Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Talde italiar batek K7 mendian emaitza bikaina erdietsi du

Giacomo Mauri, Matteo Della Bordella, Micro Grasso eta Luca Ducolik ‘Rollercoaster’ bidea sortu dute seimilakoaren hego-ekialdeko horma zorrotzean. Sei eguneko lan eskergaren ondoren, gailurretik 350 metrora atzera egin behar izan dute erlaitz arriskutsuengatik.

Italiarrek K7 mendian bide gogor eta arriskutsua zabaldu berri dute.
Italiarrek K7 mendian bide gogor eta arriskutsua zabaldu berri dute. (ESPEDIZIO ITALIARRA)

Matteo Della Bordella alpinista italiar zailduak apustu handia egin zuen Karakorumeko mendilerroan (Pakistan) dagoen K7 mendiarekin (6.934 m). Eta, oro har, bikain atera zaio. CAI taldeak (Club Alpino Italiano) babestu zuen helburu hori, eta ia zazpimila metroko mendi horretan arrakasta izateko talde oso indartsu batekin bat egin zuen: Giacomo Mauri, Mirco Grasso eta Luca Ducolirekin.

Irudian ikusten den bezala, aukeratutako mendia zaila da; are gehiago italiarrok jardun behar zuten horma. Hego-ekialdeko murru tentea zein zorrotza zain zuten. Bada, ekinaren 24tik 29ra, sei eguneko eskaladaren ostean, laukoteak ibilbide luze eta teknikoki oso gogorra zabaldu zuen: ‘Rollercoaster’ (M7, WI5+, A1 eta 1.600 metro). Italiarrek lerro berriari jarri dioten izena adierazgarria da oso, roller coaster ingelesezko terminoak “errusiar mendia” esan nahi baitu. Eta Della Bordellak dioen modura, behin betiko ekinaldian eskarmentu zinez gorabeheratsua bizi izan zuten: «Mendiak agindu zuen; onartu behar dut emozioz betetako errusiar mendi baten zurrunbiloan sartu ginela. Sei egun horietan den-dena eman eta abentura itzela bizi izan genuen. Lerro horretan bihotza zein arima utzi genuen, arriskuaren sentsazioak igoera osoan iraun zuen eta horregatik diogu abentura hori gure bizitzetan betiko txertatuta geratuko dela».

Nahiz eta arrakasta itzela lortu duten ibilbide horrekin, aurpegiaren lehena izan da, ez zuten tontorra zapaltzerik izan. Sei eguneko lan eskerga egin eta gero, taldea hego-mendebaldeko ertzera heldu zen. Gertu zuten gailurra, 350 metrora, baina erlaitz arriskutsuengatik ginga hori atzean utzi eta jaitsi egin ziren. Denera, hogeita hamar luze eskalatu zituzten ukitu gabeko hormatzar horretan estilo alpinoan eta hormaren erdi-erditik. Eta irakurri bezala, izotzezko tarte bertikalak, mistoak, artifizialak eta arrokazkoak izan ziren “Rollercoaster”-en osagai nagusiak. 

Della Bordella, Mauri, Ducoli eta Grassok hego-mendebaldeko isuria lehen aldiz igo dute. (ESPEDIZIO ITALIARRA)

Italiarrok aurreratu dute kondizio oso nahasiak izan zituztela. Oro har, murru ia osoa elurrez estalita zegoen. Pena handia hartu zuten kondizio horiekin arrokan gutxi eskalatu zutelako. Hots, pioletekin eta kranpoiekin makina bat metro egin zituzten. Neurri batean, egoera horrek zaildu zuen mistoan eginiko progresioa. Izotzean, berriz, gustura jardun zuten; batez ­ere, 6.400 metrora zegoen izotz-jauzi tente batean. Ukitu zuten granitoa, berriz, kalitate handikoa zen, baina, diogun bezala, era askean eskalatzeko ez zuten ia aukerarik izan. Bederen, egin zuen hotzak luiziak saihestu zituen.

Alpinista italiarrek aldeko beste arlo bat ere izan zuten: eguraldia. Behin betiko saialdia egin aurretik, elur asko egin zuen. Horrek aukeratutako horma erabat elurtuta utzi zuen. Gainera, azken eskalada horretarako zortzi eguneko leiho on bat iragarri zieten. Ondo aprobetxatu ondoren, Ducoli, Mauri, Della Bordella eta Grasso gai izan ziren K7 mendiaren hego-ekialdeko isurialdean lehen ibilbidea sortzeko.

