«Zinez desio dut Palestinarekin zerikusirik ez duten liburuak idaztea, baina ezin dut»
Karim Kattanen (Jerusalmen, 1989) ‘L'Éden à l'aube’ eleberria itzuli du gaztelerara Txalaparta argitaletxeak. Isaac eta Gabrielen maitasun istorioa okupazioak eta indarkeriak zeharkatzen ditu. Suntsiketa normalizatu beharrean, egunerokotasunean eta barne bizitzen konplexutasunean jarri du arreta.

Bartzelonan izan zara aurreko egunetan 'El Edén al alba' aurkezten, orain Iruñean eta ostean Madrilen. Zer moduzko harrera ari zara jasotzen?
Oso pozik nago hemen egoteagatik, eta benetan eskertzen diot Txalapartari liburua itzuli izana. Baita hona etorri eta liburua publiko berriei aurkezteko aukera emateagatik ere. Nik frantsesez idazten dut, beraz ohitua nago Frantzian aurkeztera liburua. Bertan desberdina da. Hemen izan naizen tokietan, Palestinaren inguruko galderetan nabari da jendea konektatuagoa dagoela gaiarekin, gertuago dira. Haize freskoa da niretzat, ez bainago ohitua.
Izan al duzu aukerarik Cristina Lizarbe itzultzailearekin hitz egiteko?
Bai, emailak gurutzatu ditugu. Itzultzaileak beti dira zure irakurle onenak eta txarrenak aldi berean. Zure irakurlerik finenak dira beste inork ez duelako zure testua hainbesteko kemenez irakurriko. Aldi berean, irakurle okerrenak dira, hainbesteko sakontasunez irakurtzen dutenez, askotan egiten dizkizuten galderei zer erantzun ez dakizulako. Asko hitz egin genuen liburuko detaileen inguruan. 2024an kaleratu zen, beraz, zirraragarria eta bitxia da liburuaren bigarren, hirugarren eta laugarren bizitza hau ezagutzea.
«Genozidio bat jazotzen ari den arren, beti espero duzu zure eleberria suntsipenera mugatzen ez den kronologia batean islatuta geratzea. Ez nuen nahi gure hondamendiak irents zezan»
Frantsesez idatzia dago, baina hitz batzuk arabieran mantendu dituzu. Erraza al da eduki kultural hori beste hizkuntza batean transmititzea?
Eleberriaren arabera. ‘El Edén al Alba’-n badira hitz gutxi batzuk ez daudenak itzuliak, baina gutxi dira. Saiatzen naiz testua ahalik eta neurri handienean frantsesez idazten. Eta askotan, errealitate kulturalak transmititzeko egiten dudana da inoiz ezer ez azaltzea. Frantsesezko liburuan, beraz, ez duzu oin-oharrik topatuko ezer azaltzen. Izan ere, bilatzen dudana da irakurle frantsesa apur bat nahasia senti dadila testuarekin. Gero, itzulpen bakoitzak bertako errealitate kulturalaren araberako erabakiak behar ditu. Baina bai, niretzat beti da zaila frantsesez eduki kulturala txeratzeko moduak topatzea, liburuko pertsonaien hizkuntza ez baita frantsesa.
2024an argitaratua, baina 2023ko urriaren 7ko gertakarien aurretik idatzia da eleberria. Eranskinen bat eranstea edo testuan moldaketaren bat egitea pentsatu zenuen, baina azkenean ez zenuen egin. Zergatik?
Kontu zaila izan zen, eta, zintzoa izanda, uste dut nire inguruko lagun askok, adibidez idazle palestinarren kasuan, denok galdera berari egin behar izan geniola aurre eta pertsona bakoitzak erantzun bat eskaini zuela. Aldaketarik ez egitea erabaki nuen, genozidio bat jazotzen ari den arren, beti espero duzulako zure eleberria suntsipenera mugatzen ez den kronologia batean islatuta geratzea. Horregatik, uste dut garrantzitsua zela niretzat errealitateari heltzea, noski, baina ez soilik orain, baita denbora-esparru zabalago batean ere. Ez nuen nahi gure hondamendiak irents zezan.
Mendebaldeko komunikabideen sistema eta haren isiltasuna kritikatu dituzu. Parisen bizi zara orain. Gazako eta Palestinako sarraskia iritsi den muturreko puntura iritsita, ezberdintasunik sumatu duzu ala itsu jarraitzen dugu oraindik?
