Justizia eraldatzailea, punitibismoa gainditzeko proposamena
Indarkeria matxistaren aurrean sistema penalak dituen mugak eta justizia eraldatzaileak eskaintzen dituen aukerak jorratu zituzten UEUk antolatutako jardunaldian. Espetxe sistemaren kritikaz eta ikuspegi feministatik egindako proposamenaz gain, justizia errestauratiboaren erabilera aztertu zuten.

Justizia eraldatzailea praktika feministetan; hori izan da UEUk bere udako ikastaroen zikloan Iruñean antolatutako jardunaldien gaietako bat. Antolatzaileek hala azalduta, «gizarte gaiak eta hausnarketarakoak» ekartzen ditu erakundeak eztabaidara, eta «agerikoak» deritzote indarkeria matxistari berari eta honi egunerokoan aurre egiteko estrategiei. Bi gertakari aipatu zituzten honekin lotuta: Xenpelar bertso eskolan gertatutakoa eta Jon Maia dantzariaren auzia.
Halere, jardunaldi honen jatorria beste bat da: UEU bere bigarren berdintasun plana abiatzera doalarik, berdintasun batzordetik azken urteetan garatutako esperientzien gaineko hausnarketa gune bat irekitzea. 2022an lehendabiziko planarekin sortu zuten erakundearen indarkeria matxistaren aurkako protokoloa, eta, egindako ibilbidearen balioa nabarmentzearekin batera, eztabaidaren beharra mahaigaineratu zuten, bereziki protokoloak praktikara eramatean; paperak dena onartzen badu ere, gure gizartea oraindik matxista bezain punitibista delako.
Abiapuntua justizia punitibo edo zigortzailea bera izan zen, beraz, eta horren aurrean «justizia erreparatzaile» eta «justizia eraldatzaile» kontzeptuetan sakontzeko aukera izan zuten bertaratutakoak hizlarien azalpenei esker.
Sara Arrutik, UEUko Zuzenbide saileko buruak, gidatu zuen mahai-ingurua eta gaia kokatzean Tamar Pitch-en aipu bat ekarri zuen: «Punitibismoan, konponbideak arazoa eraikitzen du».
Sistema penalaren kolpasoa
Frantziar Estatuko legedi eta gizarte «biziki punitibistak» kartzelak kolapsatzen ari direla azaldu zuen Joana Falxak, zuzenbide pribatu eta zientzia kriminaletan doktoreak.
Uhaina Apezetzek, Salhaketa Nafarroako kideak, gehitu zuen delituen tipifikazioa handitzen ari dela Estatu espainolean ere eta honek judizializazio handiagoa dakarrela eta arazoa areagotzen duela.
Nafarroako Salhaketako kide Zuriñe Redondo ere espetxearen beraren izaera patriarkalaz mintzatu zen.
Bere hitzetan, «ordena sozialari eusteko, barruan dauden pertsonen gaineko erabateko kontrola» eragiten dute, eta, hitzetatik haratago dimentsioa eman nahian, «argia piztu edo itzaltzeko» erabakimena ere ez daukatela esan zuen. Egoera hau emakumeen kasuan are bortitzagoa da; horren adibide, Iruñeko espetxeko emakumeen egoeraren berri eman zuen:
«Errespetu-moduluan egotera behartuta daude, gizonezkoentzat aukera bat den bitartean»; antzeko egoera gertatzen da tailer eta ikasketekin ere «segurtasunaren aitzakia erabilita», eta «geratzen zaiena, gehienetan, joskintza, sukaldaritza edo, historikoki, kartzelako garbiketa-lanak dira».
Are gehiago, emakumezko genero rolaren baitan ez da delitua egitea kabitzen eta, beraz, kartzela askok ez daukate emakumeentzako modulurik, edo ez dituzte emakumeen beharrak jasotzen; espazio are murritzagoetara kondenatzen dituzte. «Kartzelan askotan beste gauza batzuetarako erabiltzen ziren espazioak egokitu zituzten emakumeen modulu gisa. Adibidez, Martutenen, sotoan daude emakumeak», amaitu zuen Redondok.
Justizia errestauratiboa
Maria del Rio zuzenbidean doktoreak kontzeptu horren gaineko azalpena eman zuen: «Ez dago definizio bakar bat». Hala ere, Lode Walgrave kriminologo eta psikologoaren definizioa ekarri zuen: «Justizia errestauratiboa delituaren ostean justizia egiteko bide bat da. Eta bilatzen duena da banakako kaltea konpontzea, baina baita harremanetan sortutako kaltea eta gizarteari egindako kaltea ere».
Justizia arloan, baina, bi jarrera daudela aitortu zuen. Posizio minimalistek «bitartekaritzaren sinonimo gisa» ulertzen dute, arreta «prozesuan eta tresnetan» jartzen dutelarik. Eta ikuspegi maximalistak «fokua printzipioetan jartzen du, tresna tradizionaletatik harago ere garatu eta aplikatu daitezkeela ulertuta».
Amaitzeko, justizia eraldatzaileaz hau azaldu zuen zuzenbidean doktoreak: honen «helburua ez da bakarrik sortutako kaltea konpontzea, baizik eta aztertzea kalte hori sortzeko zein izan diren oinarriak edo arrazoiak, eta zer egin dezakegun etorkizunean hori berriro gerta ez dadin».
Akademian, antza, badira defendatzen dutenak justizia errestauratiboa beti izan beharko litzatekeela justizia eraldatzailea, baina argitu zuen «praktikan» epaitegietan ez dela justizia eraldatzailea aplikatzen, adin txikikoen kasuan salbu.
Nafarroako Salhaketako kideak azaldu zuen horretarako mugak eta erresistentziak handiak direla sistema barruan, eta, aldiz, judizializatu gabeko gatazkak kudeatzeko gaitasun handia adierazi dutela eraldaketaren ikuspegitik. Indarkeria matxista kasuei helduz, del Riok argitu zuen egun ez dagoela bide hauek aplikatzerik zuzenbide publikoan, legez.
Arriskuak
Kanadako esperientzia adibidetzat hartuta, azaldu zuten komunitatean konpon zitezkeen gatazkak justizia-sistemara eramateak «zigor-sarea zabaltzeko arriskua» ekarri duela, nahiz eta bitartekaritza edo bestelako prozesu errestauratiboen bidez bideratu izan, horrek pertsonen bizitzan duen eraginarekin, esaterako «espedienteak» sortuz.
Hizlariek ohartarazi zuten beste arriskuetako bat justizia errestauratiboa teknika edo prozedura soil batera mugatzea dela, haren oinarri diren printzipioak albo batera utzita. Horrek, aipatu bezala, prozesuak formalizatu eta haien izaera eraldatzailea ahuldu dezake.

Indurain lo da todo y un poco más en el surrealista y multitudinario encierro de la villavesa

Las familias replican al CD Las Llanas: no se les informó de la visita a la Guardia Civil

Peligrosísima embestida de Jandilla en el Ayuntamiento y dos cornadas

Josu Urrutikoetxea: «Euskal gatazka politikoak konponbide demokratikoa behar du»

