
Proposamen kitzikagarria zen oso eta gustura joan ginen aditzera. Jardunaldiak azken mendeetan Euskal Herrian panorama erlijioso eta espiritualean izandako eraldaketa sakonaren berri ematea zuen xede. Eraldaketa hori ulertzen laguntzea, erlijioari atxikimendua erakutsi dioten ibilbide ezberdinetako ahotsak jasotzea. Katolizismoaren eraginaren gainbehera historikoaz, sekularizazio prozesu azkarraz eta migrazioak bultzatutako aniztasun gero eta handiagoaz hausnartzea.
Jardunaldiaren eragilea Eusko Ikaskuntza garatzen ari den ‘Sinesmen-dibertsitatea eta komunitatearen ehuntzea. Erlijioen arteko elkarrizketa eta gizarte-kohesioa’ proiektuko taldea zela azaltzen zuen atarian banatutako paperak. Programan jasotako mahai ingurua benetan zen interesgarria: Mondragon Unibertsitateko irakasle Jon Sarasuak gidatuta, euskal gazte katoliko bat eta musulman bat elkarrizketan jarri behar zituen. Pena hartu nuen Salima Ahmiduch El Haddouti bakarrik egongo zela jakitean. Azkar kontsolatu nintzen, mahai ingurua elkarrizketa sakon bilakatuta, testigantza eder eta argia eman zuelako.
Joan-etorriko bidaia
Euskal herritarra, Afrika Iparraldeko jatorrizko kultura batekoa, identitatez amaziga den Salimaren hitzartzea baino lehen Sarasuak galderatxoak egin zizkion. Nor bere buruaz sakon aritzea galdegiten zutenak. «Gasteizen jaioa, jatorriz Rifekoa naiz, amaziga –aurkeztu zuen bere burua–. Oinarrizko nutrizionismoan lan egiten dut, baita buruko gaitzen elkarte batean gizarte-integrazioan ere. Emakumea, musulmana, euskalduna eta amaziga izateak nire bizitzan asko eta oso sakon markatu nau».
Eta egin duen prozesua aletzen hasi zen: «Ni naizena aurkitzea, bide bezala, oso konplexua izan da, eta izaten jarraitzen du. Nik uste bidea ez dela inoiz bukatuko. Mugimendu sozialetan eta komunitatearen aldeko proiektuetan parte hartzen saiatzen naiz, feminismo intersekzionala landuz, antirrazismoa, dekolonialitatea… Migrante edo migranteen alaba garenok zeharkatzen gaituzten kontu horiek guztiak lantzeko egiten dut, horrela Euskal Herriarekin lotzeko».
Egindako bidea azaltzen jarraitu zuen: «Nire bidaia espirituala joan-etorri bat bezala bizi daiteke. Konplexua izan da nire izatearen elementu guztiak integratzea. Izan ere, zure buruari nongoa zaren galdetzean, azkenean oso gauza traszendentalak galdetzen dizkiozu: nor zaren, zure bizitzan aukeratu ez dituzun ze elementu zeureganatu dituzun, ze elementu arbuiatu dituzun beste batzuekin elkarrekin bizi ezin zitezkeelakoan… Kanpora bizitzera joan nintzen; familiatik urrundu eta beste gauza batzuk ezagutu eta esperimentatzeko aukera izan nuen. Pentsa, kapera mormoi batera zazpi hilabetez mezetara joaten egon nintzen!».
Eta historia horretatik kuriosoena, honakoa da: «Gero eta kanporago joan, bizitzaren zentzuaz gero eta barrurago galdetu, erantzunek jada banekizkien gauzen oihartzuna zutela ikusi nuen. Topikoa dirudi, baina sentitzen nuen erantzun horiek islamaren eta jatorrizko amazig espiritualtasunaren barnean bizita nituela. Berriz hasi nintzen sufismoaren aldaeratik islamaren espiritualtasunaz irakurtzen, baita beste aldaera batzuetatik ere, eta nik bilatzen nuenari oso erantzun orekatuak eta koherenteak aurkitu nituen».
«Gero eta kanporago joan, bizitzaren zentzuaz gero eta barrurago galdetu, erantzunek jada banekizkien gauzen oihartzuna zutela ikusi nuen»
Garapen pertsonal, fisiko eta mentalean, barne mundua elikatzea falta zitzaiola sentitu eta meditazioa nola egin bilatzeari ekin zion. «Eta, hara!, islamaren espiritualtasunean bazen espazio bat isiltasunarentzat, nor bere baitara biltzeko, otoitzarako, oroitzarako… Eta hori izan zen: ‘Zer ari da hemen gertatzen?’. Nolabait nire kulturarekin berriz ere konektatzen hasi nintzen, neurea lez berriz identifikatzen; nolabait, itzultzea zen».
Biak eskuz esku
Eta gaur nola bizi du espiritualtasuna? Nola erabaki zuen beloa janztea? «Mekara pelegrinajea egin nuen. Nire amona lagundu nuen, banekien oso inportantea zela berarentzat. Bidaia oso inportantea izan zen niretzat. Urte berean ramadana egin nuen, barau-hilabete osoa, eta niretzat, nolabait, erretiro espiritual baten modukoa izan zen. Nola zen posible hilabete oso batez gelditzea zure eguneroko bizitzan zarata, presa, lehia eta lana besterik ez zegoenean? Nola zen posible gelditzea, berriz konektatzeko? Lehentasunak ordenatzeko inportantea izan zen, nire bizitzan espiritualtasunari ze garrantzia eman nahi nion erabakitzeko».
