Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Asteburu bero-beroa trail runningeko euskal hitzordu ofizialentzat

Eneritz Aramendik eta Anartz Artolak irabazi dute T3T maratoia. Irati Azkargorta eta Asier Labairu, berriz, Camillen Extreme lasterketan izan dira azkarrenak. Eta Ardibidepikua Bertikalean, Leti Bullido eta Aitor Ugarte gailendu dira.

Anartz Artolak garaipen handia lortu du T3T maratoian.
Anartz Artolak garaipen handia lortu du T3T maratoian. (Anartz ARTOLA)

Izenburuan aipatzen dugun bezala, atzean utzi dugun asteburua oso-oso beroa izan da. Gainera, bi ikuspuntutik aztertuta. Lehenak ez du aitzakiarik: bero sargoriak markatu ditu lasterketa guztiak. Eta bigarrenik: Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek hainbat lehiaketa ofizial antolatu dituzte.

Tolosako 3 Tontorrak maratoiak emango dio hasiera kronikari. 42 kilometro eta 2.800 metroko desnibela dituen lasterketa horrek Euskal Herriko Taldekako Txapelketa eta Euskal Kopako bosgarren etapa jaso zituen. 342 korrikalarik eskualde horretako hiru tontor lotu behar izan zituzten: Erroizpe, Uzturre eta Hernio. Nesken kategorian, batez ere lehen kilometroetan, Eneritz Aramendiren eta Maddalen Jimenezen arteko lehia estua bizi izan zen. 18. kilometroan (Uzturre), Aramendi probaren buru jarri eta arazorik gabe Tolosara lehen postuan heldu zen. Azpeitiarrak 5:24:51 denbora markatu zuen. Jimenez bigarena izan zen 3 minutu eta 25 segundora, eta Irati Ortiz de Anda hirugarrena 5 minutu eta 38 segundora.

Anartz Artolak garaipen handia sinatu zuen mutilen kategorian. Zegama-Aizkorri maratoian 21.ena izan ondoren eta Ereñotzuko etxeko lasterketa irabazi eta gero, hernaniarrak erakutsi zuen oso sasoiko heldu zela T3T maratoira. Jon Durana, Ander Iñarra eta Ander Jauregirekin nor baino nor aritu zen, baina beste martxa bat sartu eta Artola lehena izan zen helmuga puntuan 4:15:20 kronoarekin. Duranari minutu bat eta 41 segundoko aldea atera zion, eta Iñarrari 2 minutu eta 4 segundo. Aramendirentzat eta Iñarrarentzat izan zen euskal kopako bosgarren proba. Taldekako euskal txapelak, berriz, Soronea-Amma CMO Valves (neskak) eta Aiaramendi (mutilak) taldeek jantzi zituzten.

Izaba

Bien bitartean, Nafarroako herri horretako Adi-Ike kirol elkarteak antolatutako Ardibidepikua Bertikala eta Camille Extreme hitzordu ofizialak izan ziren. Lehenbizikoa Euskal Herriko Txapelketarako eta Nafarroako Taldekako Txapelketarako baliagarriak izan ziren. 130 lasterkari lehiatu ziren 3,2 kilometro eta 800 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean. Izaba eta Larratzako tontorra (1.587 m) lotu zituzten. Lasterketari dagokionez, Leti Bullido (42:03) eta Aitor Ugarte (31:04) gailendu ziren. Garazi Abasolo eta Aitor Ajuria bigarrenak izan ziren, eta Ruth Aldea eta Aritz Unamuno hirugarrenak. Euskal Mendizale Federazioko Txapelketa Abasolorentzat eta Ugarterentzat izan zen. Maria Irigoyen eta Imanol Goñi Nafarroako Txapelketarekin egin dira.

Camille Extreme Nafarroako Kopako ‘geltokia’ izan zen. 530 korrikalarik aurre egin behar izan zioten ibilbide zorrotz bati: 32 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa. Ezkaurreko gailurra puntu garaiena izan zuten.

Irati Azkargortak menderatu zuen nesken kategoria. Sasoi ederra erakutsi eta helmuga puntuan 3:56:19 denbora markatu zuen. Iturmendiko lasterkariak bigarren sailkatuari, Uxue Loizuri, 4 minutu eta 29 segundoko aldea atera zion. Garazi Abasolok hirugarren postua sinatu zuen.

Bestalde, mutilen mailan, Asier Labairuk irabazi zuen. Iruindarrak Ezkaurreko igoeran beste martxa bat jarri, atzekoei aldea atera eta amaiera arte tarte horri eutsi zion. Labairuk 3:13:41 denbora egin zuen. Ibai Urrutia bigaren postuan helmugaratu zen 4 minutu eta 26 segundora, eta Aritz Kortazar hirugarrenean 6 minutu eta 4 segundora.

Fedme

Euskal Herritik Avilara egingo dugu salto; izan ere, Mendi Kiroletako eta Eskalako Espainiako Federazioak (Fedme) ultra distantziako hitzorduei amaiera eman zien. Desafio Galayos lasterketak (60 km) Espainiako Kopako azken etapa eta Espainiako Taldekako Txapelketa jaso zituen. Azken lehiaketa horri dagokionez, euskal taldeak protagonistak izan ziren.

Proba, berez, Sonia Lopezek eta Raul Ortizek irabazi zuten. Mutiletan, Igor Olalde zazpigarren postuan sailkatu zen, Ion Azpiroz zortzigarrenean eta Unai Dorronsoro hamargarrenean. Sandra Sevillano euskal neska azkarrena izan zen; hirugarren postua sinatu zuen. 

Soronea-Amma CMO Valves taldekako nesken kategorian gailendu zen. Grupo Alpino Benalmadenak irabazi zuen mutiletan, bigarrena Soronea-Amma CMO Valvesek zilarra lortu zuen eta Zortzietakoak-Gaikar elkarteak brontzea.