Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Maixa Zugasti
Idazlea

«Oinazean bizi eta halere bizitza maitatu, paradoxa dirudi baina horrela da»

25 urte daramatza gaixorik Maixa Zugastik. Literaturak bizi du, nahiz eritasunak, egunaren une askotan, irakurtzea eta idaztea eragozten dizkion. Zailtasunak zailtasun eta itzalak itzal, argiaren bila ari da liburuan. Izan ere, bata ez da bestea gabe.

 

«Oinazean bizi eta halere bizitza maitatu, paradoxa dirudi baina horrela da»

Loading player...
Maixa Zugasti idazlea.
Maixa Zugasti idazlea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘Itzala, gaixotasun baten kronika’ liburuarekin itzuli da Maixa Zugasti (Tolosa, 1973) euskal letren plazara. 2017an eman zuen argitara, 44 urterekin, bere lehen liburua ‘L.A.A’, Irun Hiria Kutxa literatura saria irabazi zuena. Ordudanik hainbat argitalpen ondu ditu literatur genero denak landuz, eleberria, ipuina eta poesia. 

Egunerokoaren eta saiakeraren artean dabil argitalpen berria. Uxue Razquin, Erein argitaletxeko editoreak, bota zion amua. ‘Zergatik ez duzu zure gaixotasunaz idazten?’. «Inoiz ez nuen pentsatu nire buruaz zuzenean idaztea, nahiz idaztean, hautu bakoitzean, zu hor zauden. Hasi nintzen bueltak ematen, eta galderak etorri zitzaizkidan: nola egin eta zertarako? Hasieran niretzako idatzi nuen. Azkenean itxura hori hartu zuen liburuak eta gustatu egin zitzaien argitaratzeko», gogoratu du.

Rosalia de Castroren olerki batek irekitzen du liburua. «Joana zarela uste eta/ itzalpetzen nauzun itzal beltza/ nitaz barrezka atzera zatoz/ nire burukoaren oinetara’. Inazio Mujika Iraolak ekarri du euskarara okasiorako.

Poeta galiziarraren –hark ere osasun arazo handiak izan zituen bizitza osoan– irudia erabili du gaixotasuna izendatzeko: itzala. «Rosalia de Castrok gaixo pasa zuen bizitza osoa. Berak esaten zuen gaixo jaio zela. ‘Folhas Novas’ liburuan ‘Teño un mal que non ten cura’ dio. Tuberkulosia izan zuen, bi haur galdu eta minbiziarekin hil zen. Poema horretan identifikatzen du bihotzean daukala gaixotasuna, depresioaren itzal beltza. ‘Itzalpetu’ poemak badauka alde baikorra ere, baina bai da bizia kentzen duen itzala. Iruditu zitzaidan oso ondo islatzen duela Rosaliak itzalaren ideia», azaldu du. 

Egoerak eragindako tristura, berriz, txakur txiki bat da. «Samuel Johnsonek erabili zuen irudia XVIII. mendean eta ingelesez erabiltzen da depresioa izendatzeko. Nik aurkitu nuenean baliagarria iruditu zitzaidan, zeren nik bizitzan asko pasa izan dut eta iruditzen zait bizi daitekeen gauzarik gogorrena dela. Berak esaten zuen beti eduki behar dela aurrean eta ez bazkarik eman. Zuzen begiratu eta ez utzi handitzen. Baina gero ez da erraza, zeren hor dago. Eta tristurak ere egiten gaitu gizaki eta batzuetan ez diozu uzten zure buruari triste egoten. Non jarri muga? Gaixotasunak dolu bat dakar eta tristura nik uste ezinbestekoa dela ere».

«Tristurak ere egiten gaitu gizaki eta batzuetan ez diozu uzten zure buruari triste egoten. Non jarri muga?»