Eta hartu zuen erabakietako bat hijaba jartzea izan zen. «Emakume bakoitzak bereak eta askotarikoak diren arrazoiengatik jartzen du. Nik jartzea erabaki nuen nire buruarekiko konpromisoagatik, espiritualtasuna nire egunerokoaren parte izatea nahi dudan oroigarri moduan. Jarri baino lehen oso zalantzati nengoen, oso urduri, badakidalako nola tratatu duten nire ama, nire ahizpak; azkenean pribilegio askori uko egitea da, uste baino gehiagori. Gustatuko litzaidake normaltasun osoz bizitzea, kalera atera eta inork ezer ez kuestionatzea, une oro justifikatu behar ez izatea. Zure sinesmena besteena bezain legitimoa eta justua izan daitekeela errespetatzea».
Amazigeraren aldeko lan militantean espiritualtasunak zer lotura inguruan galdetuta, Salimak honela erantzuten du: «Ez nituzke banatuko, niretzat jatorrizko hizkuntzen aldeko borroka espiritualtasunarekin eskuz esku doa. Ulertzen dut gizakia Jainkoaren kreazioa den heinean berezko duintasuna daukala, eta duintasun hori ondorio politiko eta sozial batzuekin lagundua datorrela. Berdintasunik ezaren aurrean indiferentea izanik ezin dut espiritualtasuna ulertu. Musulman izateak ez du nire euskalduntasuna txikiagotzen, baina erronka bat badago tartean: emakume musulmanez hitz egiten da guri hitza eman aurretik. Horrek oso errotuak dauden aurreiritziak indartzen ditu, oso kalkulatuak diren diskurtsoekin bustitzen du gizartea; sare sozialekin, bereziki gazte jendea».
«Ez nituzke banatuko, niretzat jatorrizko hizkuntzen aldeko borroka espiritualtasunarekin eskuz esku doa»
Faltan botatzen ditu espiritualtasunaz normaltasunez hitz egiteko topaguneak, «bizitzaren auzi handien inguruan mahai baten bueltan konpartitzea, ‘zergatik gaude hemen?’ elkarrekin pentsatzea». Bestalde, integrazioaz edo gizarteratzeaz hitz egitean, «parte izateko zure parte batzuei uko egin behar» diezula iruditzen zaio.
Nork berea bilatu
Kristautasunaz galdetuta, honakoa dio: «Gure ahizpa den erlijioa bezala sentitzen dut. Ez dut sekula mehatxu bezala ikusi. Erlijio polita da, askotarikoa; kristautasunak eta islamak, biek dute elkarri zer erakutsi».
Publikoan zen kristau batek inbidia sano bat aitortu zion: «zuek otoitz egiten duzuelako, egiazki, transzendentalki, eta, guk, kristauok, hori galdu egin dugulako». Salimak, hitzak eskertu eta aitorpena ere egin zuen: «Pertsonalki gehien betetzen nauen gauzetariko bat otoitza da. Pila bat eskertzen duzu. Esnatu eta pentsatzen dudan lehen gauza hori da: hau da momentua otoitz egiteko, isiltasunean egoteko, neure burua berraztertzeko: ‘nola nago gaur?’, ‘nola harremantzen naiz besteekin?’… Eta gero baraua dago. Hilabete sakratua bezala ezagutzen da, baina hori baino askoz gehiago da. Ez da bakarrik janariaren baraua, esaten duzunaren, entzuten duzunaren baraua da. Desintoxikatzea ere bada».
«Egunean bost aldiz gelditzeko gai izatea, isiltasunarekin bat egiteko eta zu baino handiagoa dena aitortzeko. Askatu egiten zaitu dena zure kontrolpean dagoen sentsazio horretatik»
Publikotik azken galdera batekin bukatu zen saioa: onartzen duzu ortodoxia islamiarra? «‘Desikasi berrikasteko’ egin nuen prozesuan konturatu nintzen espiritualtasun islamiarra bizitzeko milaka modu daudela, Gasteizen, Marokon edo Indonesian guztiz ezberdina dela. Nork berea bilatu behar du. Begira, niri kontatu zidaten hilekoa izatean ezin genuela otoitz egin, ez dizulako uzten Jainkoari hurbiltzen, zikinduta zaudelako. Eta, gero, kontua guztiz kontrakoa da. Ez da zikina zaudelako, baizik eta errespetatzen delako hilekoarekin ez duzula energia berdina, ez duzula aurretiko jarrera, eta, beraz, atseden hartzea da. Oso bestelako planteamendua. Eta beste kontu asko deskubritzen jarraitzen dut. Aurkikuntza etengabea da. Baina bake asko ematen dit».

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

Muere un montañero guipuzcoano de 63 años al caer por una ladera en Ordesa

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