Frantziako errealitateaz zehazki hitz egiten dut normalean bertan bizi naizelako. Frantsesa ere banaiz eta hori da ezagutzen dudana. Hemen hangoarekin oso desberdinak diren gauzak topatzen ari naiz. Baina Frantzian oraindik oso zaila dena ez da isiltasuna gainditzea, jende eta hedabide askok zabalduko dutelako gertatzen dena. Afera da ez ditugula ekintza politiko egokiak gauzatzen. Adibidez, ez dago santziorik, ezta oinarrizkoenak ere. Tarteka politikariren batek esango du Gazan gertatzen ari dena, Israel Gazan eta Zisjordanian egiten ari dena, izugarria dela. Baina ez dute ezer egingo. Beraz, uste dut hori dela arazoa. Kasu honetan mendebaldar gisa, ikusi nahi dugunaren edo ez dugunaren arazoa ez ezik, ikusten dugunaren eta egiten dugunaren arteko deskonexioa ere badago. Eta Israel ez dugu zigortzen gauza bera egiten duen beste herrialde bat zigortuko genukeen modu berean.
«Mendebaldar gisa, ikusi nahi dugunaren edo ez dugunaren arazoa ez ezik, ikusten dugunaren eta egiten dugunaren arteko deskonexioa ere badago»
‘Equaltimes’ hedabideari emandako elkarrizketa batean mundu mailako idazleen artean sumin gutxi sumatzen zenuela hausnartzen zenuen.
Idazle asko dago konpromiso handiarekin eta palestinarrekin lan handia egiten dutenak. Baita Frantzian ere, asko dira. Ez dakit zein den hemengo kasua, baina Frantzian idazlearen figura oso garrantzitsua da. Kritikatzen nuena garai hartan, orain Frantzian kontua asko aldatu delako, bestelakoa da. Idazleei beti galdetzen zaie haien iritziagatik, politikaren inguruan edo dena delakoa. Baina kontua zen, haien iritzia ematea hainbeste maite duten idazle horiek, isiltzen ziren une bakarra gai honekin zela. Hori zen nire arazoa. Iritzirik ematen ez badute oro har, ados, ez dute iritzirik ematen eta kitto. Baina kontua zen hori zela haien puntu itsua. Eta horrek haserretzen ninduen. Gaur egun halere esango nuke idazle gehienak Frantzian gertatzen ari denarekiko apur bat sentikorrak direla gutxienez, eta hori hasieran ez zen gertatzen.
Eta zerk uste duzu aldatu duela haien pentsaera?
Puntu batera iritsita, eta bi urtez zuzeneko genozidio bat ikusten egon ostean, gutxienean kontuak kezkatzen zaituenaren plantak egin behar dituzu. Zintzoki esanda uste dut jende askok ez zekiela nola erreakzionatu, denbora behar zuten, eta baita ere nolabaiteko pedagogia, hezkuntza edo informazio gehiagorako sarbidea. Hau ni naiz eskuzabala izaten. Baina uste dut egia dela aldi berean. Komunikabide asko palestinarren aurka daudela esaten jarraitzen dugu. Eta hori egia da, ez dira denak, baina bai asko. Hori baldin bada kasua, orduan pentsatu behar dugu nola hurbildu eta nola helarazi informazio egokia sarbiderik ez duen jendeari. Oso lagungarria izan daiteke.
«Akaso arduratsuena oreka topatzea da: pertsona erabat politikoa eta politikan aktiboa izatea, baina literaturari ere lekua egitea. Ez dut uste kontraesankorrak direnik, baina elkarrekin joan behar dira modu sotilean»
Zein da orduan idazle edo artista baten eginkizuna gerra eta gatazka testuinguru batean?
Zinez desio dut Palestinarekin zerikusirik ez duten liburuak idatzi ahal izatea. Eta ez hitz egin behar izatea horren inguruan. Baina noski, ezin dut. Ezin dut, palestinarra naizelako. Une honetan ez, baina ni okupaziopean bizi izan naiz, okupaziopean hazi naiz, okupazioaren mehatxupean bizi naiz. Nire jendea eta kideak Gazan bonbardatzen ari dira, gosez hiltzen dira eta erailak izaten ari dira.