Min fisikoak oinazea eragiten badu zer esanik ez arimaren minak. «Gaixotasun hau oso gogorra da bizia kentzen duelako. Rosaliak zioen bezala, guztia hartzen du. Fibromialgia eta neke kronikoak oinaze izugarria daukate, ezina... eta beste sintoma pilo bat. Nire kasuan buruan gandu moduko bat, oroimena kentzen dizuna, ez dizuna hitzak aurkitzen uzten; niri horrek asko sufritu arazten dit».

Eritasunak ez du izenik liburuan. «Ez nuen kontzienteki egin baina gero konturatu nintzen aurkezpenean ere ez nuela esan. Nik uste dut dauzkala ezaugarri amankomunak autoinmuneak diren gaixotasun askorekin, lupusarekin, covid-aren gaixotasuna jasaten dutenekin, zahartzaroarekin ere; azkenean, osasuna galtzea da».

Eritasunari aurrez aurre begiratu

Gaixotasuna eguneko orduen jaun eta jabe egin ohi da. Eta ondoezik gaudenean, batez ere eritasuna kronikoa denean, ahaztu egin nahi dugu. Ihes egin. Idazketak kontrakoa eskatu dio Zugastiri, gaixotasunari begietara begiratzea. «Egia da bakoitzak aurre egiten diola ahal duen neurrian. Bizibidek (Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromearen Gipuzkoako Elkartea) laguntzen die batzuri, beste gaixoekin egoteak. Burutik kentzeak laguntzen dit niri. Eta hori oso zaila da», kontatu du. 

«Egunaren lehen orduak bizipoza edo bizia ematen didaten horiei eskaintzen dizkiet, literaturari, ikasteari, irakurtzeari eta idazteari. Baina hori ere mugatu egiten didanez denbora guztia gaixo bizitzea da», azaldu du.

Egun bakoitza, bizitza bera. Hala sentitzen du. «Kostatzen zait jeikitzea, jaiotzen garenean bezala. Batzuetan da ordu bat ondo, beste batzuetan bi, eta gero eguerdian etzan behar dut. Eta berriz buelta. Arratsaldetik aurrera heriotzaren kontzientzia izatea da eta oso gogorra da hori bizitzea. Ezer egin ez dezakezunean. Baina beno, jende asko bizi da gaixo».

«Arratsaldetik aurrera heriotzaren kontzientzia izatea da eta oso gogorra da hori bizitzea. Ezer egin ez dezakezunean»

Etxeko lau paretetatik kanpo dena denean abiadura eta ekoizpena. Egin, egin, egin. «Bai, Byung-Chul Han filosofo korearrak horixe dio. Hainbeste baloratzen da gure gizartean egitea, zerk definitzen gaitu ezin duzunean ezer egin? Zer da gizakia?», bota du. 

Nitik sortua da ‘Itzala’. Nola bizi izan duzu biluztea?, galdetu diogu. «Zintzoa izan behar dugu gure buruarekin. Ni ez naiz inor besteek nola bizi behar duten esateko, baina nik uste dut laguntzen duela kontziente egitea gauzak, eta izendatzeak eta hausnartzeak». 

Literaturari emana bizi izan da Zugasti. Literatura izan da bere bizitzaren ardatz eta arnas. Hala aitortu izan du. «Zoriontsuen egiten nauena da. Eta ez dauka zerikusirik argitaratzearekin», argitu du. «Eserita egon ezin naizenez beste modu batean ari naiz lanean, askeago. Hortik etorri da ‘Itzalak’ liburua».

