
Jendetza bildu da Bilbo, Donostia eta Gasteizko EHUren campusetan euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialari erantzuteko. Unibertsitatera Sartzeko Probetan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak euskararen aurkako oldarraldia hezkuntzara hedatzeko baliatu dela salatu du Kontseiluak eta milaka lagunek bat egin dute horrekin: ikasleek, irakasleek, gurasoek...
Ohar batean Kontseiluak salatu zutenez, «gertakari honek argi erakusten du botere judizialaren aldetik gertatzen ari den euskararen gutxiespen sistematikoa, euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren meneko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz. Halaber, horri gehitu behar zaio gaur egun EAEko hezkuntzan indarrean dagoen hizkuntza-ereduen sistemak milaka ikasle gutxieneko euskara maila lortzetik kanpo uzten dituela».
Honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, ‘Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat’ lelopean hiru elkarretaratzerako deia egin zuen. Mobilizazioak 12.00etan izan dira Bilboko EHUren Ingeniaritza Eskolaren aurrean (San Mames parean), Donostiako EHUren Karlos Santamaria Zentroaren atarian, eta Gasteizko EHUren Letren Fakultateko sarreran.
Bertaratu direnek botere judizialaren oldarraldia eta «euskararen gutxiespen sistematikoa» salatu dute; eta «hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta ikasle guztiak, berdintasunean, euskararen jabe egitea bermatuko duen euskarazko ikasteredu orokortuaren alde» egin dute. «Euskara larrialdian dagoen honetan», normalizazio eta biziberritzean aurrera egin dela esan dute.

Mobilizazioei atxikimendua eman dioten eragileak honakoak izan dira: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, Euskal Herriko Ikastolak, BIGE eta Denon Eskola federazioak, IAS eta Ikama ikasle antolakundeak, eta EHUren Leioako, Gasteizko eta Donostiako campusetako euskara taldeak.
Donostiako elkarretaratzean, ehunka lagunen artean ziren irakasle, ikasle, euskalzale eta elkarretaratzearekin bat egin duten eragileetako kideak. Zita baino ordu erdi lehenago hasi dira lehenak elkartzen, eta pixkanaka Karlos Santamaria Zentroaren atariko eskailerak betetzen hasi dira. Elkar agurtzen zutenen artean gaiarekiko ezinegona eta haserrea nabaria zen. Elkarrizketetan entzun zitezkeen «hau onartezina da» edota «honi erantzun bat ematea beharrezkoa da» bezalako esaldiak.
Minduta eta haserre
Horien artean zeuden Amaia Arrizabalaga eta Itxasne Olane, Mutrikuko Lehen Hezkuntzako bi irakasle, eta aitortu dute badaramatela denbora bat euskararen aurkako erabakiak hartzen direla ikusten: «Oldarraldi honen barnean erabaki batzuk ikusten ari gara, honek marra gorri bat jarri du, eta uste dugu argi izan behar dugula nahikoa dela».
Egoera arriskutsua dela ere azpimarratu nahi izan dute: «Gure lanean egunero gabiltza euskara bultzatzeko lanean, eta erabaki honek ate arriskutsu bat irekitzen du, eta noski, mina eman digu». Gaineratu dutenez, honen berri izan zutenean harriduraz jaso zuten albistea, eta gaurkoan Donostira gerturatzea beraz, beharrezkotzat zuten.
«Gure hizkuntza, hezkuntza publiko duin bat eta gure umeentzat etorkizun euskaldun bat defendatzeko erabaki dugu etortzea», argi esan dute bi irakasleek.
Unibertsitateko ikasle batzuk ere baziren kontzentrazioa hasteko zain, horien artean lagunekin zegoen Haizea Zabala, eta garbi zuen bertaratzea beharrezkoa zela. «Ez zaigu justua iruditzen gertatzen ari dena, batik bat gure hizkuntza minorizatuarekiko beste zapalkuntza bat delako», zioen.
Zabalak gehitu du erasoak jada ez direla Euskal Herritik kanpo bakarrik gertatzen: «Zapalkuntzek aurrera jarraitzen dute, eta Euskal Herri barruan ere bai aurkitu daitezke. Honi aurre egiteko hemen aurkeztu gara».
Arrazoi horrekin bat egin dute bertan zeuden ikastoletako bi irakaslek ere: «Euskaldunontzako hau astakeria bat da, beraz, euskaldun bezala, irakasle bezala, baita guraso bezala ere, baina batik bat hizkuntzarekiko arduragatik etorri gara».
Ezohiko egoeratzat hartu beharrekoa dela azpimarratu dute bi irakasleek, eta honen aurrean instituzioek neurriak hartu behar dituztela. «Gizarte bezala erreakzionatu behar dugula iruditzen zait, eta honek ez badu konponbiderik jasotzen hurrengo pausua agian greba orokor bat izan beharko da», zioten.
Irakasle eta ikasleen artean ziren Beñat Felipe oiartzuarra eta Kattalin Arizmendi baztandarra, etorkizuneko bi irakasle. «Umoretik hartu nuen hasieran, irrigarria zen euskara maila bajuko pertsona batek exijitzea aldaketak egitea hezkuntza sistema osoan», zioen Felipek. Gerora, hartu zuen dimentsioa ikusita, larritzen hasi zela kontatu du.
Arizmendik aldarrikatu du familia guztiak ez direla maila berean kokatzen: «Badirudi familia trinko eta aberaskumeen hitzak balio duela bertzenak baino gehiago, eta batzuek hartzen dituztela eskubide batzuk ez dituztenak hartu behar». Gaineratu du «batzuen askatasuna eraikitzen dela besteena zapalduz».
«Porrot egin duen sistemaren emaitza»
«Porrot egin duen sistema baten emaitza da hau, eta konponbide bat bilatu beharrean euskarari eraso egin diote», esan du Felipek, eta euskarazko hezkuntza sistema funtzional bat sortzeko beharra dagoela ere erantsi du.
Jendetzaren artean zen Jokin Pedreño Alcolea, AEK-ko irakasle eta euskaltzalea. «Sinesgaitza da gertakari hauek noraino iritsi diren, haserretik eta minetik bizitu ditut», zioen Pedreñok. Euskararen ofizialtasuna zalantzan ikusi du eta «atzera pausoak ematen ari direla» uste duela adierazi.
«Epaileen kautelazko neurriaren berri izan nuenean pentsatu nuen ea ez genuen ezer antolatuko, eta gero poztu nintzan kontzentrazio hauen deialdiak argitaratu zirenean», kontatu du AEK-ko irakasleak. Hala ere, azaldu du, «hau ez da nahikoa eta gehiago egin behar da».
Iritziz iritzi, deialdiko ordua heldu da, eta eskaileretan ez zen tokirik ia. Ehunka lagunek tentuz entzun dituzte Maddi Juanikorenak, Euskalgintzaren Kontseiluko proiektu garatzaileak, irakurritako hitzak eta txalo zaparrada batez adierazi dute aldarrikapenarekiko adostasuna.
Jarraian, «Euskal Herrian euskaraz» eta «euskara da bide bakarra» bezalako oihuen bidez amaitu dute Gipuzkoako hiriburuko elkarretaratzea.

El relevo de Xabier Lapitz por Miriam Duque en ‘En Jake’ genera controversia en redes

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Turista sionistek mehatxuak egin zizkieten Palestinaren aldeko manifestariei Iruñean


