Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Ane Zubeldia
Idazlea

«Gauza oso errealez aritzeko modurik egokiena askotan ez da errealitatea»

Uda hau letren artean, baina irakurle gisa pasatzea espero du Ane Zubeldia idazleak, izan ere iaz amaitu zuen Mejillon Tigreren ikuskizunaren bira, poesia liburu bat argitaratu zuen, eta udaberri honetan iritsi da ‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ ipuin liburua. Ipuinez eta intuizioez aritu gara.

«Gauza oso errealez aritzeko modurik egokiena askotan ez da errealitatea»

Loading player...
Ane Zubeldiaren azken lana ‘Datorren urtean ez gara hemen biziko’ ipuin liburua izan da.
Ane Zubeldiaren azken lana ‘Datorren urtean ez gara hemen biziko’ ipuin liburua izan da. (Iñigo URIZ | FOKU)

Irati Zubiak «txakur idazle» bezala definitu zintuen liburuaren aurkezpenean. Intuiziotik egiten duzu lan?

Uste dut Iñigo Astizi hartutako konparazioa erabili zuela, Astizek esan omen zuen bazeudela idazle detektibeak eta  txakur idazleak. Detektibeak egitura oso ondo armatzen dutenak omen dira, oso pentsatuta dutenak eta horren arabera idazten dutenak. Eta txakur idazleak omen gara usain bati edo arrasto bati segika goazenak. Oso identifikatuta sentitu nintzen; kostatzen zait egitura aurrez pentsatzea, iruditzen zaidalako asko baldintzatuko nauela. Sentsazio edo intuizio bati tiraka idatzi ditut ipuin hauek, eta uste dut funtzionatu didala horrela lan egiteak, txakurren moduan.

Intuizio horiek idazten joan ahala indartu egin dira edo desagertu?

Intuizioak normalean gaiak izan dira, adibidez, ‘Fresno’ deitzen den narrazioaren oinarrian aitonak kontatutako istorio bat dago. Bere aitona Burgosko herri batean bizi zen, eta nire aitonaren aitak hara bidali zuen aitona hilzorian zegoen bere bigarren emaztea zaintzera. Kontatu zidanean ‘hemen zerbait dago’ pentsatu nuen, eta istorio egokia zela heriotzari buruz hitz egiteko; pertsona bat lehenengoz heriotzaren aurrean dagoenean zer gertatzen zaion, zer bide egiten duen. 

Zertaz hitz egin nahi nuen pentsatzen nuen, gai potoloak hartu: heriotza eta maitasuna. Azken finean uste dut beti horretaz hitz egiten dugula, eta uste dut bizitzan aurrera nindoan ahala topatu ditudala istorioak edo lekuak esaten zidatenak: ‘uste dut hemen hitz egin dezakedala honetaz’. Horiek ziren nire osagaiak eta horrekin lan egitera behartu dut nire burua, istorioren batean gaiak eskapo egin dit eta konturatu naiz beste norabait zihoala, eta joaten utzi diot.

 

«Gustatzen zait idealizatutako pertsona baten fragmentazioa ikuspegi ezberdinetatik eta pertsonaia ezberdinek errelatatuta ematea»

Iaz ‘Kontra’ poesia liburua argitaratu zenuen. Argi izaten duzu zein gai diren poesiarako eta zein narraziorako?

Nik uste nuen ez nintzela gai izango prosa idazteko, poesiak asko erakartzen nauelako bere forma guztietan, eta erreparoa ere banuen. Poesia maila atmosferikoago batean geratzen bada ez da ezer gertatzen, baina istorio batean istorio bat eskaini behar duzu, gertakari batzuk, ildo bat, trama bat, pertsonaia batzuk arazo batzuekin edo gertatzen zaien zerbaitekin, eta oso zaila iruditzen zitzaidan hori lortzea. Burutazio asko dauzkat, eta gero saiatzen naiz pentsatzen zein den formarik egokiena horri buruz hitz egiteko. 

Ipuinen barruan ere forma ezberdinak bilatu dituzu.