Galdera konplikatua da eta uste dut erantzun bat baino gehiago dagoela. Baina nire eleberrien kasuan, noski politikoak direla, eleberri guztiak hala direlako, baina ez dira politikoak prentsan idazten dudan zentzu berean. Zutabe bat idazten dudanean uneari lotua dago. Zuzena da, soila, argia. Baina eleberri batean ez zenuke argia izan beharko. Nobela bat literatura, zalantza eta halako gauza garrantzitsuen eremua da. Erantzuteko galdera zailena nire ustez da zer egin behar den eleberriak idazteko luxua eta denbora duzunean. Eta akaso arduratsuena oreka topatzea da: pertsona erabat politikoa eta politikan aktiboa izatea, baina literaturari ere lekua egitea. Ez dut uste kontraesankorrak direnik, baina elkarrekin joan behar dira modu sotilean.
Eleberria bi gizonen, Isaac eta Gabrielen, arteko maitasun istorioa da. Homosexualitatea eta mundu arabiarra. Uste duzu mendebaldeko begirada batetik oposizioan edo kontraesanean ulertzen diren gauzak direla?
Bai, noski baietz. Eta egiazki ez da hala. LGTBQ edo queer historia luzea dago, herritar askoren istorioak ditugu eta baita artearekin eta literaturarekin harremana dutenak ere. Beraz, zentzu horretan, nire liburuak ez du ezer berezirik. Ez da salbuespena. Akaso berezia dena eta egiten saiatzen naizena da ez dela homofobiaren inguruko galderarik planteatzen, ez da galderarik egiten orokorrean. Ez da eleberriaren muina. Eleberria beste zerbaiten inguruan datza eta pertsonaien queertasuna ez da inoiz gaia. Liburua irakurtzen duzunean, hori da topatzen duzun mundua, eta mundu horretako pertsonaien singulartasuna hori da. Hori oso garrantzitsua zen niretzat. Adibidez, bi pertsonaiek topo egiten dutenean inoiz ez dute galdetzen ia bestea ere gaya den ala ez. Galdera hori, besterik gabe, ez da existitzen. Queertasunaren naturaltasun hori oso garrantzitsua zen niretzat.
Izan daiteke desira erresistentziarako modu bat?
Ah, ez dakit. Uste dut interesgarri zaidana dela desira batzuetan kontrolatu ezin duzun zerbait dela, baina oso naturala dela aldi berean. Iturburu baten gisakoa da, etengabeko bizi-froga. Eta akaso etengabeko bizitzaren iturburu hori erresistentzia modu bat da bere horretan. Bizitzako gainerako kontuak erresistentzia diren bezala, baita erresistentzia politikoaren kasuan ere. Beraz bai, agian desioa, kozinatzea, musika edo beste kontu asko bezala, erresistentzia moduak dira.
Lirika ia melodiko batek eta tonu mistiko edo magiko batek zeharkatzen ditu eleberria. Eta horrekin batera, elementu garrantzitsuenetako bat akaso palestinarren egunerokotasuna erakusten zaigula da. Errutinak, ohiturak... Beharrezkoa al da indarkeria, okupazioa edo gerra ez diren terminoetan hitz egitea Palestinaren inguruan?
Bai eta ez. Bai, zalantzarik gabe, ezin dugulako gertatzen ari dena ukatu. Eta ezin diogulako dokumentatzeari, testigantzak biltzeari eta errealitatea erakusteari utzi. Oso garrantzitsua da. Eta ez, zerbait suntsipenean kokatzen duzunean etengabean, normalizatu egin daitekeelako. Batzuetan ikusten dut jendeari kosta egiten zaiola imajinatzea palestinar bat, bera bezala, pertsona bat dela. Pertsona arrunta da, bere ohitura eta halakoekin, bai, baina baita desioekin ere. Eta batzuk onak dira eta besteak gaiztoak, gizaki oro gisa. Ulerkera hori agian desagertu egiten da suntsipenari garrantzia ematerakoan.
Barne-bizitzen konplexutasuna ere desagertu egiten da. Nire pertsonaiek barne-bizitza konplikatuak dituzte. Hori da guztia. Kontraesankorrak dira, ez dakite zer nahi duten. Zuk edo nik bezala. Nik ez dakit inoiz zer nahi dudan. Ez dute munduaren inguruko ikuskera argi bat. Eta niretzako hori garrantzitsua da eleberrian. Pertsonaiak apur bat galduta daude, denok galduta gauden modu berean.

Igor Uriarte preso ohi gasteiztarra zendu da

Cuatro detenidos, militares con simbología nazi agredidos y diversos altercados en la final

Ertzaintzaren «bortizkeria eta jazarpen poliziala» salatu dute Donostiako Karmengo jaietan

Los nacionalistas somos todos unos desubicados


