
2027ko Ibilaldia Santurtzin egingo da, maiatzaren 30ean, Bihotz Gaztea Ikastolaren eskutik. Hala iragarri da gaur Bilboko Plaza Berrian izandako prentsaurrekoan, Bizkaiko ikastolen jaialdi nagusiaren 47. edizioaren xehetasunak emanez. Udalerria berriz ere Ibilaldiaren epizentro bihurtuko da, 2018an izan zen bezala.
Urtez urte bezala, Ibilaldiak bere funtsezko helburuei eutsiko die: «Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea».
Maiatzaren 30ean ospatuko den jaiak «familiak, lagunak eta herritarrak euskararen inguruan elkartzea» izango du helburu, eta euskal kultura Bizkaiko eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko asmoa berretsi dute antolatzaileek.
Hala ere, antolatzaileen esanetan, jaia ez da egun bakarrera mugatzen, «baizik eta urte osoan zehar garatzen den proiektu kolektiboa da».
Bihotz Gaztea Ikastola
Bihotz Gaztea Ikastolak sei hamarkadako ibilbidea egin du Santurtzin. Euskal Herriko hainbat herritan bezala, 1960ko hamarkadan ikastolen sorrera eta antolaketa indartu zen, eta herriko hainbat gurasoren eskutik sortu zen «euskal kulturan oinarritutako hezkuntza euskalduna eskaintzeko helburuarekin».
60 urtetan hainbat egoitza izan ditu ikastolak, gaur eguneko Donibane auzunean egonkortu arte.
«60 urte hauetan gora behera dexente bizi izan ditu ikastolak, momentu gazi eta gozoak uztartuz. Garai konplexuenetako bat 1993koa izan zen, Buesa legearen ezarpenarekin. Orduan hezkuntza proiektua administrazioaren esku utzi edo eta herri egitasmo gisa jarraitzearen artean hautatu behar izan zuen ikastolak. Arrisku guztiak bere gain hartuz, herri proiektu gisa jarraitzearen aldeko hautua egin zuen. Horretarako, kooperatiba gisa eratu eta langile eta familiak bazkide ziren egitura sortu zen», adierazi du Ikastolak.
2027ko Ibilaldiari «gogotsu» ekin diote antolatzaileek, Santurtzin «euskara eta euskal kulturaren akuilu izango diren ekintzak antolatu eta ikastolaren proiektuari bultzada emateko baliabideak lortzeko helburuarekin».
Leloa eta logoa
‘Bagan boga’ izango du lelotzat 27ko Ibilaldi honek. Itsas-kulturaren metafora da: «Baga olatua da, eta Boga aurrera egiteko ekintza. Ibilaldia Santurtziko bazterrak zipriztinduko dituen euskararen olatua dela adierazten du, eta gu guztiok garela olatu horretan arraun egiten dugunak. “Boga” egitea ez da arraun egitea soilik; familiak, ikasleak eta herria norabide berean eta sinkronizatuta aritzea da. Santurtziko indarra batasunean dagoela aldarrikatzen du», azaldu dute gaurko aurkezpenean.

Bestalde, logoaren diseinua egiteko irizpideak hauek izan dira: Serantes mendia irudikatzen du; olatua, abrako itsasadarra adierazten du; eta trainera, Santurtzin arraunak duen tradizioa islatzen du.

Familias de Sestao presentan quejas por la visita de un campus infantil a la Guardia Civil

Lakua intenta recoger cable después de que la consejera Pedrosa señalara a dos correctores

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del corrector; claves para entender lo ocurrido en la PAU

La ridícula idea de acelerar el tiempo
