NAIZ

Hiru Behien Zergaren ituna berritu dute Izaban

Indarrean dagoen Europako mugaz gaindiko itun zaharrena berritu dute Ernazeko parajean Erronkari eta Baretous haranetako agintariek. Eguraldi bikaina lagun, 1375etik ospatzen den zeremonia burutu dute, inguruko janzkera tradizionala jantzita, eta gatazkei amaiera eman zien bake konpromisoa berrituz.

Ernaizen, gaur goizean ospatu den Hiru Behien Zergaren zeremonia.
Ernaizen, gaur goizean ospatu den Hiru Behien Zergaren zeremonia. (Nafarroako Gobernua)

Uztailaren 13a heldu da eta beste urte batez Hiru Behien Zergaren zeremonia ospatu dute Ernazeko parajean, Izaban, San Martingo harrian. Aurten 651 urte bete dira zeremonia lehen aldiz ospatu zenetik, 1375. urtetik, beraz, indarrean dagoen Europako mugaz gaindiko itunik zaharrena da, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak bertan gogoratu duenez.

Akordio honi esker, amaiera eman zitzaien Erronkariko eta Baretous mugako haranen arteko gatazkei. Larreen aprobetxamendua medio izaten ziren liskarrak. Uztailaren 13an egiten da urtero zeremonia hau, eta Baretous haraneko abeltzainek Izaba, Garde, Urzainki eta Uztarrozeko bizilagunei beren larreak gozatzeko eskubideagatik ordaintzen diete, hiru behiko ordaina.

Ordainketaren jatorri eta arrazoi zehatzak ezagutzen ez badira ere, mendeetan zehar ordainketa hori etengabe egin zen harik eta XVI. mendean egiteari utzi zitzaion arte, eta, ondorioz, liskar ugari sortu ziren. Kontingentzia horiengatik sortu zen Ansoko arbitraje-epaia deiturikoa, eta 1375. urteaz geroztik etenik gabe gauzatu da.

Tratua egiteko alderdiek Pirinioetako Aragoiko udalerri horretan bitartekari bat bilatu zuten, eta baldintza zehatz batzuk ezarri: entregatzen diren abereek ‘sine macula’ (orbanik gabea) izan behar dute, baita astaje, ilaje eta dentaje berekoak ere.

Animaliak entregatu aurretik, Erronkari eta Baretous haranetako udal ordezkariek, inguruko janzkera tradizionala jantzita, gatazkei amaiera eman zien bake konpromisoa berritzen dute. Sinbolikoki zigilatuta geratzen da eskuak San Martin harriaren gainean jarriz eta guztiek batera errepikatzen duten ‘pax avant’ adierazpenaren bidez, adostasunaren eta lankidetzaren seinale gisa.

2011. urtean, Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun Immaterial eta Interes Turistikoko Festa izendatu zuen ekitaldia, eta aurten ere eguraldi bikaina lagun, ospatu dute.