Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘EMF Mendiak’ aplikazio ofiziala eskuragarri dago federatuentzat

Euskal Mendizale Federazioak asteartean aurkeztu zuen proiektu hori. Tresna horrek aurrerapauso garrantzitsua dakar federazioaren digitalizazioan, eta Euskal Herriko tontorretara egindako igoerak modu ofizialean erregistratzeko aukera emango du.

‘EMF Mendiak’ aplikazio ofiziala atzo aurkeztu zuten.
‘EMF Mendiak’ aplikazio ofiziala atzo aurkeztu zuten. (EMF)

Maiz esaten da erakunde bat bizirik mantentzeko, besteak beste, lanak eta ekarpena egiten duten ekimenek berebiziko garrantzia dutela. Iritzi horren inguruan zalantza gutxi daude. Bada, Euskal Mendizale Federazioa ibilbide hori jarraitzen ari da eta asteartean azken urteotan landu duen proiektu bat aurkeztu zuen: ‘EMF Mendiak’ aplikazio ofiziala. Hain zuzen ere, federatuentzako zerbitzu digitala izango dena.

Ekitaldian aplikazioaren funtzionaltasun nagusiak, igoerak erregistratzeko eta balioztatzeko sistema ofizial berria eta mendizaletasuna sustatzeko EMFk tresna honen bidez martxan jarriko dituen erronka eta ekimen berriak aurkeztu ziren. Bertan, CodeSyntax enpresa garatzaileko ordezkariek, proiektuaren babesle eta partner den Laboral Kutxako eledunek eta Euskal Mendizale Federazioko teknikari eta komunikazio arduradunek aplikazio berriaren ildo nagusiak eskaini zituzten.

Hitz gutxitan esanda, Euskal Mendizale Federazioak beste urrats bat egin du digitalizazioaren eta federatuei zuzendutako zerbitzuak hobetzearen aldeko apustuan, ‘EMF Mendiak’ aplikazioa federazioaren aplikazio ofizial bihurtuta. Tresna hori izango da hemendik aurrera federazioaren ekosistemara sartzeko ate berria, eta Euskal Herriko gailur igoeren erregistroa modernizatzeko funtsezko tresna.

Aurkezpen ekitaldian baieztatu zuten ibilaldiak eta mendizaletasuna maite dituztenentzat diseinatutako aplikazioa dela. Bide batez, 1.500 gailur baino gehiagori buruzko informazio praktikoa biltzen du, mapa interaktiboak ikusteko, igoerak erregistratzeko, estatistika pertsonalizatuak kontsultatzeko edo mendi-postontziak aurkitzeko aukera emanez. Esperientzia handiko mendizaleei zein familia giroan mendiaz gozatzen dutenei zuzenduta dago, eta euskaraz zein gaztelaniaz erabil daiteke.

Bultzada estrategikoaren harira, gogoratu zuten app-aren ustiapen eskubideak Codesyntax enpresa garatzaileari eskuratzeko akordioa Laboral Kutxaren laguntzari esker gauzatu dela. Lankidetza horren helburu nagusia da EMFri digitalizazio prozesuan laguntzea eta federatuei zuzendutako zerbitzuak zabaltzen laguntzea. 

Euskal Herri osoa

Bestalde, tradiziotik digitalizaziora egin den jauzi kualitatiboa azpimarratu zuten: «Proiektu honen jatorria Ehun Mendien Lehiaketa historikoan dago, euskal mendizaletasunaren ekimen adierazgarrienetako batean. Gailur igoeren erregistro sistemak modernizatzeko beharraren aurrean, EMF duela hilabete batzuk hasi zen lanean prozesu horiek eguneratuko zituen eta, aldi berean, mendizaletasunaren praktika indartuko zuen irtenbide baten bila. Helburu horrekin bat eginez, ‘Mendiak’ bezalako aplikazio sendo eta errotu batekin indarrak batzea erabaki da, tresna fidagarri, irisgarri eta erabilera ohitura berrietara egokitua eskaintzeko».

Hemendik aurrera, federatuek aplikazioaren bidez egindako igoeren erregistroek izaera ofiziala izango dute EMFk bultzatutako lehiaketetarako. Funtzionalitate guztiak erabiltzeko eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da federatu gisa saioa hastea.

Sistema berriak, gainera, mendiko postontzien tradizioarekin lotzen den elementu berritzaile bat gehitzen du: igoera bakoitza gailur berera igotzen den hurrengo mendizaleak baliozkotuko du. Mekanismo digital honek sinbolikoki berreskuratzen du postontzietan txartelak utzi eta jasotzeko keinu tradizionala, iraganaren eta orainaren arteko lotura indartuz: «Urteko epea amaitzean gailur bat baliozkotu gabe geratuko balitz, egiaztapen sistema bat aktibatuko litzateke, eta bertan parte hartuko dute klub laguntzaileek eta, azken instantzian, Ehun Mendien Anaidiak egingo du egiaztapena».

Horrekin batera, aurreratu zuten Euskal Herri osora irekitako proiektua dela: «EMFk lanean jarraitzen du Euskal Herri osoko mendizaleen parte-hartzea bermatzeko. Horretarako, sarbide sistema espezifiko bat ezarriko da Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko federatuek ere mendi lehiaketetan modu ofizialean parte hartu ahal izan dezaten, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrarekin elkarlanean».

Erronka berriek ere indarra hartuko dute ‘EMF Mendiak’ aplikazioaren bidez. Ehun Mendien Lehiaketaz gain, aplikazioari lotutako ekimen berriak garatzen ari da EMF. Horien artean dago etorkizuneko 600 Mendien Erronka, Euskal Herriko gailurren katalogo berrian oinarritua, eta, era berean, familia izaerako lehiaketa berri bat ere prestatzen ari da, behin-behinean ‘Centenario Txiki’ izena izango duena. 14 urtetik beherako haurrei zuzendutako ekimen horrek zailtasun tekniko txikiko mendiak igo eta erregistratzea sustatuko du.