Ahots ezagunen atzean dauden aktore anonimoak: bikoiztaileak

Ekainaren 12a, bikoiztaileen nazioarteko eguna, pertsonaia askori haien ahotsa uzten dieten aktoreak omentzeko data da. Bikoizketan eta hau irakasten dabil Kiko Jauregi, eta haren ikaslea izan zen Igone Gonzalez. Ezkutuko bi aktoreek bide ezberdina badute ere, euskaraz eta maitasunez egin dute.

Kiko Jauregi Binahi akademiako sortzailea, aktorea eta bikoiztailea lanean.
Kiko Jauregi Binahi akademiako sortzailea, aktorea eta bikoiztailea lanean. (Andoni Canellada | FOKU)

Telesail, film eta ikus-entzunezkoen mundu honetan katez kate saltoka aritzean, edo plataformatik plataformara nabigatzean, ahotsen itsaso batean murgiltzea ohikoa da, baina horiengan arreta ez jartzea are ohikoagoa. Gaur egun, ingelesez, gaztelaniaz, japonieraz edota beste atzerriko hizkuntza batean sortutako proiektuak euskaraz kontsumitzeko aukera zabala dago, eta hori euskarazko bizkoiztaileek egindako lanaren erakusle da.

Ezkutuko lan honen nazioarteko eguna da ekainaren 12a, Bikoizketaren Nazioarteko Eguna. Pertsonaiei modu profesionalean ahotsa jartzen dieten pertsona guztiei omenaldia egiteko asmoz sortutakoa. Hala ere, gaur egungo adimen artifizialaren aurrerapenak beldurra sortzen hasi da profesional hauen artean.

Zer da ordea bikoiztaile bat? Binahi interpretazio eta bikoizketa akademiako sortzaileetako batek, Kiko Jauregik, azaldu du aktoreak direla: «Gu finean aktoreak gara, hala ere, ez ditugu pertsonaiak zerotik sortzen, sortutako baten gainean egiten dugu lan». Gehitu du teknika espezifikoak ikasten dituztela bikoizketetarako, baina interpretazioa jakitea beharrezkoa dela.

Ahotsarekin lan egiten duen beste aktore bat da Igone Gonzalez, Binahien ikasitako bikoiztailea. Kontatu du interpretazioa eta antzerkia oso gustuko zituelako eta txikia zenetik interesatu izan zaiolako, 2018an hasi zuela bere bidea bikoizketan: «Haurra nintzela beti interesatu zitzaidan bikoizketa, eta batxilergoan hasi nintzen informazio bila, garai horretan ez baitzegoen askorik». Binahi akademiarekin egin zuen topo orduan, eta unibertsitateko ikasketak alde batera utzi ondoren, lanean ari zen bitartean hasi zen bikoizketa ikasten.

Haren irakaslea izan zen Kiko Jauregi, ordurarte lan honetan denbora zeraman aktore, bikoizle eta bikoizketa zuzendaria. Jauregiren bidea luzea da ikus-etzunezkoetan, hala ere, argitu du soldaduska egiten ari zela izan zuela bikoizketa ikastaro baten berri, bertan izena eman eta egitekoak amaitu zituenean hasi zela horretan. «Eresoinkan hasi nintzen ikasten eta ziurtatu ziguten ikasketak bukatutakoan lanera bideratuko gintuztela une horretan zegoen lan kargagatik», esan du denboran atzera eginez.

Beraz, ikasketak amaitu eta jarraian hasi zen Jauregi lanean. «EITBren sorrerarekin batera hasi ginen gu bikoizketan, orduan, lan asko izan genuen eduki asko baitzegoen euskararatzeko», dio Jauregik. Une hartan hasi zen filmetako, dokumentaletako, telesailetako eta marrazki bizidunetako pertsonaia ezberdinei bere ahotsa uzten.

Jauregiren eskuetatik pasa ondoren izan zuen bere lehen froga egiteko aukera Gonzalezek, eta bere ikaskide batzuekin batera saiatu zen lan egiteko bidean pausu hori ematen. «Ikaskideekin batera aurkeztu nintzen frogara; nahiz eta sentsazio arraroekin atera nintzen, lanerako deia jaso nuen, eta ordutik bikoiztaile profesionala naiz. Dagoeneko bost urte daramatzat lan eder honetan», aitortu du Igone Gonzalezek.

