Espetxea beti da espetxe. Baieztapen horretatik abiatuta egin dugu Zubietako espetxe berrira bisita, ostegun honetarako hedabideentzat prestatutako aurkezpenean. Alfredo Gomez zentroko zuzendariak «hiri egitura» duen zentroa dela nabarmendu du eta Maria Jesus San Jose Lakuako Justizia eta Giza Eskubideen Sailburuak gehitu du Zubietarekin «euskal espetxe eredua finkatzeko urrats garrantzitsua eman dugu, segurtasuna eta gizarteratzea ez dira helburu kontrajarriak, eta bizikidetzan oinarrituta egingo dugu bidea». Presoak hurrengo astean lekualdatzea espero dute, eta zuzendariak argitu du «goiz bateko edo egun bateko» lana izango dela.
400 pertsonentzat lekua du Zubietako espetxeak, eta 255 profesional izango ditu, Martuteneko edukiera nabarmen handitu da, bertan, joan den otsailean 260 pertsona baitzeuden, eta horietatik 130 kanpora irteteko erregimenean. Sei modulutan banatutako espetxea da, eta kanpokaldean funtzionamendu autonomoa duen Gipuzkoako Gizarteratze Zentro bat du (CIS gazteleraz).
Espetxe ondoko CIS delakoan 50 zelda bikoitz daude eta 100 lagun har ditzakete beraz; egun 40-50 dira erregimen irekian direnak
Azken instalazio honetan 50 zelda bikoitz daude, ikasgelak, liburutegia eta gimnasioa duen okupazio-gune bat, baita mediko eta erizainen asistentzia eremua. Zentroko zuzendariak adierazi du Martutenen 40-50 pertsona zeudela gauean espetxera itzultzen direnak, eta kasu honetan edukiera hori handitu dela. Espetxe eskumena Lakuara lekualdatzerakoan jakinarazi zuten helburutzat hartu zutela espetxe erregimen irekian dauden kopuruak gora egitea, eta baliabide hauek horretarako bide eman dezakete.
Espetxe barruko paretetan barrena sartu aurretik, bada esanguratsua den datu bat: tokia bera. Martutene hiriaren parte zen heinean garraio publikoaren bidez joan zitezkeen hirugarren gradukoak beren ikasketak gauzatzera edota lanera; baita senide eta lagunak bisitetara ere. Kasu honetan Zubietan dago kokatuta espetxea, Lasarteko erdigunetik lau kilometro baino gehiagora, eta ez dago garraio publikorik. Horren inguruan galdetuta, Gomez zuzendariak erantzun du hori Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren ardura eta eskumena dela.
«Lakuak apustua egin du sistema gizatiarrago baten alde, gizarteratzera bideratuta. Gizarte bat seguruagoa da berriro erortzea ekidin eta aukera berrien alde egiten duenean», azaldu du San Josek. Eta horretarako eraiki dutela espetxe eredu «modernoago» bat, «beren bizi proiektua errazago eraiki dezaten».
Espetxe Zerbitzuko zuzendari Pablo Maria Martinez Larburuk «bizikidetza bermatu eta delitu bat egiten duten pertsonengan benetako aldaketa bat sortzeko aukera emateko» zentzuan sortua dela eredu hau kontatu du.
Formakuntzarako aukera gehiago
Bere esanetan ezberdintasun handienetako bat programa ezberdinak izango dituela da. Izan ere, bizikidetzarako espazio hobeak dituela azpimarratu dute, prestakuntza. Eta enplegurako aukera gehiago eta esku hartze pertsonalizatuagoak eginez: «Helburua da askatasunaz gabetutako pertsonek zigorrak duintasunez betetzea, banakako esku-hartzearen bidez eta pertsonan zentratuta».
Espetxearen ardatz nagusia plaza handi bat da, eta horrek lotzen ditu eraikin nagusiak. Bizitegi-guneak sei modulutan banatuta daude, modulu bakoitzak 40 ziega bikoitz ditu eta ziega bakoitzak bere komuna eta dutxa. Emakumezkoentzako modulua da modulu espezifikoetako bat, 24 zelda dituu horrek eta amentzako solairu propio batekin; solairu horretan bakarkako lau ziega daude, eta sukalde zein jolastoki propioak ditu.
Amentzako solairuan kolore gehiago sumatu badaitezke ere, espetxearen kolore nagusia zuria da, xehetasun berdeekin. Bi industria pabiloi daude prestakuntzarako, hiru tailerretan banatuta; sukaldaritzan trebatzeko pabiloi bat, ile apainketan trebatzeko beste bat eta hirugarrena eraikuntza lanetarakoa da.
«Formakuntza ezinbestekoa da gizarteratzeko», baieztatu du Gomezek, eta ikasketei dagozkionez Zubietan dauden baliabideen berri eman du. Lanbidek kudeatutako ‘Aukerak’ Gizarteratzearen Euskal Agentziak kudeatzen ditu horietako batzuk, hala nola, sukaldeak, garbitegia eta instalazioak, ekoizpen-tailerrak eta irteera profesionalak dituzten sektoreak sustatzen dituztenak. Zuzendariak gehitu du EHUrekin zein UNEDekin lankidetzan ari direla unibertsitateko ikasketak ere egin ahal izateko.
Baliabideen artean anbulatorioa nabarmentzen da, «edozein herrietakoa bezalakoa, Osakidetzak kudeatua, Osakidetzako langileekin»
Badago liburutegia, eta kultura zein kirol gune berriek duten garrantzia azpimarratu dute bisitan. Kirol-pista, gimnasioa, aldagelak eta auditorioa dira nagusienetako bat, eta baita kanpokaldean propio eraiki duten frontoia ere.
Anbulatorioa ere jadanik prest dago, makina guztiak bertan daude eta argitu dute Osakidetzak kudeatuko duela, «edozein herrietako anbulatorio bat bezalakoa da, Osakidetzak kudeatua, Osakidetzako langileekin».
Komunikazioen eraikina sartze gunean dago, eta bertan bisitetarako 16 mintzaleku, epaile eta ebokatuekin hitz egiteko lau mintzaleku eta senideentzako zazpi bisita gela daude, bisita intimoetarako, berriz, zazpi gela.
Martutenerekin alderatuta espazio askoz gehiago eta teknologia berriagoekin ornituta. Baliabide hauek presoek espetxe barneko bizitza «modu duinagoan» egin ahal izatea ahalbidetuko duela ondorioztatu du espetxeko zuzendariak zein Lakuako Giza Eskubideen Sailburuak. Zalantzarik ez dago Martuteneko zahartutako ziegetatik aldea badagoela, baina espetxea «hiri egiturako espazio» gisa salduta ere, beti da espetxe.

Peiremans+ taldeak zazpi kontzertu eskainiko ditu abenduan, aurreko diskotik hamar urtera

El exalcalde de Iruñea Enrique Maya denuncia haber sufrido una agresión en Alde Zaharra

Zupiria comparte la denuncia de «exclusión» de GKS firmada por 450 artistas vascos

Investigan a la iglesia Vida Nueva de Ziritza por tres denuncias de tortura





