Gorputza ere bagara

Liburuen artean eman du bizitza osoa tolosarrak. Lan berrian gogoratzen du liburuak irentsi egiten zituela eta aitak eraman zuela herriko liburutegira hura ezagutzera. Ondo gogoan du egun hori. «Nire mundua izan da beti literatura, irakurtzea, idaztea eta ikastea, oso txikitatik. Baina hori oso gogorra da dolua hortik datorrenean. Orain dela 25 urte gaixo jarri nintzenean fisikoa zen gehiago, baina okerrera egin du eta, adibidez, 2022an geratu nintzen irakurri ezinik. Orri bat irakurri eta arreta galtzen nuen, hitz egiteko eta pentsatzeko gaitasuna galdu nuen. Nire gogoko idazle baten lanak hartu, Anjel lertxundi edo Miren Agur Meabe, esaterako, eta urtebete ematen nuen lana aztertu eta ikasteko. Eta bapatean ezin duzu. Hori izan da gogorrena. Gero errekuperatu dut. Irakurtzea lehenbizi. Ilusioa ez dut galtzen eta proiektuak dauzkat, baina gorputzak lagundu behar du eta kontziente izan behar dugu gorputza ere garela».

Literatura eta hizkuntza izan zituen ogibide ere irakasle garaian. «Plazer bat izan zen, opari bat, zuk maite duzuna irakastea eta nerabeekin lan egitea... Oso gogorra dela esan ohi da baina nerabeak zintzoak dira, gardenak. Testuen bidez erakustea hausnartzen, zergatik den testu bat hobea, zer adierazten duen, nola adierazten duen... Gero, ikaslego motagatik, badakizu askok ez dutela gehiago irakurriko agian».

Hari ere uko egin behar. «Niretzako irakaskuntza uztea ere dolu bat izan zen. Orain kalean ikusten ditut eta pozik, guraso dira. Asko maite ditut», aitortu du. 

Literaturarekin batera, zinemak eta musikak ere badute presentzia bere eguneroko bizitzan eta, ondorioz, liburuan. «Goizean musika klasikoa eta irratsaioak entzuten ditut behar dudalako arreta beste zerbaitetan jartzea, gorputzak ez didalako erantzuten. Oso aberatsa da niretzat ematen didana, baina gero, egunean zehar, ezin dut irakurri edo lan egin musikarekin; isiltasuna ere niretzat oso garrantzitsua da», kontatu du. 

Zinema egunero ikusten du. «Hamaikak aldera etzan egin behar dut, eta edukitzea etxean horrenbeste aukera opari bat da. Artea bizitza da niretzat –jarraitu du–. Batzuk esaten dute, behin mediku batek ere esan zidan, ihesbide bat dela. Niretzat erabat alderantzizkoa da. Ona edo txarra, baina bizitza dago, literaturan agertzen den bezala».

«Batzuk esaten dute [artea] ihesbide bat dela. Niretzat erabat alderantzizkoa da. Ona edo txarra, baina bizitza dago, literaturan agertzen den bezala»

Artea arnasbide. «Niretzat oso zaila da edertasuna definitzea. Nik asko behar dut, eta gaia, gogorra izanik ere, eta adierazpenaren arteko armonia batetik dator». Harago doa: «Txikitatik zaindu beharko genuke arteak bizitzan suposatzen duen hori. Sentsibilitatea edo begirada landu. Izan ere, beste sakontasun bat ematen dio bizitzari».

Ume zela sentitu zuen literaturarekiko harra. «Hiru ahizpa gara. Zaharrena ikasle oso ona zen eta irakurri egiten zuen. Ikastolan eskatzen zizkien irakurgaiak oso onak ziren eta ni beti zain egoten nintzen, baina oso oso txikitatik, zein liburu etxera ekarriko. Erakarpena sentitu dut. Arreta deitu dit idazteko moduak. Eduki ditut –liburuan aipatzen ditut– oso-oso irakasle onak Tolosan. Adibidez, Kontxi. OHOko laugarren mailan etxetik ematen zizkidan, nik irentsi egiten nituen eta hortik hasi nintzen. Gero, BBB-en, exijitu zizkiguten liburu klasikoak, gero kentzen joan direnak. Garrantzitsua da aukeraketa onak egitea eta ardura handia ere. Eta katea da. Gogoko idazleek eramaten zaituzte beste idazleengana eta horrela ezagutzen duzu jende asko. Gurasoek erabaki zuten astelehenetik ostiralera telebista ez piztea gure etxean eta asko eskertzen diet. Inoiz ez ziguten ukatzen libururik, baina liburutegiak, bai, niretzat oso garrantzitsuak dira».

