Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Everesteko udaberriko denboraldiak ez du inor epel utzi

Beste urte batez, munduko mendi garaieneko emaitzek datu oso adierazgarriak utzi dituzte. Denera, 1.008 mendizalek tontora erdietsi dute; soilik zazpik ez dute oxigeno gehigarririk erabili. Bestalde, sei egun desagertuta egon ondoren, Hillary Dawa Xerpa bizirik aurkitu zuten.

Hankak ez dituen Rustam Nabiev errusiarra Everesteko tontorrean.
Hankak ez dituen Rustam Nabiev errusiarra Everesteko tontorrean. (Rustam NABIEV)

Himalaiako udaberriko denboraldia amaitu berri da, eta, ohi den bezala, Everestek foku gehienak bereganatu ditu. Batzuek ohiko esaldia aldarrikatu dute: «Zaharrak berri». Neurri batean, munduko mendi garaienean gertatu denak esaldi horrekin bat egiten du, baina, era berean, Everestek informazio iturri izaten jarraitzen du.

Lehenik eta behin esan behar dugu, denera, 1.008 igoera izan direla. Guztiak ala guztiak hegoaldeko isurialdetik; hots, Nepaldik. Izan ere, Txinak “ateak” itxi zituen iparraldeko aurpegitik edo Tibetetik eskalatzeko. Masifikazio horrek isla izan du errekor batean: Everestek inoizko tontor kopuru handiena jaso du. Nahiz eta oraindik ez dagoen erabat baieztatuta, soilik zazpi mendizalek ez zuten oxigeno gehigarririk erabili gailurra zapaltzeko. Honakoak dira: Fred Tipan, Marcelo Segovia, Bartek Ziemski, Kristin Harila, Nirma Purja, Chunqui Yan eta Nikol Kovalchuk. Aurreko kronika batean aipatu genuen Ziemskik Everest eta Lhotse eskalatu eta eskiatu zituela O2 gabe. Lau mendizale Triple Crown edo Khumbuko hiru gailur nagusien xedearekin egin dira. Harila (Lhotsen O2 erabili zuen), Ngo Hai Son eta Nima Xerpa (denak oxigenoarekin) eta Purja (hiruretan laguntzarik gabe).

Errekor gehiago. Kami Rita Xerpak udaberriko sasoi horren ondoren, 32 igoera pilatu ditu. Bat gutxiago du Pasang Dawa Xerpak; aurten bitan izan da tontor horretan. Emakumezkoen artean, kopuru handiena Lhakpa Xerpak du: 11 igoera. Eta Kenton Cool britainiarrak 20. Den-denek, gidari lanetan jarduten dute.

Bestalde, azpimarratzeko modukoa da bi hankak ez dituen Rustam Nabiev errusiarraren eskalada: Everest besoen laguntzarekin eskalatu du. Eta Viorel Stirbu errusiarra gai izan da 75 urterekin 8.848 metroko kota hori erdiesteko.

FKT

Bien bitartean, Tyler Andrews ultrarunner estatubatuarrak Everesteko abiadura errekor berria ezarri du. Kanpaleku nagusia eta gailurra lotzeko 9 ordu eta 55 minutu behar izan ditu. Alabaina, Fastest Known Time (FKT) edo ezagutzen den denbora azkarrenaren errekor horrek zalaparta handia sortu du; izan ere, Andrewsek oxigeno artifiziala erabili du.

Estatubatuarrak bi ekinaldi egin ditu denboraldi honetan. Lehenbizikoan huts egin zuen; bigarrenean, ordea, arrakastarekin egin da. Oxigeno botila bigarren kanpalekutik (6. 400 m) aurrera erabili zuen 4 litro minutuko fluxuarekin. 

FKT kontzeptuari dagokionez, gogoratu behar dugu munduan dagoen erreferentzia nagusiak (fastestknowntimes.com), ñabardura gutxi batzuk tarteko, ez duela O2ren erabilera debekatzen. Andrewsen taldeak erregistro hori balioztatua izateko “laguntza” kategoriari heldu dio.

Biziraupena

Hillary Dawa Xerpari Everesten gertatu zaiona berezia izan da. Denboraldia amaitzen ari zela, mendi gidari hori desagertu zen. Sei egun haren berririk jaso gabe egon ondoren, senitartekoek zein ingurukoek hilda zegoela baieztatu zuten. Baina senitartekoak hileta prestatzen ari zirela, joan den 4an, Khumbuko glaziar erraldoi puskatuan arrastaka agertu zen.

Nepalgo berri-emaileek adierazi dute Hillary Dawa Xerpa bezero poloniar batentzat gidari lanetan zegoela. Tontorretik urrun zirela, kondizio oso txarretan hasi zuten jaitsiera: haizea, hotza eta nekea. Hirugarren kanpalekuan Chris Thrall britainiarrarekin topo egin zuten. Azken honek poloniarra lagundu zuen: “Itxaropena nuen mendi gidaria bere kabuz jaisteko gaitasuna zuela”. 

Hortik aurrera nepaldararen inguruko berriak eten ziren. Kanpaleku nagusira bezeroarekin heldu ez zela ikusi zutenean, alarmak piztu ziren. Helikoptero bat saiatu zen Hillary Dawa Xerpa aurkitzen, baina lan horiek ez zuten emaitza egokirik izan. 

Khumbuko glaziarretik gertu bizirik aurkitu zutenean, mendi gidariak esan zuen lehen kanpalekutik (5.600 m) gertu arrakala batean erori eta bizkar-zakua eta botak galdu zituela. Bi egun eta erdi artesi horretatik irten gabe egon zen; gainera, janari gutxirekin. Elurteek zein elur-jausi txiki batek arrakala hori bete zuten, eta egoera horri esker mendi gidariak aukera izan zuen egoera horretatik onik ateratzeko.

Hala nola, arrastaka, Khumbuko glaziarraren sarrerara heldu zen. Ingurumari hartan ibilbide klasikoaren azpiegitura eta hondakinak erretiratzen jarduten duen Sagarmatha Pollution Control Committee elkarteko langileek gizabanako baten irudi bat antzeman zuten. Hurbildu eta Hillary Dawa Xerpa, bizirik, egoera oso kaskarrean aurkitu zuten.