Bata bestearen irakasle izan da, eta Gonzalezek hitz onak besterik ez ditu Binahi akademiaren eta haren irakasle Kikorentzat: «Asko ikasi dut Kikorekin, oso ondo pasa izan dut klasean eta hori ere izan da bikoizketak ni harrapatzeko arrazoietako bat». Haren irakasleak argi du, bikoizketa ondo egin ahal izateko lasai sentitzea eta gozatzea bi klabe garrantzitsu dira. Esan du bere esperientzia ez zela halakoa izan, eta Binahi sortu zuen unean argi zuela toki eroso bat eraiki nahi zuela, jendeak gozatu zezan eta jendea aske izan zedin.

Igone Gonzalez bikoiztailea proiektu berri batean lanean. (Andoni Canellada | FOKU))

Lehen urratsetatik aurrera 

Hori horrela, eta Kiko Jauregi Goenkale telesailean lanean ari zela ohartu zen hutsune nabarmena zegoela Euskal Herrian aktore txikien eta figuranteen formakuntzan, baita bikoizketaren irakaskuntzan ere. Hutsune horri erantzunez akademiak ateak ireki zituen, eta txikitik handira lan egin dute.

«Urteen ondoren, orain, batik bat bikoizketak du garrantzia gure akademian, eta duela gutxi hasi gara bikoizketa musikala lantzen, Disney produktorak egiten dituen filmetan lan egin ahal izateko», ezagutarazi du Jauregik. 

«Ondo irakurtzen ikasten denean hasten da bat ondo bikoizten ikasten, sinkronizazioa eta ahoskerak ikastea ez baitira ematen duten bezain zailak»

Bikoizketa ikasteko prozesuan lasaitasuna eta gozatzea garrantzitsuak badira ere, alor teknikoa kontuan hartuz badira beste hainbat atal garrantzitsu bi profesionalen ustetan: «Garrantzia handia du gidoia esanez irakurtzeak, hau da, aurrean izaten dugun gidoia irakurtzen ari bagara ere, ez dadila igarri», azpimarratu du Gonzalezek. Bere irakasleak hori berretsi du, eta bere iritzia emanez dio gaizki irakatsi izan digutela altuan irakurtzen eta zaila izaten dela ohitura horiek galtzea. 

«Ondo irakurtzen ikasten denean hasten da bat ondo bikoizten ikasten, sinkronizazioa eta ahoskerak ikastea ez baitira ematen duten bezain zailak», aitortu du irakasleak. Ikasketa prozesu eta era ezberdinak izan dituzte, eta gaur egun ere eginean eta eginean ikasten jarraitzen dutela diote bi profesionalek.

Bakoitzak bere bideari jarraika, bi bikoiztaileek lana egiteko aukera dute gaur egun proiektu ezberdinetan ahotsa jarriz, bai euskaraz, bai eta gaztelaniaz ere. Dena den, biek dute euskara lehen hizkuntzatzat, hala ziurtatu du Igone Gonzalezek: «Gaztelaniaz noizbehin zerbait txikia egitea tokatu zait, baina nik lanaren %99a euskaraz egiten dut». 

Honekin bat egin du haren irakasleak, eta kontatu du azken denboran ingelesezko telesail bat gaztelaniara bikoizten eta honen bikoizketa zuzentzen aritu bada ere, euskarazko edukiak egiten dituela maiztasun handiz: «Nire hizkuntza bikoizketan euskara da, eta lana dagoen bitartean hala izaten jarraituko du».

Egoera desberdinak

Biak ala biak gaur egun lanean ari badira ere, bakoitzak bizitako egoera ezberdina izan da euskarazko bikoizketa momentu ezberdinetan ezagutu baitute. «Esan bezala, ni edukiak euskararatzeko beharra zegoenean hasi nitzen lanean, goizez eta arratsaldez egiten genuen lan, ia egunero. Lan asko zegoen egiteko, baina horiek amaitzen joan ziren, eta pixkanaka lan eskaintza gutxitzen ari zela ohartu ginen», kontatu du Binahiko sortzaileak.

Lana gutxiagotzen joan zen eta pixkanaka hutsune bat sortzen hasi zen bikoizketako profesionalentzat, euskarazko bizkoizleentzat batik bat. Euskaraz sortutako edukiak egon bazeuden ere, beste hizkuntzetatik euskarara itzultzeko edukien eskaintza asko txikitu zen urte batzuetan zehar. Lege berri baten sorrerak eta euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma berrien sorrerak ordea, lan pixka bat gehiago izateko aukera eman diela azaldu du bikoiztaile gazteak. 

