeko, hain zuzen ere. Bertsolaritzak ezinbesteko funtzio bat betetzen du horretan. eta gure ingurua eraldatzen duen moduan eraldatzen da bertsolaritza gure inguruarekin batera. Bertsolaritzak beharrezkoa du mugimendu hori eta egokitzeko gaitasuna ukaezina da. Bertsolaritza tradizioa da, bertsolaritza ondarea da, baina batez ere abangoardia da».

Indurain lo da todo y un poco más en el surrealista y multitudinario encierro de la villavesa

Dos niños y su madre fallecen ahogados en la presa de Erronkari

Peligrosísima embestida de Jandilla en el Ayuntamiento y dos cornadas

Las familias replican al CD Las Llanas: no se les informó de la visita a la Guardia Civil