Bilaketa hori oso ederra izan da, nola aurkitu forma horiek. Hiru daude formatu ohiko bat daukatenak, eta beste batzuk ezohikoagoak edo esperimentalagoak. Adibidez, ‘Irautea posible balitz bezala’ ipuinaren forma Siri Hustvedti hartu nion ‘The Blazing World’ liburutik. Fikziozko artista baten ingurukoa da, eta fikziozko lan akademiko bat aurkezten digu: agertzen dira pertsona horri egindako elkarrizketak, bere laguntzailea izan zenaren testigantza, bere egunerokoaren zatiak… Pertsona horren inguruko mosaiko bat osatzen zoaz eta gustatzen zitzaidan ideia hori; idealizatutako, edo oso ongi ezagutzen ez dugun, pertsona baten fragmentazioa ikuspegi ezberdinetatik eta pertsonaia ezberdinek kontatuta. 

Ezer asmatzea zaila da, uste dut benetako lana elementuak ondo bildu eta modu egokian nahastean dagoela. Beste ipuin bat poema forman dago, eta ipuin horren kasuan hasieratik nekien zeri buruz idatzi nahi nuen, bizipen oso konkretu bat nahi nuen deskribatu, eta hitz lauz idazten hasten nintzenean gauza jasangaitz ñoño bat zen eta blokeatuta nengoen horrekin, testua oso pisutsua zelako eta ez zuelako funtzionatzen. Azkenean, poema forma eman diot.

Irudiek pisu handia dute. Lehenengo ipuina laburmetrai bat ere izan zitekeen.

Saiatzen naiz narrazio bisualak egiten irakurleari ahalik eta hobekien helarazteko sentsazio horiek guztiak. Diskurtsotik aldendu nahi izan dut, ez nuen horrenbeste zentratu nahi pertsonaia horren testuinguruak berarengan duen inplikazio esplizitu batean, pertsonaien bitartez azaltzean baizik. Sentsazioetan zentratzeak asko laguntzen dit; zer ukitzen duen, zer usaintzen duen, zer ikusten, nola harremantzen den bere inguruarekin eta nola eragiten dion inguru fisiko horrek berak dakarren horrekin guztiarekin. 

Ane Zubeldia, idazlea

Paisaiek eta giroak asko esaten dute, batzuetan espazio horiek errealak dira, besteetan ez. Nondik sortzea zaizu errazagoa?

Lehen lauretan lekuak errealak dira, niri asko laguntzen didalako horrek; Katalunian gertatzen den horretan, familiarekin urtero joaten gara bertara oporretan aspalditik, oso inguru ezaguna dut; Zuberoako erreka ere erreala da, nire lehengusinak bertan jaio ziren eta badut lotura toki horiekin... Badira toki errealak, horien barruan gertatzen dena ez da gertatu, baina asko laguntzen dit tokia ezagutzeak. Uste dut gutako bakoitzak norberak ezagutzen dituen paisaien barruan bizipen oso konkretuak izaten ditugula, lotura afektiboak eraikitzen ditugula toki konkretuekin eta orduan errazagoa zaigula toki horien barruan gerta zitezkeen gauzak imajinatzea, edo ondo aukeratzea zer kontatu paisaia horren barruan.

Azken bi ipuinak ez daude kokatuta. Nik zin egin nion nire buruari ez nuela inoiz maitasunari buruz idatziko, baina ipuin oso bat eskaini diot maitasunaren apologiari eta hausturak musikaren bidez erromantizatzeari [barreak]. Hor, adibidez, nahita ez nuen batere kokatu, bi hondartza agertzen dira, baina edozein hondartza izan daitezke. Eta definituta ez dauden bi pertsona agertzen dira, generoa ere nahita ez da zehazten, jendea istorio horretan proiektatzea nahi nuelako. Nahiz eta irakurleari ez deskribatu zehazki toki bat, nik badakit zein hondartzari buruz ari naizen, uste dut horrek laguntzen duela idazle moduan, eta irakurleari uste dut horrela iristen zaiola edozein hondartza, baina berea.

 

‘Irautea posible balitz bezala’ ipuinean hauxe diozu: «usaina da jaso ezin dudan bakarra, pena». 

