NAIZ

[4] Hondamendi klimatikoaz harago, utopiak irudikatzeko garaia

Errazagoa omen da, aipu ezagunaren arabera, munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera baino. Honi buelta emateko, Alba Garmendia filosofoak eta Beñat Irasuegi kooperatibistak utopien garrantziaz eta solarpunk mugimenduaz hitz egin dute ‘Petroherria’ podcastaren laugarren atalean.

«Utopiaren faltan, hondamendia bakarrik irudikatu dezakegula dirudi». Jon Urzelaik jarri du gaia, ohi bezala, eta Alba Garmendia filosofo eta Ikaztegietako alkateak eta Beñat Irasuegi kooperatibistak eman dituzte argudioak, adibideak eta utopiak.

Azken hauek izan ditu ikerketagai Garmendiak, eta bi balio nagusi ikusten dizkio, Galeanoren aiputik harago. «Gaur egungo munduari kritika egiten dioten heinean, horren inguruan hausnartzeko» tresna dira utopiak, baina ez bakarrik, «ekintzara bideratzeko ere» balio dutela aldarrikatzen baitu.

Irasuegik Solarpunk mugimendu eta kontzeptua jarri du mahai gainean. Etorkizun distopikoak elikatzen dituzten zientzia fikzioen aurrean, naturarekin armonian bizi den etorkizun utopikoa lantzen du solarpunk-ak, oparotasunaren banaketa demokratikoa eta politika ekologikoak ardatz dituena.

Horren inguruan, kezka agertu du Irasuegik, izan ere, oparotasun banatu horren iruditeriari prentsa txarra ikusten baitio. Ñabardura jarri dio Garmendiak: «Denak hobe biziko garen ideia hori matizatu daiteke, gizonak okerxeago eta kapitalista handiak ere okerxeago biziko direlako.