Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Sam Stroh eta Frantisek D’Agostino gazteek lurrikara sortu dute Yosemiten

25 urteko bi eskalatzaileok hiru bide era librean sinatu dituzte: 'El Niño' (8a+, 823 m) eta 'Golden Gate' (7c+, 914 m) eta 'Father Time' (8a, 611 m). Yosemiteko VI maila duten hiru lerroak bi astean igotzeko gai izan dira.

Strohk eta D’Agostinok ekarpen ederra egin berri dute Yosemiten.
Strohk eta D’Agostinok ekarpen ederra egin berri dute Yosemiten. (Daniel TEITELBAUM)

Yosemiteko udaberriko denboraldiak ateak itxi zituenean, gure begiradak batez ere jarduera batera zuzendu ziren. Bi gazte dira Kaliforniako haran horretako hormatzarretan nolabaiteko lurrikara sortu dutenak: Sam Stroh estatubatuarra eta Frantisek D’Agostino txekiarra. Biek ala biek 25 urte dituzte, baina erakutsi dute egundoko gaitasuna dutela eskaladaren tenplu horretan ekarpenak egiteko. 

Maiatzaren 2tik 14ra, Yosemiteko VI mailako hiru bide era askean igo zituzten: 'El Niño' (8a+, 823 m), 'Golden Gate' (7c+, 914 m) eta “Father Time” (8a, 611 m). Lehenbiziko bi lerroak Kapitainen kokatuta daude, eta hirugarrena Middle Cathedral Rocken. Hortaz gain, oso gutxigatik bada ere, ez zuten aukerarik izan igoera guztiak egunean egiteko. 'Golden Gate'-k, adibidez, 26 orduko eskalada eskatu zien. Irakurtzen den bezala, harrigarria da gazteok lortu duten arrakasta. Gogoratu behar dugu bide horiek librean eta egun batean igotzea eskalatzaile oso gutxik lortu dutela.

Jarduera handi horren berri jakiteko D’Agostinorengana jo dugu, eta NAIZi adierazi dio lehen helburua, 'El Niño', librean eta egunean eskalatzea zela. Xede hori aurretik soilik lau eskalatzailek zuten: Sonny Trotterrek, Alex Honnoldek, Bret Gobrightek eta Seb Berthek. Maiatzaren 4an, gazteok gauez hasi ziren eskalatzen eta 24 ordu baino gutxiagoan igoera hori biribildu zuten. Aurretik sei egun eman zituzten luze guztiak probatzen. Beste egun batean gailurretik rappelatu eta goiko sekzio batzuetan 'sekretuak' askatzen izan ziren. Azken ekinaldiak 18 ordu eta 21 minutu eskatu zizkien. Biek ala biek luze guztiak librean egin zituzten. Bidearen giltza (5,13c edo 8a+) sokaburu egin zuten eta beste luzeetan aldatzen joan ziren.

Igoeraren inguruan, eskalatzaile txekiarrak esan du zalantzak zituztela: «Hasiera larri baten ondoren, non Samek bi erorketa izan zituen lehen luzean, erritmo egokia aurkitu eta ez genuen arazo handirik izan. Nire kasuan bi erorketa baino ez nituen izan luze errazagoetan. Gau epel eta ederra izan zen, ilargi betea gure bidean diz-diz. Primeran pasatu genuen elkarrekin eskalatzen, musika entzuten, ogitartekoez gozatzen eta azkenean egunsenti loriatsu bat ikusten!».

Gogora dezagun 'El Niño' oso ezaguna dela plaka arriskutsuak eta arrokaren kalitate bikaina dituelako. Kapitaineko ibilbide luzeenetarikoa izateaz gain, dituen 26 luzeetatik 14 zazpigarren mailatik gora daude. Lehenbiziko erronka handia 'The Black Dike' izeneko plaka labainkorra da. Txekiarrak aipatu duenez, sekzio horretan sokaburu joan zen, eta metro horiek gainditu eta erritmo egokia lortu zuten. Hamabi ordu geroago, gaua heldu eta kopetako-argiak piztu behar izan zituzten. Goizeko ordu bietatik  lauetara logurak harrapatu zituen. Nolabaiteko etena hartu zuten; izan ere, ordura arte, atseden hartzeko leku egokirik ez zuten izan. Baina aurrera egin eta 18 ordu eta 21 minutuko eskalada egin eta gero, Kapitaineko tontorrean ziren.

Stroh (ezkerra) eta D’Agostino gazteek sasoi bikaina erakutsi dute. (Daniel TEITELBAUM)

Nahiz eta lan eskerga egin zuten, D’Agostinok berak aitortu du 'fresko' amaitu zutela eta bigarren helburuari begira jarri zirela: «Harrituta geratu ginen. Gorputza oso ondo egokitu zen esfortzu orduetara, eta pentsatu genuen pena izango zela ez aprobetxatzea. 'Golden Gate' probatzea erabaki genuen. Alde handi batekin: oraingoan ez genuen bidea aldez aurretik probatuko. Behetik hasi ginen, inolako prestakuntzarik gabe».

