NAIZ

Garraiolari andoaindar bat hil da lanean, bero kolpeak jota

56 urteko garraiolari andoaindar bat hil da Burgosen kamioian zeraman karga ateratzen ari zela bero kolpeak jota. LABek salatu du garraioaren sektorean bereziki handia izaten dela istripu hilgarrien kopurua eta neurriak hartu behar direla. Elkarretaratzea deitu du intersindikalak astelehenerako.

Intersindikalaren elkarretaratze bat, artxiboko irudia.
Intersindikalaren elkarretaratze bat, artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bero kolpeak jota, M.M.J., 56 urteko gizonezko andoaindar bat, hil da Burgosen zamalanetan ari zela ostiral honetan, kamioian zeraman karga ateratzen ari zela tenperatura altuaren ondorioz shock multiorganikoa izan duela adierazi du LAB sindikatuak.

Astelehenerako elkarretaratzea egingo dela jakinarazi du, Donostian egingo da Lakuaren eraikinaren aurrean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute.

Euskal Herrian dagoeneko 36 pertsona hil direla lanean zebiltzala salatu du LABek, eta gaineratu du «garraioaren sektorean bereziki handia» izaten dela istripu hilgarrien kopuruak. Berriro ere azpimarratu du lan baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean: «Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetze; bestalde, administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten». 

Sindikatuak adierazi du egunotako muturreko beroa aintzat hartuta «are premiazkoagoa» dela prebentzio neurriak «zorrotz betetzen direla egiaztatzea». Osasun arazoak izateko arriskua handitzen bada ere, «patronalari mozkinak langileen osasunaren gainetik jartzea ahalbidetzen dioten instituzioek halakoak zaintzeko ipintzen dituzten baliabideak, argi eta garbi, eskasegiak dira» LABen arabera. 

Gogoratu du bero handiaren aurrean enpresek protokoloak atibatu behar dituztela, eta beharrezkoa bada lan-jarduera eten egin behar dela.