
Arratsaldeko 20.00ak Donostiako Konstituzio plazan, Kaleko Afari Solidarioetako kideek afariak banatzen behar lukete, lapikoak hutsik daude ordea, Donostiako Udalak debekatu baitu jarduera.
Egoera salatu eta erantzuteko asmoz herritar andana elkartu da asteazken iluntze honetan eta plaza txiki geratu da. Lapiko soinuz aldarrikatu dute «afaltzea ez da delitua». Kale egoeran bizi diren 300 pertsona baino gehiago jan gabe geratu dira, eta erabakia bultzatu duten alderdiak seinalatu dituzte mobilizazioan arrazakeria salatzearekin batera: «PNV, PP, PSOE= VOX».
Bolondresek gidatutako bi zutabeetan Gipuzkoa plazara egin dute mobilizazioa «Debekatua KAS, 300 pertsona afaltzeko alternatibarik gabe» oihukatuz; bertan elkartu eta berriro ere afariak banatu beharko lituzketen plazan elkartu dira, etxetik ekarritakoarekin afaltzeko.
«Debekuen gainetik, KAS aurrera» oihuen eta txistuen artean iritsi dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren parera. Alde Zaharreko kaleak txiki utzi dituzte manifestariek, taberna izkinetan turistak afaltzen ari ziren bitartean.

Protesta zaratatsuarekin egin dute Konstituzio plazara itzulera, eta bertan hartu dute hitza bozeramaileek: «Udalak 300 pertsona baino gehiago afaldu gabe utzi ditu atzodanik». Eta gehitu dute Udalak ez duela «alternatiba bateraturik» planteatu nahi izan. Jakinarazi dute, alkateak asteartean aldarrikatu zituen «ustezko baliabideak» ez direla aktibatu; eta afaltzera joan ohi diren pertsonei ez zaiela jakinarazi beste inolako alternatibatik edo baliabiderik eskura dezaketenik.
«Gainera, mespretxatu egin du hiri honetako eta inguruetako ehunka herritarrok egiten dugun lana, urte hauetan guztietan eskubiderik oinarrizkoenak ez dituzten pertsonekin egunero elkarbizitzen lortu dugun ezagutzari muzin eginez», ondorioztatu dute.
Hiru exijentzia eta lanean hasteko deia
Bestalde, Jon Insausti alkateak atzo egindako adierazpenak oso larritzat jo dituzte: «Baieztapen horiek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonenganako gorrotoa eta beldurra sustatzeko besterik ez dute balio, eskuin muturraren diskurtsoekin bat eginez», deitoratu dute.
Hiru exijentzia mahaigaineratu dituzte: debekua kentzea, harik eta erakundeek inor kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat antolatu arte. Bigarrenik «migrazioa eta delinkuentzia» lotzen dituzten diskurtsoak sustatzeari uzteko. Eta hirugarrenik herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari utz diezaiola Udalak.
Ostegun honetako bileraz ere mintzatu dira, eta alkateari dei egin diote KASekin elkarlanerako bideak irekitzeko prest dagoen erakusteko. «Exijentzia da gaur alkateari eta instituzioei eskatzen dieguna: hitz hutsak eta populistak alde batera utzi eta urgentziaz lanean hasteko».
Protesta egiteko erabilitako eltze hutsez gain, norberak bere afaria ere eraman du ekimenaren deitzaileei jarraiki, eta bertan egin dute afari solidarioa, «alkateari kasurik egin gabe». Hala ere, azpimarratu dute afaririk ez duela antolatu KASek, herritar bakoitzak berea eraman duela baizik, elkartasunez.
Mokaduari kantu batekin eman diote hasiera: «Quisiera ser alcalde, Donostiakua/ conseguiria para los pobres afari nahikua». Guztiek ez dute lortu sabela beteta lokartzea, ostegun honetan egingo den bileran irtenbidea lortzean jarriko dute arreta.

La provocación de Quiles con un acto fallido genera cargas y heridos en Iruñea

Ni un centenar de personas consigue congregar la manifestación ultra del MCP

Pozueta no repetirá como diputada de EH Bildu: «Llega el momento de ceder el testigo en Madrid»

Llaman a levantar un nuevo muro antifascista en Iruñea ante el acto de Vito Quiles




