
Jakinek, Zegamako Udalak eta Joxe Azurmendi Katedrak antolatuta, datorren uztailaren 4an, bere jaioterrian omenaldia egingo zaio Joxe Azurmendiri (Zegama, 1941eko martxoaren 19a – Donostia, 2025eko uztailaren 1a). Bi zati nagusi izango ditu: Azurmendiren ekarpenari buruzko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia.
10.00etan hasiko da Azurmendiren ekarpena aletzeko jardunaldia, Zegamako Gaztelekuan Hasteko, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak hartuko du hitza, katedraren bilakaeraz, oinarriez eta egitasmoez aritzeko. Ondoren, Alaitz Aizpuru Joaristi, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Mikel Urdangarin Irastorza NAIZko kazetaria Joxe Azurmendiren ekarpenaz arituko dira, Haritz Azurmendi Arruek gidatuta. Hiru hizlariak arituak dira pentsalari zegamarraren ekarpenaren inguruan gogoetatzen.
Alde batetik, Aizpuru (Azpeitia, 1983) Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Joxe Azurmendiren eta Txillardegiren ekarpena eta gerraosteko euskal abertzaletasuna ikertu ditu berariaz. Gai horien bueltako hainbat artikulu eta lan egin ditu; besteak beste, 2019ko ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresuan hartu zuen parte, ‘Azurmendi, historia-memoria gaur eta hemen’ hitzaldiarekin, eta Azurmendiri omenaldi kolektiboa egiten dion Jakin-en 269-270. zenbakian hartu zuen parte ‘Hizkuntza giltza denean‘ artikuluarekin.
Bestetik, Retolaza (Donostia, 1977) Euskal Filologian lizentziaduna da, literatur kritikaria eta literatur ikertzailea. Emagin elkarteko kidea da, eta 2012tik aurrera Donostiako Emakumeen Etxean bi irakurle-talde gidatzen ditu: bata, euskal literaturaren ingurukoa; bestea, pentsamendu feministaren ingurukoa. Hain zuzen ere, Azurmendik bere obran jorratutako ideia eta ardatzak lantzen ditu Retolazak, eta pentsalari zegamarraren irakurle izan da urte luzez. Jakin 269-270: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbakian hartu zuen parte ‘Pentsamendu bitarraz beste‘ artikuluarekin.
Azkenik, Urdangarin (Beasain, 1994). Filosofian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta doktorea EHUko Joxe Azurmendi Katedraren baitan egindako tesiarekin. Bere ikerketa lerro nagusia subjektu ereduak dira, buruaskitasuna, zaurgarritasuna eta interdependentzia landuz, besteak beste. Zehazki, Joxe Azurmendiren gizabere kooperatiboa eta feminismoetatik mahaigaineratutako subjektu eredu zaurgarri eta interdependentea konparatzen ari da, indibiduo buruaskiari kritika egin eta komunean den subjektua marrazteko. ‘Besteak beste Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan’ liburua argitaratu zuen 2024an, eta ‘Jakin 269-270: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi’ zenbakian hartu zuen parte, ‘Joxe Azurmendi hil da, baina haren obra ez‘ artikuluarekin.
Hitzaldien ondoren, omenaldi ekitaldiaren txanda izango da Udaletxe alboko plazan. Bertan parte hartuko dute herriko abesbatzak eta dantzariek, eta bertso musikatuak ere izango dira. Eguerdiko 12.30ean egingo da, Zegamako udaletxe alboko plazan.

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

«Guk nahi dugun jai eredua lortzeko hau da bide bakarra»

Detenidas 14 personas por desórdenes públicos en la última noche de Aste Nagusia de Bilbo

Hernani y Errenteria responden con hechos a las insinuaciones de Insausti sobre el sinhogarismo