Hirukoitza

Lau egun geroago, bi gazteok Kapitaineko oinarrira abiatu ziren: 'Golden Gate' (7c+, 900m, 34 luze) zain zuten. Stroh estatubatuarrak 2022an eskalatu zuen Adrian Vanonirekin batera. D’Agostinok, berriz, 2022an igo zuen 'Freerider'. Beraz, 'Alcove' erlaitzetik (hormaren erdia) gora, ukitu gabeko metroak ziren txekiarrarentzat.

D’Agostinok onartu du bi marra horietan bizitako eskarmentua ezberdina izan dela: «26 luze ditu 'El Niño'-k; 'Golden Gate'-k, berriz, 38. Alde handia dago, eta uste dut arlo hori pixka bat gutxietsi egin genuela. Bukatu den udaberri denboraldiko lehenbiziko eskalatzaileak izan ginen ibilbide horretan. Bakar-bakarrik geunden, eta, gainera, normalean eskalatzaileek heldulekuetan uzten dituzten magnesio markak ez zeuden. Horregatik ibilbidea bilatzen gogor jardun genuen. Alabaina, benetako esperientzia izan da niretzat, eta abentura handia ere!».

Maiatzaren 8an, 22 orduko esfortzuaren ondoren, bi gazteok 'Tower of People' sekziora iritsi ziren. Neka-neka eginda, eguzki betean eta berandu; 'Golden Gate'-k duen luze ospetsuaren, 'A5 Traverse'-ren (7c+), aurrean zeuden. Bazekiten helduleku nimiñoak eta oinetako laguntza txikiak dituela, baina, prest ziren den-dena emateko.

D’Agostinok esan du zeharkaldi edo luze horretan hainbat ekinaldi egin zituztela era askean sinatu ahal izateko: «Nahiz eta neka-neka egon, aurrera jarraitzeko borondate irmoa genuen. Laugarren ahaleginean erori nintzen, eta pentsatu nuen agian amaitu egingo zela. Baina handik gutxira Samek mirariz kateatu zuen luze hori, bere erritmo lasaia aurkituz. Oso inspiratuta nengoen eta banekien azken saiakera bat egin behar nuela; beraz, dena eman eta bilgunean berriro elkartu ginen. Nik ere ez nuen erorikorik izan. Sinestezina zen, ezin genuen sinetsi».

Borroka handia egin ostean, bikoteak azken luzeak gainditu eta, oso gutxigatik bada ere, ez zuten egunean sinatu. Mugikorraren bateria agortu zitzaienez, ezin izan dute denbora zehatza eskaini. Halere, diote 26 orduko eskalada izan zela. 

Eskalatzaile txekiarrak adierazi du bi igoera horiek zeharo ezberdinak izan zirela: «Lehenbizikoan nahiko fresko sentitu ginen. Amaitu eta egun osoa genuen jaisteko. Klima ederraren laguntzarekin gozatu handia hartu genuen gailurrean. Erromantikoa izan zen. 'Golden Gate'-eko amaieran, berriz, erabat leher eginda geunden. Azken hiru luzeak, teorian errazak direnak, karranpa beldurgarriekin eskalatu genituen muskulu guztietan. Geratzen zitzaizkigun azken indarrekin. Pozgarria izan zen, noski, baina, batez ere, lasaigarria izan zen gehiago eskalatu behar ez genuelako. Zalantzarik gabe, nire bizitzako eskalada egunik onena izan zen».

Eskalatzaile txekiarra 'El Niño' ibilbidean sokaburu. (Daniel TEITELBAUM)

Gorputzak eta buruak hala eskatuta, atseden hartu zuten; hain zuzen ere, lau egun beste horma handi batera joan aurretik. Mikey Shaeferren ibilbide mitiko bat izan zen hirugarren eta azken helburua: Middle Cathedralen dagoen 'Father Time' (8a, 650 m 20 luze). Ia egun osoan itzalpean egoten denez, maiatzaren 14an, goizean goiz hasi ziren eskalatzen. Gaueko hamaiketan, ilunpetan, lan guztiak amaitu zituzten. Berriro ere, biek ala biek librean igo zuten.

Azken eskalada horri dagokionez, txekiarrak esan du lasai samar hurbildu zirela, hots, ia presiorik gabe: «Gure helburu nagusia igoera ona eta elkarrekin ondo pasatzea zen. Egin dudan granitozko eskaladarik onenetako bat izan da. Arroka eta mugimendu bikainak ditu: kalitate aparta benetan. Nahiko nekatuta sentitu nintzen, nahi baino gehiago estutu behar izan nuen, baina ibilbideak merezi zuen. Ez da batere erraza, batez ere 'Index 11d' deituriko azken luze gordina. Pozik nago eginiko lanarekin, haranari agur esateko modu bikaina izan zen».