Argiaren bila

Bere egunerokoa paperera eramatearen zailena «gaixotasuna gai bezala hartzea» izan da Zugastirentzat. «Baina niri asko lagundu dit», aitortu du. «‘Itzala’ izena du. Itzalak esan nahi du argira begiratu behar duzula. Ez litzateke itzalik egongo argirik ez balego. Bidaia modukoa izan da. Nik uste dut osatzen joango naizela. Kontziente nintzen ezin nuela saiakera bat egin, bibliografia batekin eta, lehen egingo nuen bezala. Bidera atera zaizkidan idazleak edo liburuak opariak izan dira, hausnartzeko bidea eman didatenak, Seneca edo Maria Zambrano, esaterako. Niri lagundu dit, batez ere argira begiratzen. Poemak idatzi nahian nabil eta orain irakurtzen ari naizenek ere berdin. Nabarmenduko nuke argia bilatzea eta estoizismoz bizitzea, horretan saiatzea. Heraklitok esaten zuen bezala osotasun bat gara. Dikotomia hor dago, baina bizia non dagoen, indar hori, azpimarratu behar da». 

Nola hartu dute ingurukoek liburuan emandako lekukotza? «Alde gordina ikustea gogorra gerta liteke baina esan didate lagungarria ere badela, hori gustatuko litzaidake».

Asko engainatzen duen gaixotasuna da Zugastiren esanetan. «Jendeak esaten dizu ‘ez du ematen’. Senarrak ere esaten dit ‘irribarre asko egiten duzu eta ematen du ez zaudela gaixo’».

Xabier Letek gaixotasunaz idatzitako hitzak dakartza gogora Zugastik liburuan. «Maitasuna, gaizki gaudenean ere hor dagoela sentitzea –Lourdes [Iriondo] eta biak zeuden gaixo, hori nola bizi du bikoteak?– eta Xabierrek nola egin zuen bere bilakaera fedearekin ere, asko iristen zait. Berak errukia bezala definitzen du gaztelerazko ‘empatía’ edo ‘compasión’. Etimologikoki, bestearekin sentitzea hark sentitzen duena. Nik uste dut horrek bakarrik laguntzen diola gaixo dagoenari. Ez da behar gauza asko, beste batek bizi duena ulertzea».

Hizkuntza poetikoaren eta errealitate gordinaren arteko kontrastea nabaria da lan berrian. «Beste idazleengandik ateratzen dudana da bizitzaren ikuskera edo bizitzari botatzen zaion begirada eta hori adierazteko modua. Eta agian liburu honetan ni naizena atera da, idazterakoan oso kontziente izan gabe, hasierako asmoa ez baitzen argitaratzea».

«Agian liburu honetan ni naizena atera da, idazterakoan oso kontziente izan gabe, hasierako asmoa ez baitzen argitaratzea»

Antzeko egoera bizi duenak bizitza eta heriotza beste begiekin ikusten ditu. «Heriotza obsesio izan dut lau urte nituenetik. Orduan agian beldurra nion eta orain oso kontziente bizi dut egunero. 53 bete ditut, eta aita 52 urterekin hil zen. Asko gogoratzen dut nola izan daitekeen horrelako albiste bat jasotzea. Pena da sentitzen dudana, beldurra baino gehiago. Oinazean bizi eta halere bizitza maitatu, paradoxa dirudi baina horrela da. Agian kontziente izateak bizitza gehiago azpimarratzen du», jarraitu du. 

