NAIZ

Eusko Label haragiaren eredua birplanteatzeko eskatu du ENBAk

Eusko Label haragiaren eredua berraztertzera deitu du ENBA sindikatuak, abeltzainek ez dutela errentagarritasunik lortzen iritzita. Sindikatuaren arabera, azken bost urteetan zigiluari atxikitako ustiategiak %25 gutxitu dira, eta egoerari irtenbidea emateko hausnarketa sakona eskatu du.

Abeltzaintza esplotazio baten artxiboko irudia.
Abeltzaintza esplotazio baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ENBA nekazaritza-sindikatuak ohartarazi du Eusko Label haragiaren sektorea «egoera larrian» dagoela, abeltzainek errentagarritasunik ez dutelako. Horren harira, kalitate-zigilu horren inguruko planteamendu berria egitea eskatu du.

ENBAk erreferentzia egin dio Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak asteazkenean zabaldutako oharrari. Bertan adierazi zuenez, Eusko Label egoera «oso egonkorrean» dago, abeltzainen kopurua 450etik gora mantentzen da eta abere kopurua 27.000 ingurukoa da. 

Baina sindikatuak ostegun honetan zabaldutako oharrean sail horrek legebiltzarrean emandako erantzun baten datuak ere aipatu ditu. Horien arabera, azken bost urteetan EAEko ustiategien kopurua %9 jaitsi da; Eusko Label zigiluarekin lan egiten duten ustiategiena, berriz, %25 murriztu da. 

Era berean, azienda kopuru osoa %2 hazi bada ere, Eusko Labelen barruan dauden abereen kopurua %14 jaitsi da. 

ENBAren ustez, zenbaki horiek agerian uzten dute haragiaren sektorearen oro har, eta bereziki Eusko Labelen integratutako haragi-sektorearen, bilakaera «kezkagarria». Bere esanetan, egoera horren aurrean «ez abeltzainek eta ez administrazioak ezin dute beste alde batera begiratu». 

Salmentarako ona, baina ez abeltzainentzat

Horregatik, sindikatuak Eusko Labelen inguruko «hausnarketa sakona» egitea eskatu du, eta bertan abeltzainek, kooperatibek, salmenta-puntuek eta administrazioek parte hartzea proposatu du, kalitate-zigilua birplanteatzeko. 

ENBAren ustez, Eusko Label haragiak kontsumitzaileen babesa eta salmenta-puntuen onarpena baditu ere, «ez da hain baliagarria abeltzainentzat». 

Azkenik, sindikatuaren iritziz, abeltzainen errentagarritasuna bermatzea, Eusko Label birplateatzea eta haragi-katearen egituraketa hobetzea izan behar dira duela urtebete baino gehiago izapidetzen ari den haragiaren sektore-planaren lehentasun nagusiak.