Amore eman

CAIko espedizioa kanpaleku nagusira iritsi zenean, eszenatoki ederra zein erakargarria aurkitu zuen. Parez pare, seimilakoaren ekialdeko eta hego-ekialdeko horma erraldoia. Azken murru hori ukitu gabe zegoenez, erabakia oso argia zen. Zenbait egunez zabaleran hiru kilometro eta garaieran bi dituen pareta aztertu ondoren, une jakin horretan kondizio egokienak eskaintzen zituen ibilbidea aukeratu zuten. Lerro gertukoena kilometro batera zuten; hain zuzen ere, hirukote estatubatuar batek ekialdeko aurpegian zabaldutakoa.

Ohiko aklimatazio fasea amaitu eta eguraldia baretu zenean, alpinistok prest zeuden helburura abiatzeko. Tresneria guztia garraiatu, hormaren oinarrira heldu eta sei eguneko eskalada zorrotza zain zuten. Aurreratu dugun bezala, murruak zituen kondizioak ez ziren guztiz onak. Elur asko zuenez, erritmoa mantsotu egin behar izan zuten. Artesi asko elurrez eta izotzez estalita zeuden, eta garbitzen denbora asko egin zuten. Horrez gain, progresioa ez zen batere atsegina izan, besteak beste, euren buruak babesteko jarri behar zituzten friendak eta trabagailuak ez zirelako seguruak. Beste era batere esanda: eskalada arriskutsua izan zen.

Protagonistok onartu dute eskaladak une oro zalantzak sortu zizkiela. Zailtasun teknikoak oso handiak ziren, eta atzera egiteko erabakiaren mamua gainean zuten. Baina egoera irauli eta pixkaka-pixkaka luze gogor horiek gainditzen joan ziren. Hormaren kondizioekin egoera bera bizi izan zuten. Horma oso elurtuta zegoenez, arazoak biderkatu egin ziren. Bibakak antolatzeko ere, lan eskerga egin zuten. Egun jakin batean, hiru ordu izotza zulatzen jardun zuten denda bat leku deseroso batean altxatzeko. Eragozpen asko izan ziren, eta horregatik jarri diote “Rollercoaster” izena eskalatutako bideari.

Aurreratu dugun bezala, 1.600 metroko ibilbide hori sortu eta hego-mendebaldeko ertza zain zuten. 350 metrora K7 mendiaren gailurra zegoen, baina ginga hori jartzea baztertu zuten. Azken metro horietan zirela, alpinistok zirt edo zart egin behar zuten. Ertza oso-oso arriskutsu zegoen: elur asko eta erlaitz ezegonkorrak. Azken erabakia hartu aurretik, gainera, elurrezko erlaitz bat amildu egin zen. Argi zegoen: jaistea zen erabaki zentzuzkoena.

Alpinistok sei egun behar izan zituzten behin betiko ekinaldirako. (ESPEDIZIO ITALIARRA)

Laukote italiarra igotako ibilbide beretik jaitsi zen. Horretarako, makina bat rappel egin behar izan zituzten. Goiko sekzioan abalakovetatik rappelatu zuten, eta, ondoren, iltze eta trabagailu asko jarri zituzten maniobra bera egiteko. Azken 700 metroak korridore batetik (50º-60º) deseskalatu zituzten. 

‘Rollercoaster’ zabaldu eta kanpaleku nagusira heldu ondoren, protagonistok honako hausnarketa egin zuten: «K7 mendian bizi izan genuen esperientzia itzela izan zen. Mendi garaiak, isolatuak, izoztuak eta ederrak bilatzen ditugu gure ametsak bete ahal izateko. Eta mendi horrek hori guztia eskaini digu. Horrez gain, oso kondizio txarrak izan ditugu, baina, hala ere, den-dena eman genuen eta horrek asko bete gaitu. Nahiz eta gailurra ez dugun zapaldu eta arantza hori geratu zaigun, argi dugu gure espedizio zorrotzenetarikoa izan dela. Oso desberdina izan da K7 mendian egin dugun jarduera. Arrokan askoz ere gehiago eskalatzea espero genuen; katu-oinak ez genituen motxiletatik atera! Baina beti izan genuen jarrera positiboa, eta arlo hori arrakastaren giltza izan daiteke. Oso inspiratuta egon ginen, batez ere zailtasun tekniko handi horiek gainditzeko. 6.000 metrora tarte zorrotz horiek igotzeak asko eskatu zigun».