Kuriosoa da esaldi batzuk ipuin bakoitzera nola iristen diren. Nire amonaren etxea saldu zutenean sekulako kasketa hartu nuen. Ematen zuen nire amona berriro hil zela, eta gogoratzen naiz esaten nuela: nahiz eta hemen gelditu ez dakit zenbat denbora, usaina galdu egingo da, toki honek existitzeari utziko dio. Ipuin liburua jaso ezin dena jasotzeko saiakera bat da; gauzak badoaz oharkabe, eta, nahiz eta zu asko eusten saiatu, ez da geratuko, izan usain bat edo errekako ura. Nik ez dut nire burua pertsona nostalgikotzat, baina banaiz gauza batzuk gorde nahi dituen pertsona bat, eta idazketan bilatzen dut argazkiek jaso ezin duten guztia jasotzeko.

 

«Kale garbitzaile bat kalea zaintzen ari den moduan, idazleak hizkuntza zaintzen ari garela pentsatzea nahi nuke, horretan lanean, gizartearen ertz hori zaintzen guztiontzako»

Barre txikia momentu askotan aterarazten dute ipuinek. Zaila da umorea egitea?

Niri asko gustatzen zait grazia egitea, zirikatzea. Iruditzen zait garrantzitsua dela literaturan ere horrelakoak sartzea, askotan ematen duelako gai batzuk oso serioak direla eta ipuin batzuek ez dutela inolako umorerik; nire buruaz barre egitea eta autoironia asko gustatzen zaizkit. Umoreak askotan irakurketa arintzen du, eta, aldi berean, sakontasun handia ematen die gauzei beste toki batetik.

Lurtarrak dira ipuin batzuk, eta beste batzuk fantasiarako tartea ere hartzen dute.

Hasieratik nuen argi ez nituela nahi ipuin oso errealistak, ez zutela zertan egon egunerokoari oso lotuta, eta esango nuke denek daukatela puntu bat ez dena guztiz errealista. ‘Erreka’ ipuinaren kasuan gorputzaren eraldaketaz hitz egin nahi nuen; paisaia ona iruditzen zitzaidan, sinbolikoki erreka badelako atalase bat, eta badakigulako Euskal Herriko erreketan laminak egon daitezkeela. Bat-batean erreala ez zen begirada bat sartzea interesgarria iruditzen zitzaidan, ez da ume batzuen haurtzaroen bukaeraz bakarrik ari, haratago doan zerbaitez baizik. Azken ipuinaren kasuan irudimen literarioaren botereaz eta egungo munduan duen paperaz hitz egin nahi nuen. Horri buruz nola hitz egin? Ba apokalipsi batean poeta bat bunker baten barruan kokatuta. Testuinguru errealista batek beti ez dizkigu eskaintzen tresnarik egokienak gauza oso errealez hitz egiteko; gauza oso errealez aritzeko, askotan, ez da modurik egokiena errealitatea.

Sorkuntza lanetan apokalipsia modan dago?

Ixiar Rozasi irakurri nion ‘Sonar la voz’ saiakera liburuan, behar duguna irudimen kritikoa dela, kapitalismoaren aurka egingo duen irudimen bat, etorkizunaren potentziala irudikatzeko gai dena. Ipuin horretan ere momentu batean esaten da apokalipsia, mundua amaituko dela pentsatzea, irudimen ariketa sinplista bat dela. Nola irudikatzen dugu etorkizun posible bat? Jar gaitezen horretara. Irudimen kritikoa aldarrikatu behar dugula uste dut etorkizun horren alde egiteko. 

Nolakoa da egunerokoan idazketa txertatzea?

Zaila da horrelako prozesu bat sostengatzea, denbora hartzea; nik, kasu honetan, laguntza ekonomiko bat izan dut eta hori oso ondo dator beti. Gozamen puntu handi bat ere egon da prozesuan, oso ederra izan da; literatura pentsamenduaren garraiobide oso interesgarria dela iruditzen zait. 

Niri gustatzen zait pentsatzea hizkuntza zaintzen ari naizela, eta ez bakarrik euskara, hori ere bai, niri dagokidan hizkuntza delako, baina hizkuntza eta pentsamendua orokorrean. Kale garbitzaile bat kalea zaintzen ari den moduan, idazleak hizkuntza zaintzen ari garela pentsatzea nahi nuke, horretan lanean, gizartearen ertz hori zaintzen guztiontzako, bakoitzak bere lanbidean egiten duen bezala. Ez dakit pixka bat erromantizatzea den, baina, bueno, azalpen hori aurkitu dut.