Ane Alava
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

San Fermin eguneko prozesioak hartu ditu Iruñeko kaleak

Uztailaren 6ko jendetzaren eta etengabeko mugimenduaren ostean, bareago iruditu da goiza Iruñean. Itxuraz baino ez, ordea. Kaleak berriz ere mukuru daude, baina denak daude zain, erraldoiak, dantzariak, San Fermin edota udal delegazioa iritsi arte.

Udal delegaritza Curia kalea zeharkatzen.
Udal delegaritza Curia kalea zeharkatzen. (Idoia Zabaleta | FOKU)

24 ordu baino ez dira igaro, eta oso bestelako irudia du Iruñeak. Atzo zeharkatu ezin ziren kaleak, orain, leku batetik bestera igaro ditzakezu, arazo handirik gabe. Ez da jende gutxi dagoelako, jendetza kale bazterretan dago pilatuta, erraldoiak, dantzariak eta San Fermin noiz igaroko zain. Pilotako finala Nafarroa Arenan ikustera doan norbaitek ere baliatu du sortu den korridorea. Itzala da nagusi Alde Zaharreko kaleetan, baina berandu iritsi ezean, eguzkipean badago tokia.

Gaur ere zuriz eta gorriz jantzi da hiria. Oraingoan, ordea, ia ez da bi koloreen arteko nahasketarik ikusten. Norbait atzotik arropa zikinarekin heldu bada ere, dotorezia da nagusi, eta kalimotxoz bustitako kamiseta arrosak salbuespena baino ez dira. «San Fermin egunean badut aitzakia soinekoa janzteko», dio gazte batek. Ez da fededuna, baina prozesioa ikustea jaien barruko ohitura da harentzat; ondoren, bermuta eta fritoa hartzeko aitzakia ere bai, beste askorentzat bezala.

Beste batzuentzat, berriz, prozesioa da erraldoiez lehen aldiz gozatzeko aukera, eta ez dira gutxi San Fermin iritsi aurretik haien atzetik joaten direnak. Uztailaren 6an ere ikusteko aukera baldin badago, gutxi oroitzen dira hitzorduaz. Bada goizean goizetik aulkia hartu eta santua ikusteko tokirik onena bilatu duenik ere, «eroso itxaroteko». Berriz ere Iruñea beti bezain anitza.

Ohikoa baino geldialdi gutxiago egitea aurreikusia bazegoen ere, ordutegia ez da asko aldatu. Meza amaituta, ordubiak pasata heldu da prozesioa Mercaderes kalera. Ordurako deseginak dira goizeko pasilloak, eta poteo giroa da nagusi.

Lehenak Curia kaletik gora egiten buruhandiak izan dira. Izerditan eta nekea aurpegian, ziztu bizian heldu dira katedralaren itzalera. Jarraian, erraldoiek giroa piztu dute, ‘Ikusi mendizaleak’ ahots bakarrean kantaraziz. Txalo artean, jai giroa nagusitu da, eta ozen entzun da: «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak!». Txalo zaparrada jaso dute, halaber, eguzkipean orduak eta orduak dantzan eta jirabiraka eman dituzten konpartsako kideek. Beroa trago batekin hobeto eramaten dutenek miresmenez begiratzen diete izerditan zihoazen dantzariei.

Giroa erabat aldatu da apezpikua eta apaizak kalera iritsi direnean. Txistuak ugaritu dira, eta «UPN kanpora!» oihuak ere entzun dira, udal ordezkaritza hurbiltzen hasi denean. Zatikatuta igaro dute kalea ordezkariek. Azkena Iruñeko alkatea izan da, Joseba Asiron, Garbiñe Bueno eta Maider Beloki alderdikideekin batera. Talde berean zihoan oraindik zinegotzi den Cristina Ibarrola ere. Haren agerpenak txaloak eta txistuak nahasi ditu une batez, baina berehala gailendu dira txaloak eta jauziak, La Pamplonesa udal bandaren lehen notak entzun orduko.