
Itziar Agirre Sagasetak bere lehen liburua du ‘Honekin egin nahi duzuna’. Ostiral goiz honetan aurkeztu dute Donostia Kultura IX. Poesia sariduna, Balea Zuriaren eskutik argia ikusi duena.
«Lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz». Honela iritzi diote epaimahaikideek. Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi izan dira kideak.
Azken honek egin dizkio liburuari edizio lanak eta ondoan izan du idazleak prentsaurrekoan. «Pozgarria da, eta azpimarratzekoa» bere esanetan, DK Poesia Saria bederatzigarren ediziora iritsi izana «batez ere, ikusten duzunean lehiaketa honetan saritutako hainbat egilek idazten eta publikatzen jarraitzen dutela, ibilbide bat egiten ari direla».
Liburu ez ohikoa da. Hala adierazi du. «Gure garaian sarritan jorratzen den gorputzaren gaiari ihes egiten diona. Gogoetara jotzen du, galderak egitera, denboraz eta nongotasunaz hausnartzera. Mugak interesatzen zaizkio Agirreri, mugen inguruko bidegurutzeak. Muga fisikoak eta ikus ezin daitezkeenak. Poemetan sarritan agertzen dira paretak, etxea, paisaia… Zerura ere begiratzera ausartzen da, aspaldian egin ez den bezala. Baina zeru hori ere muga kontzeptuaren osagai bat da. Eta muga horien barnean, harremanak, memoria eta belaunaldien arteko elkarrizketa dira nagusi. Maila lokaletik abiatzen da poeta, baina ez bere eskualdean, Malerrekan, geratzeko, hortik mundura irekitzeko baizik. Sorterri hori beste zerbaiten abiapuntua da, munduan egoteko eta munduari begiratzeko modu bat».
Etxekotze horretan, bere bailarako euskarara jotzen du, gertuko hitzetara. «John Berger edota Bernardo Atxagaren aipuak dakartza liburuak. Eta ez kasualitatez. Begiratzeko modu horrek izateko modu bat ere barnebiltzen du. Ez da bakarrik hizkera jakin baten kolorea, urte mordoa duen ondare bat baizik, atzetik datozenek herentzian utzitakoa. Hortik abiatzen da poeta, ‘zeri deitu etxe?’, bezalako galderak eginez, munduan bere lekua bilatuz, paisaiaren nortasuna aldarrikatuz», gaineratu du editoreak.
Hasieran izenburu luzeagoa zuen liburuak, eta apur bat laburragoa den honetara ekarri dute. «‘Zeri deitu etxe’ izan zitekeen izenburu aproposa, baina Itziarrek ‘Honekin egin nahi duzuna’ jarri dio. Opari bat eta askatasunerako aukera ematen dio irakurleari».
Ideia hauxe aipatu du egileak. «Izenburuak dioen bezala, egin nahi duzuena», zuzendu zaie irakurleei. Hausnarketa eta buruhauste askoren» emaitza da. «Barneko korapiloa askatu dut baina ez dut erantzunik. Irakurlearen erantzukizuna da. Agian nik bezala ulertuko du ala ez».
«Nire herriak eta kulturak presentzia handia du. Nahi gabe gertatu da, natural atera zait», azaldu du.
Saria motibazio bezala hartu du Agirre Sarasetak. «Kristoren aukera da liburua ateratzea», esan du. Poema solteak idatzi ditu eta elkar josteko hariaren bila aritu da ondoren. «Liburuan landutako gai orokorra denbora da», argitu du.
Balea Zuriaren liburuetan ohikoa den bezala, azaleko irudia Imanol Larrinagak egin du. «Ohikoa ez dena da Imanolek irakurri egiten dituela liburuak azala egin aurretik, eta liburu horien interpretazio piktorikoa egiten duela, bai azalari dagokionez, bai kontrazalari dagokionez ere», azaldu du Gorrotxategik.
Aurrera begira idazten jarraituko duen galdetuta, «gogoa badut segitzeko baina nahiago dut ez esan, ez dakit zer gertatuko den», Agirre Sagasetaren erantzuna.
Donamarian, 2001ean jaioa, Irakasletzako Masterra egiten ari da Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean, eta euskara irakasle gisa lan egiten du Iruñean. 2022an, egile berrientzako XXXII. literatura lehiaketan aipamen berezia jaso zuen ‘Sartu ez dena ezin atera’ lanagatik.
Egilea zuzenean ikusteko aukera izango da ekainaren 18an, iluntzeko 19.00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.
Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak DK Poesia Lehiaketa. ‘Letrak, etzanez’ liburua finalista suertatu zen.

«Puta», grabado en la espalda con un cúter; el detenido ha quedado libre

Muere una joven que resultó herida en la sokamuturra de Lodosa

Ruidosas memorias del pionero y alternativo punk euskaldun

La Policía Municipal abate a un vecino de Hondarribia y la comunidad senegalesa pide «justicia»

