Bagoiak hustuta, bezeroak haserre, eta AHT aurrera
Pasa den asteburutik, herrien arteko Renfeko zerbitzua etenda dago Irun eta Hernani artean. Udan lanera joateko trena gutxiago erabiltzen dela arrazoituz hustu dituzte bagoiak, baina aldaketek hainbat erabiltzaileri eragiten diete, eta hauen haserrea nabarmena da.

Goizeko zortziak, egunero bezala haien herriko Renfeko tren geltokian zain daude lanera doazenak, baina gaur ez dago trenik, ez da trenik izango pasa den larunbatetik, uztailaren 25etik, irailaren 6ra arte. Arrazoia, Adifek Gipuzkoako trenbide-sarean egingo dituen AHTren obrek eragin handia izango dutela pasa den asteburutik aurrera aldiriko, distantzia ertaineko zein luzeko trenen zerbitzuan; are, uda honetan ez ezik, udazkenera arte izango dute lanek eragina, uztailaren 25etik urriaren 18ra etengo baita tren-zerbitzua tarte eta ordutegi jakin batzuetan.
Irun eta Hernani artean izango dira eraginik handienak; tarte horretan trenen zirkulazioa erabat etengo da uztailaren 25etik irailaren 6ra bitartean; irailaren 7tik aurrera, berriz, Irun-Brinkola linean tren-zirkulazioa baimenduko da astelehenetik ostiralera 04.30etik 17.30era bitartean. Murrizketa horiek indarrean dauden bitartean, Renfek errepidez eskainiko du zerbitzua. Horrez gain, beste mozketa batzuk ere izango dira trenbideetan, kontuan hartu gabe egun bakoitzean trenek izan ditzaketen gorabehera puntualak.
Mozketak uztailetik irailerako tartean egitearen arrazoia, udako erabilera beherakada da, jendeak ez omen baitu asko erabiltzen trena oporrak medio. Larunbatean eten ziren trenak Gipuzkoako bi herrien artean, baina aurreko astean bagoietako aulkietan jendea zegoen eserita lanera bidean, urte osoan bezala. Hernanitik Irunerako bidea egin zuen, adibidez, Tirsa Noemy Ortezek; egunero egiten du. Hernanin bizi bada ere, Irunen adineko pertsona bat zaintzen lan egiten du, eta etenaldiak denbora asko galarazten diola azaldu zuen: «Normalean 45 minutu inguruko bidaia egiten dut, etenaldi honekin, berriz, ordu eta erdi beharko dut. Autobusez joan beharko dut Donostiara, eta, jarraian, Euskotren batean Irunera».
«Normalean 45 minutu inguruko bidaia egiten dut, etenaldi honekin, berriz, ordu eta erdi beharko dut»
Lan bat baino gehiago egin behar ditu Ortezek aurrera egiteko; goizetan aipatutako Irungo pertsona zaintzeaz gain, arratsaldez Hernanin beste lan bat du. Urtean zehar batetik besterako bidea trenez egiten du, tartean etxean deskantsatzeko denbora izanik; udako murrizketen ondorioz, berriz, batzuetan lan batetik bestera «zuzenean eta korrika» joan beharko du.
Etenak Juliana Montillari ere eragiten dio. Donostiako Egia auzotik Irunera joaten da egunero 21 urteko gaztea, bertan egiten baitu lan azazkalak konpondu eta edertzeko zentro batean. «Egunero hartzen dut trena, eta udan ere lana egin behar dut, beste askok bezala; orain, ordea, ez dugu trenik izango ia bi hilabetez!», aipatu zuen. Arduratuta zegoela aitortu zuen, batik bat, tarte horretan jarriko dituzten autobusen inguruan informazio gutxi zuelako. «Informazio gutxi izateaz gain, autobusak trafikoaren menpe daude, eta, errepidean ilararik egonez gero, berandutzeak ohikoak dira, lanera berandu iristea eraginez», azaldu zuen. Gaineratu zuen autobusak «jende askok» erabiltzen dituela, eta ez dutela trenen edukiera bera, eta, ondorioz, bidaia «deserosoa» izan ohi dela. Bestalde, ordutegiak ere aldatu direla aipatu zuen Montillak, eta bat egin zuen Ortezek: «Nik egin beharreko bide berria ez da aurrekoa bezain erosoa; eskainiko duten moldaketak nire ordutegiak aldatzen dizkit, eta, beraz, bi garraiobideak, trena eta autobusa, erabili beharko ditut mugitu eta garaiz iristeko».

