Hamar urte eta gero, Libanora kanporatzeko arriskuan

Duela hamar urtetik Ipar Euskal Herrian bizi ostean, egun Baionako Sokorri Katolikoak aterpetuta, Eva Moumneh kanporatze agindu baten jomugan dago ekainaren 1etik. Bi apelaziok erabakiko dute gure herrian segitzerik izango duen edo Poliziak Libanora bueltatuko duen.

Eva Moumneh erizaina zen Beiruten.
Eva Moumneh erizaina zen Beiruten. (Patxi Beltzaiz)

Ahots ikaratiarekin, «ezin naiz nire herrialdera bueltatu» dio Eva Moumnehek. 38 urteko emakume libanoar honek, Estatu frantsesean hamar urte bizi izan den arren, ezin izan du asiloa edo bizileku-baimena lortu. Baionako Sokorri Katolikoa erakundeak aterpetuta dago Euskal Herrian, baina lurraldea uzteko agindua –bere etorreratik jaso duen hirugarrena– eta hiru urtean bueltatzeko debekua jaso ondoren, ekainaren 26an errekurtsoa aurkeztu zuen Paueko Administrazio Auzitegian.

Oztopo administratiboak

Bere kalbario legala hitz batekin deskribatzen du Moumnehek: «nekagarria». Asilo sistemaren bideek hori erakusten dute. Alemanian eman zioten baimenarekin 2016an Estatu frantsesean legez sartu zen arren, 2017an lehenengo babes eskaera atzera bota zioten; 2018an Asilo Auzitegiak berretsi egin zuen erabakia. 2024an, bere kasua berrikustea galdegin zuen eta 2025eko urrian ukatu egin zioten.

Ordutik, Delphine Meaude bere abokatuak behin eta berriz apelatu du oraindik epairik eman ez duen Asilo Auzitegiaren aurrean. Meauderentzat ez da arraroa herrialde bateko segurtasun egoera errotik aldatzen denean Auzitegiak erabakiak atzeratzea. «Libano eta Israel arteko egoera argitzea itxaroten ari dira gure eskakizunen bezalakoei erantzuteko». Asilo Auzitegiak erabaki beharko du, lehenik, Libanoko egoerak nazioarteko babesa ematea justifikatzen ote duen, eta, ostean, Auzitegi Administratiboak kanporatze aginduaren legezkotasuna aztertuko du.

Kontakizuna Beiruten jaioa, Eva Mounehek, bere identitate sunitagatik urteetan pairatu indarkeriaren eta bazterketaren ondoren, Libano utzi behar izan zuen. Erizain izateko ikasten ari zela jasandako eraso baten berri ematen du, ustez erlijioz aldatzeko presionatu zuten ikasle xiitek labanez egindakoa. Erbesteratu geroztik, bizileku-baimen faltagatik lan egiterik izan ez duen Moumnehek adierazten duenez, «xiitak nonahi daude Libanon, bereziki ospitale eta kliniketan». «Beldurrez» bizi dela aitortzen du Moumnehek.

Tratamendu psikiatrikoan dago, eta ziur dago Libanora bueltatzeak bere beldur eta larriminak bizkortuko lituzkeela, bereziki Al-Moustakbal alderdi sunitarekin izandako harremanengatik Beiruteko aireportuan bertan identifikatuko luketela­ko; «zerrenda beltz batea­n nago». Hezbollah eta Amal mugimendu xiiten errepresalien beldur da, eta badu horretarako arrazoia: anaia Libanora bueltatu zenetik familiak ez du haren berri, desagerturik dago.

Urteak eta erroak

Ipar Euskal Herrian gurasoekin bizi da Moumneh, Donapaleun, eta beste anaia batek familia osatu du Baionan. Beren migrazio-egoerak eta paperak erregularizatu dituzte. Hendaiako Atxikitze Administratiboko Zentroan Cimade elkartearen ordezkaria den Maite Etcheverryren aburuz, «Evaren bizitza pribatu eta familiarra bertakotua dago erabat». Etcheverryk honela laburtu du Moumnehen kasuaren irakasgaia: «Inor ez dago kanporatzeaz salbu, ezta hemen urte luzez bizilekua edo familia izanda ere».