Eguneroko errutina soilen handitasuna

Egunerokoan errutinen garrantzia, keinu txikien handitasuna, agerikoa da Zugastiren lan berrian. Apaintzea, esaterako. ‘Iluntzera arte etxean bakarrik egongo naizela jakinagatik, tristuraren txakur txiki beltzari bazkarik ez emateko nire ohituretako bat da’, dio. «Nire burua apaintzeak lagundu egiten dit. 25 urtetan oso egun gutxitan geratu naiz ohean goizean. Jan egiten nau. Horrekin batera bada beste gauza kalte asko egiten didana, telebistak irenstea. Zure buruarentzat bakarrik apaintzea bizitza zaintzea da. Bakardadean zaudenean gauza txiki guztiak zaindu behar dira».

‘Ez ditut gerrarekin lotutako hitzak gustuko, gaixotasunari buruz hitz egiteko. Ukazioa ere ez dut maite’, irakur daiteke liburuan. «Askotan jotzen da hizkuntza horretara. ‘Zaindu behar duzu. Aurrera egin behar duzu eta sendatzen saiatu’, esaten dizute, baina egun batzuetan, ezin duzunean ezer egin, hori ere onartu behar da», dio.

Bere aurreko emakumeengan ikusi eta ulertu du bizitzaren aurreko lezioa. «Liburuan aipatzen dira zeren niretzako oso garrantzitsuak izan ziren hiru izeba. Bizitza beste modu batera hartzen zuten. Eta nola adinekoek ulertzen duten konformidadea. Ez da etsipenaz onartzea. Da saiatzea baina baita dagoena onartzea ere, eta horrekin saiatzea zoriontsu bizitzen. Agian momentu batzuetan ez alai, baina bai zoriontsu».

‘Ez da erraza zaintza izatea, askoz ere nekezagoa gaixo egotea’ da liburuko beste hausnarketa bat. «Bai, hori horrela da. Lehenengo haurdunaldian jarri nintzen gaixo. Hilabete batzuk egon behar izan nuen etzanda eta besteen laguntza onartzea gogorra da. Gehiago gara besteak zaintzekoak. Zaintzaren inguruan gaur egun hausnarketa egitea oso garrantzitsua da».

Besteak gu zaintzen ez uztea muga bat izan daiteke Zugastiren ustez. Bakarrik egon nahi izana bigarrena. «Ni oso bakartia naiz, bakardadea behar dut. Eta norbait bakardade horretan lagun sartzen uztea... Utzi diezaiokezu oso pozik senarrari, baina bakardadea beste muga bat da eta hori gainditzea... Nik askotan nahi dut bakarrik egon maite dituzunei sufritu arazi egiten dielako gaixotasunak. Gogorra da ingurukoentzat gaixotasuna. Gaixoak ere zaindu behar du zaintzailea», esan du.

«Gogorra da ingurukoentzat gaixotasuna. Gaixoak ere zaindu behar du zaintzailea»

Jendarteak adinekoen eta gaixo daudenen aurrean duen jarrera ezinbestekoa iruditzen zaio Zugastiri. «Zaintzarena gizarte osoaren zerbait dela uste dut. Eta gizarte bezala nola bizi dugun gaixotasuna oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Osasuna bihurtu da obsesio bat. Helmuga dirudi. Dena da terapia bat. Helmuga non jarri? Nik ez dut uste ona denik, beno, niri ez dit laguntzen, helmuga denbora guztian nire zilborrera begira egotea edo nire buruan ardatza jarrita». 

Egunerokoan eri daudenenganako ‘zaintza’ txikien garrantzia aipatu du. «Jendeak ze jarrera daukan adinekoekin eta gaixo daudenekin? Gizartea zahartzen ari da, horretara moldatu eta horren kontziente izan behar du. Zenbat zaintzaile dauden anonimoak, zenbat emakume, batez ere, adinekoak zaintzen. Eta guzti hori argitara ateratzea garrantzitsua da», nabarmendu du.