Trena Hernanitik Irunera heldu ostean jaitsi ziren bertatik Ortez eta Montilla, eta trenak bueltako bidea hartu zuen. Pasaian eta Ategorrietan bi emakume igo ziren trenera. Lehena Urnietara bidean eta bigarrena Tolosarantz, elkarrekin eserita zeuden, urtean zehar egunero partekatu ohi duten bidea egiten. Gaiaz galdetzean haien umore ona aldatu egin zen, eta urtean zeharreko ohiko bidea etetea haientzat «traba handia» dela azpimarratu zuen pasaitarrak: «Udan lanean jarraitzen dugunontzat beste bide bat bilatzea zaila da, batik bat, autobusak jartzen dituztela esaten dutelako. Baina iaz behintzat, Donostian autobus aldaketa egitea ezinbestekoa zen, eta, jakina, beti gertatu daitezke errepideetako ohiko gorabeherak».
«Hilabete eta erdiz izango da trena moztuta, ez da ohikoena tarte oso horretan oporrak izatea, jende askok egiten dugu lan udan eta nekagarria da urtero moldatzen ibili behar izatea»
Donostiako Ategorrietako geltokian trenera igotako emakumeak azaldu zuen bere kasua berezia dela, eta, hala, bere burua zorteduntzat jo zuen: «Nik aukera dut nahi dudanean etxetik lan egiteko, zorte onekoa naiz; baina orain ez da nahi dudalako izango, behartua sentitzen naiz etxetik lan egitera bidean galduko nukeen denbora ikusita». Biek adierazi zuten, jendeak udan lan gutxiago egiten badu ere, gehienez bi aste izaten dituztela jai eta ez uda osoa: «Hilabete eta erdiz izango da trena moztuta, ez da ohikoena tarte oso horretan oporrak izatea, jende askok egiten dugu lan udan eta nekagarria da urtero moldatzen ibili behar izatea».
Mozketen eta egin beharreko moldaketen aurrean, lanera bidean zihoazen lau emakumeak kexu ziren, eta haserre, batik bat ez delako horrelako etenaldiak jasaten dituzten lehen uda. «Hiru urte daramatzat trena hartzen eta badira uda batzuk aldaketak egiten aritu naizena», azaldu zuen pasaitarrak. Ortezek azken hiru urteotan moldatu behar izan duela kontatu zuen, eta, iaz, mozketen ondorioz, bizitokia ere aldatu behar izan zuela: «Iazko udan Irunera bizitzera joan nintzen, trenen aldaketak zirela-eta ez nintzelako lanera garaiz helduko. Ez da erraza halakoak egin behar izatea trenbidean egin beharreko lan batzuen ondorioz».
Lanera bidea zihoan Victor Paredes ere, Irunen igo eta Zumarragara heltzeko asmoz. Azaldu zuenez, etenaldia baina egun gutxi batzuk lehenago izan zuen lanen berri: «Ez da posible trena hainbeste arazo ematen dituen garraiobidea izatea, eta, gainera, hain denbora luzez jarduna etetea. Ez nuke tren hau hartuko beste aukerarik banu; batzuontzat ezinbestekoa da».
Tren zerbitzua, gero eta okerragoa
Erabiltzaile askoren hitzetan, tren zerbitzua «egoera txarrean dago». Askok azaldu dute herrien arteko tren zerbitzua ahalik eta gutxien erabiltzen dutela eta beste garraiobide batzuk erabiltzen saiatzen direla, egunetik egunerako aldaketen eta ezbeharren ondorioz batik bat.
«Gaur, adibidez, istripu bat egon da, ondorioz, Tolosa eta Villabona artean autobusa jarri dute eta trena nahikotxo berandutu da. Hori noizean behin gertatuko balitz, tira, baina arazoak oso maiz ditugu, eta lanera edo bakoitzaren hitzorduetara berandu iristea eragiten du», salatu zuen Paredesek. Lanera joateko ia linea osoa erabiltzen duela kontatu zuen, eta bi ordu behar izaten dituela bidea egiteko. Moztuko den lineak Gipuzkoako herri asko lotzen dituela aintzat hartuta, uste du azkarrago eta maizago bidaiatzeko aukera eman beharko lukeela. «Ulertzen dut Renfe ez dela Gipuzkoako enpresa bat, badakit horrek ere eragin handia duela, ikusi besterik ez dago adibidez Madrilen zein ondo dabilen, edo Valentzian», azaldu zuen haserre. Renfe Gipuzkoan zentratutako enpresa ez izan arren, «zaindu beharrekoa» da bere iritzian «autonomia erkidego guztietan zerbitzu egokia ematea». Konparaketa egin zuen behin eta berriz Euskotren zerbitzuarekin, eta azaldu zuen aukera duenero nahiago izaten duela Euskotren bidez mugitu; azaldu zuenez, erabiltzaile kopurua alderatuz gero, «nabarmen ikusten da zerbitzu batek bestearekiko duen aldea».
Lasaiago aritu ziren gai horren bueltan Pasaiako eta Donostiako bi lagunak, baina antzeko iritzia zuten. Kontatu zuten beste aukeraren bat badutela lanerako bidea egiteko, baina, haientzat, «berez», erosoena Renfeko aldirietako trena dela. Hala ere, «egunetik egunera zailtasun gehiago» topatzen dituztela azpimarratu zuten biek.
«[Doan bidaiatzeko aukera ematen zuten] Eskaintza horiek amaitu eta berriro ere jaitsiera nabaritu da; lehenago egoerara itzuli gara»
Donostiarrak gehitu zuen, prezioa ere kontuan hartu beharreko auzia dela, batik bat zerbitzua eta ordaindu beharrekoa alderatzean; hilabeteko bonuak erosten dituztenentzat, adibidez, zerbitzua uztailaren amaiera baino lehen eteteak diru galera eragiten du, txikia bada ere. «Covid-19aren ondoren aukera eman zuten dohainik bidaiatzeko, eta orduan erabiltzaile igoera handia izan zen, jende asko hasi zen trena erabiltzen. Eskaintza horiek amaitu eta berriro ere jaitsiera nabaritu da; lehenago egoerara itzuli gara», kontatu zuen.