«2021. urtean, oker ez banago, ikus-entzunezko legea sartu zen indarren eta eta horri esker plataformak behartuta zeuden portzentaia txiki bat euskaraz eskaintzera, oso txikia zen, baina zerbait zen», aitortu du Igonek. Honekin batera, urte pare bat beranduago, euskarazko edukia zabaltzeko plataforma berriak sortu zituen EITBk eta honek ere lan gehigarria eman diela gehitu du Gonzalezek».

«Film eta telesail batzuk euskararatzen ditugu plataforma hauetan eskuragarri jartzeko, eta batik bat marrazki bizidunak bizkoizten ditugu, haurrek edukia izateko»

Aukera berriak

2023. urtean Primeran plataformak ikusi zuen argia, euskara eta euskal ikus-entzunezko edukiak mundu osoan zabaltzeko asmoz sorturikoa. 2024ean Makusi sortu zuten, haur eta gazteentzako euskarazko plataforma. Bi eremu berri, lehendik zegoen euskarazko edukia argitaratzeko, baita eduki berria sortu eta zabaltzeko esparruak. 

Sorrera horiekin bikoiztaile gazteek lan eskaintza gehiago izateko aukerak sortu zirela azaldu du Gonzalezek. «Film eta telesail batzuk euskararatzen ditugu plataforma hauetan eskuragarri jartzeko, eta batik bat marrazki bizidunak bizkoizten ditugu, haurrek edukia izateko», dio gazteak. 

Lanean ari badira ere, hutsune nabarmen bat dagoela aitortu du Kiko Jauregik: haur eta gazteek euskarazko erreferente gehiago behar dituztela. «Garai batean Dragoi Bola bat edo Shin Chan bat eredu ziren euskaraz, eta iruditzen zait orain ez dagoela halakorik», esan du.

Horri erantzuteko asmoz, 2022. urtean ikus-entzunezkoen legea jarri zuten indarrean Espainiar Estatuan. Honen arabera besteak beste, RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskara, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskaini behar ditu, edota streaming plataformek jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu behar dituzte katalogoetan. 

Legeak hori badio ere, 2023an Kontseiluak, Pantailak Euskarazek eta Hekimenek salatu zuten ez zirela horiek betetzen ari, eta beharra zegoela legea errepasatzeko. 

Ageriko hutsune gehiago ere badaudela aitortu du Kiko Jauregik, adibide nagusia konbeniorik eza da: «Elkarte ezberdinak ditugu Euskal Herrian bikoizketaren munduan, baina ez bagara denak konbenio bat bilatzeko elkartzen, hutsuneak hor jarraituko du».

«Oso ezaguna egin da eta asko entzun dugu azkenaldian adimen artifizialaren berri; gure kasuan ordea arrisku bat izan daiteke etorkizunean»

Garai berriak, beldur berriak

Bikoiztaileen lan egoeran hobekuntza beharra dagoela berretsi dute bi profesionalek, baita beldur berri bat sortu zaiela konfesatu ere. «Oso ezaguna egin da eta asko entzun dugu azkenaldian adimen artifizialaren berri; gure kasuan ordea arrisku bat izan daiteke etorkizunean», dio Gonzalezek. 

Azken urteetan adimen artifizialak bere tokia hartu duen honetan, hainbat aplikazio sortu dira eta horietako batzuk ahotsen klonazioa erabiltzen dute bikoizketak egiteko edota lokuzioak sortzeko. Euskaraz ere teknologia hauek aurrera pausoak ematen ari dira eta bikoiztaileei kezka eta beldurra sortzen die.

«Ni teknologietan ez naiz trebea eta ez nekien asko gaiaren inguruan, baina, ikertzen hasi nintzen momentuan beldurra eman zidan etorkizunean pentsatzeak», kontatu du bikoizketako irakasleak.

Igone Gonzalezek bat egin du ardura honekin, baina poztasun pixka bat gehitu du oraingoz ikusleak bata eta beste desberdintzeko gai delako eta sareetan haien desadostasuna adierazten duelako: «Oraingoz nabari da AA denean, eta pozgarria da sareetan jendea horrelako gauzak salatzen irakurtzea, esperantza pizten du». Hala ere, bi bikoiztaileek bat egiten dute horrelako teknologien aurrean erregulazio baten beharra dagoela defendatzerako orduan. 

Bikoizketaren mundua ezkutuan dago askotan, eta horrek eragin dezake hutsune edo behar batzuen erantzunak itxaroten jarraitu behar izatea, edota beste toki batzuetatik borrokatzen saiatzea. Aktore anonimo horietako askok aldiz, nahiago dute isileko lana egiten jarraitu, Jauregi horietako bat: «Lanbide hau ederra da, eta maite dut ematen duen anonimotasuna eta horrek dakarren lasaitasuna».