NAIZ

Gipuzkoan EAJ-PSE koalizioak gehiengo osoa lor lezake aurrenekoz, Soziometroaren arabera

Gipuzkoako Soziometroaren arabera, EH Bildu izango litzake lehen indarra herrialdean, baina gaur egungo EAJ-PSE gobernu koalizioak gehiengo osoa lortuko luke Batzar Nagusietan. Arlo sozialari dagokionez, berriz, etxebizitza bilakatu da gipuzkoarren kezka nagusiena.

Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramailea, herrialdeko Soziometroaren aurkezpenean.
Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramailea, herrialdeko Soziometroaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako Aldundiak herrialderi buruzko azken Soziometroaren emaitzak aurkeztu ditu eta ,arlo politikoan, EH Bildu kokatzen du lehen indar gisa, botoen %39,9ko estimazioarekin eta 23 batzarkiderekin, gaur egun baino bat gehiago. EAJk, berriz, babesaren %32,9 eta 19 ordezkari lortuko lituzke, egun baino bi gehiago; eta PSEk, %14,1 eta 7 ordezkari, aldaketarik gabe.

Elkarrekin Podemos-Sumar batuketak, %5,2ko babes estimatuarekin, batzarkide bat galduko luke eta batekin geratuko litzateke, eta PPk, botoen %5 eta ordezkari bat izango luke, bi galduta.

Emaitza horien arabera, EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu koalizioak lehen aldiz, gehiengo osoa lortuko luke Batzar Nagusietan eta ez luke hirugarren indar politiko baten babesa beharko.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenaren arabera, azken Soziometroak politikarekiko konfiantzaren pixkanakako berreskurapena erakusten du. Horrela, politikan konfiantza dutela adierazten duten pertsonen ehunekoa %28,8koa da, 2023ko %17,2aren aldean. Aurrerapena nabarmena bada ere, mesfidantzak nagusi izaten jarraitzen du, %67,1era iritsita.

Gipuzkoarren kezka handiena

Arlo sozialari dagokionez, etxebizitza da gipuzkoarren kezka handiena: %65,8k herrialdeko erronka nagusiena dela deritzo. Iazko abenduan, %54,3k kontsideratzen zuen etxebizitza arazo larriena, eta maiatzean, berriz, %50,2k.

Gazteen artean, bereziki, etxebizitzaren auzia kezka handia da; %40,4rentzat, hain zuzen. «Datu horrek erakusten digu belaunaldien arteko erronka handienetako baten aurrean gaudela», adierazi du Berasaluzek. 

Lan merkatua (%22,2), osasungintza (%20,8) eta segurtasuna (%14,5) dira gehien aipatzen diren herritarren hurrengo kezka nagusienak.

«Soziometro honek azken neurketen arabera zerbait berrestekotan, Gipuzkoak egonkortasunetik aurrera egiten duela da, gizartearen eta lurraldearen erronka nagusiei arretaz eta erantzukizunez aurre eginez, baina bere ekonomian, ongizate-ereduan eta komunitate gisa dituen indarguneetan konfiantza mantenduz», adierazi du foru bozeramaileak.

Egoera ekonomiko pertsonala

Ekonomia arloari ere heldu dio Soziometroak. Egoera ekonomiko pertsonalari emandako 6,69ko puntuaketa azken urteetako serieko daturik altuena da, eta joera positiboa mantentzen duela esan du Berasaluzek.

Pertzepzio positibo hori bizi-mailaren bilakaeran ere islatzen da. Herritarren erdiak baino gehiagok uste du bere egoera egonkor mantendu dela azken bizpahiru urteetan, eta hobera egin duela uste dutenen ehunekoa %21,5era igo da, abenduko neurketan baino puntu bat gehiago. Aldi berean, egoerak okerrera egin duela uste duten pertsonen kopuruak murrizten jarraitzen du: 2023ko irailean erregistratutako %37,4tik gaur egungo %26,8ra igaro da.

Inkestak telefono bidez egin dituzte, ekainaren 25etik uztailaren 1era arte. Guztira, 1.500 lagunek parte hartu dute: 450 Donostialdean, 350 Bidasoa-Oiartzunen, 350 Orian eta 350 Deba-Urolan.