
Nahiz eta ez den berria, abiadura-errekorrak bezala, egun erresistentzian oinarritutako eskalada luzeak lotzea modan dago, baina orain konbinatu egiten dira erronka berriak sortzeko, muga berriak gainditzeko eta abentura bertikal berriak bizitzeko. Eskalada beste metamorfosi bat izaten ari da? Ikusten ari al gara errendimenduaren birdefinizio bat, sailkapen sistema tradizionaletik aldentzen dena?
Batzuek diote Cedric Lachat suitzarrak duela urte batzuk ‘Swissway to Heaven’ pelikula estreinatu zuenetik, eskalada arlo horrek inflexio-puntua izan duela. Zailtasunak, batez ere muturrekoak, betidanik izan du erakarpen berezia, baina perfomancez betetako mundu honetan badirudi ultra eskalada gero eta zale gehiago erakartzen ari dela. Mugak gainditzeko beste era bat izan daiteke?
Azken asteotan, Euskal Herritik oso gertu, izaera horretako pare bat jarduera egin dira. Picu Urriellun izan da lehenbizikoa. Mendi enblematiko horren lau aurpegiak egun batean eta era askean eskalatzea ez da gauza berria. Baina oso gutxi dira ohore hori dutenak, eta are gutxiago bakarka erdietsi dutenak. Alvaro Munguia da azkena.
Eskalatzaile kantabriarra Pandebanosetik irten zen eta egun luze batean lau ibilbide kateatu zituen. Goizeko hiruretan irten zen eta 4:41ean ‘Murciana’ bidearen oinarrian zegoen. Atseden pixka bat hartu, kopetako-argia piztu eta eskalatzen hasi zen: «Lehenbiziko luzea sokaren laguntzarik gabe egin eta gero, hurrengo hiruretan neure burua babestu nuen. Laugarren luzetik aurrera, berriz, benetako erronka hasi zen; izan ere, soka motxilan sartu nuen. Zalantza batzuk izan nituen eguraldiarekin. Haize indartsuaz gain, laino ‘arraroak’ sartu ziren. Iragarpena ikusi eta aldaketarik ez zegoenez, aurrera jarraitu nuen. Ia ohartu gabe ‘Rabada-Navarro’ zeharkaldira heldu nintzen. Ezin dut deskribatu mendebaldeko horma erraldoi horretan bizi izan nuena. Hurrengo luzeetan ez nuen arazorik izan eta goizeko 8:14an lehen aldiz gailurra zapaldu nuen».
Rappelatu eta segituan iparraldeko murruan dagoen ‘Pidal-Cainejo’-n sartu zen. 42 minutuko eskaladaren ostean, Munguia berriro tontorrean zen. Berriro rappela egin eta ekialdeko isuriko ‘Cepeda’-ra abiatu zen. Hiruzpalau sokada zeuden: «Den-denak oso jatorrak ziren, eta haien aurretik joatea utzi zidaten. Eguerdirako, hirugarrenez, Picu Urrieluko gailurrean nintzen. Azken rappelak egin eta hegoaldeko aurpegiko ‘Sur Directa de los hermanos Martinez’ 20 minutuan eskalatu nuen».
Montserrat
Herrialde Katalanetatik iritsi da bigarren berria. Hain zuzen ere, Montserratetik. Nil Alcubilla katalana eta Tasio Martin bizkaitarra izan dira protagonistak. Bada, soka talde hori gai izan da 24 ordu baino gutxiagoan iparraldeko hamar horma era askean eskalatzeko.
Martinek dio iaz ekinaldi bat egin zutela, baina arrakastarik gabe: «Joan den maiatzen 19an, Nili eta bioi bigarren saialdi bat egitea otu zitzaigun. Logistika oso zehaztuta genuen, eta, gainera, aurtengo ekinaldian oso motibatuta zegoen lagun talde baten laguntza izan dugu».
Cavall, Diables, Patriarques, Aeri, Serrat del Moro, St Jeroni, Ecos, Bisbe, Centenar eta Agulles izan dira Alcubillak eta Martinek eskalatutako murruak. Denera, 2.400 metroko eskalada izan da. Ordularia geratu zutenean honakoa markatzen zuen: 23 ordu eta 51 minutu.
Eskalatzaile urduñarrak adierazi du bidaia bikaina izan dela: «Asko eskalatu eta oinez ere kilometro batzuk egin genituen. Luze batzuetan, berriz, gogor estutu behar izan genuen den-dena askean sinatzeko; bai sokaburu, baita sokaren beste puntan ere. Horrek guztiak jokoa”aldatzen du. Onartu behar dut hasieran ez nuela pentsatzen jarduera hau egingarria izango zenik. Egun superfanatikoa izan zen: asko gozatu genuen».
Lagun taldearen laguntza eta babesa eskertu eta gero, Martinek azken hausnarketa bat egin du: «Jarduera horrekin beste eskalatzaile batzuk motibatu eta inspiratzen baditugu, bada ederra izango litzateke. Beti bezala plazer bat izan da ideia zoro hauek Nilekin partekatzeagatik».

Peligrosísima embestida de Jandilla en el Ayuntamiento y dos cornadas

Las familias replican al CD Las Llanas: no se les informó de la visita a la Guardia Civil

Muere un triatleta de 25 años en el Ironman de Gasteiz

Josu Urrutikoetxea: «Euskal gatazka politikoak konponbide demokratikoa behar du»