Paredesek ere aldarrikatu zuen prezioak ez duela bat egiten egun tren zerbitzuak dituen gorabehera eta arazoekin. «Normala iruditzen zait trena geroz eta jende gutxiagok erabiltzea, azpiegituretan eta antolakuntzan arazoak dituztela bistakoa baita. Baina batzuontzat beharrezkoa da trena hartzea, eta hobekuntzak lehenbailehen behar ditugu», azpimarratu zuen.
Gaiaren bueltan aritu ziren bezeroen umoreak aldaketa jasaten zuen zerbitzuaz hitz egiteko unean. Denek zuten eskaera bat egiteko, frustrazio bat kanporatzeko edota haserrea ardatz aldarrikapen bat egiteko. Era berean, hurrengo asteetako ordutegiak eta bidaiak antolatzeko plangintzak egiten ari ziren guztiak, udan zehar espero gabeko trabarik ez izateko.
Kontuak kontu, pasa den asteburutik aurrera, autobus gehiago ari dira hara eta hona Gipuzkoako errepideetan, eta udan lan egiten dutenek euren jarduerak ordutegi berrietara moldatu beste aukerarik ez dute; erabiltzaileek azaldu bezala, «trafiko arazorik ez bada, garaiz helduko gara gure helmugetara». Hilabetez hala moldatu ondoren, irailean astean zeharreko jarduerak ordutegi mugatu batean berrekingo dira. Asteburuetan lan egiten dutenek, beste hilabete batez jarraitu beharko dute autobusak, Euskotrena edo autoa erabiltzen trena beharrean. Bitartean, jakina, AHTren lanek aurrera jarraituko dute.
«AHT egiteko lan hauek benetan zerbaitetarako balioko duten esperantza besterik ez zaigu gelditzen egun, bestela gure denbora galerak ez du ezertarako balioko, ezta gure buruhausteek ere!»
Etorkizunera begira, trenaren ohiko erabiltzaileek argi aldarrikatu zuten zerbitzuak hobekuntzak behar dituela, eta «hutsune nabarmenak» dituela maiztasunean, abiaduran eta antolakuntzan. «AHT egiteko lan hauek benetan zerbaitetarako balioko duten esperantza besterik ez zaigu gelditzen egun, bestela gure denbora galerak ez du ezertarako balioko, ezta gure buruhausteek ere!», adierazi zuen Paredesek. Bezeroak kontuan hartu, eta lanerako bidea erraztea besterik ez dutela eskatzen nabarmendu zuten gainontzekoek, «jadanik badagoen zerbitzua hobetuz berriak lehenetsi beharrean».

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»

Una transición energética justa, pública y renovable para Euskal Herria
Prefeturak gibelera bota du Sarak euskara ofizialki herriko hizkuntza izendatzeko deliberoa
