
Gaur goizean Donostiako alkateak gosari informatibo batean 2025-2026 ikasturtearen balantzea egin du, eta aurrera begira hiriak izango dituen erronkak aztertu ditu. «Urtearen hasieran egindako gosari informatiboan aipatutako erronkei erantzuna eman zaiela aipatzen hasi nahiko nuke», hasi da Jon Insausti.
Azaldu du agintaldi honetako azken ikasturtea izango dela hau, beraz, «hauteskunde tramite horrek tindatuta egongo da ziurrenik, baina horrek ez du kentzen udal Gobernuak hiriak aurretik dituen erronkei eta desafioei erantzuten jarraitu behar izatea». Hala ere, adierazi du hiriko Gobernua sendoa dela: «Indartsua eta erabat kohesionatua da, eta horri esker, kurtso honetan atera ditugu hainbat ekimen. Gainera, egonkortasuna ematen dio Udalari eta hiriari, eta egonkortasun horregatik egiten du hiriak aurrera zalantzarik gabe».
Topaketan alkateak aipatu du Donostia aro berri batean sartzen ari direla, eta horren adierazle direla azken ikasturtean egindako azpiegitura lanak, «eraldaketa nabarmena ekarri baitiote hiriari». Azaldu du treneko azpiegiturak berritzeak aldaketa handia eragingo duela: «Atotxa prestatu dugu AHT iristen denerako, eta topo berria izango dugu, baina erdialdeko pasanteak ere hobetuko du egunerokotasunean dugun mugitzeko modua».
Era berean, erronka nagusitzat azpimarratu du Donostian bizi, lan egin eta bizi-proiektua garatu nahi dutenek hori egitea bermatu nahi dutela. «Etxebizitzaren esparruan aurrerapauso nabarmenak emango dira aurrerantzean, eta Hiri Antolamendu Plan Orokor berria erre berraktibatuko da. Bi ekimen garrantzitsu izango dira, eta irailean hasiko den kurtso politikoaren eta Donostiaren garapena markatuko dituzte», esan du Insaustik.
Etxebizitzen beharra
Ekimen horien artean, Gipuzkoako hiriaren behar handienetako bat etxebizitza dela aipatu du eta «lehentasun nagusitzat» jo du. Donostian bizi-proiektua pertsona gehiagok gara dezaten eta etxebizitza eskaintza handitzeko bideratuko duten estrategiaren parte izango dira hirigintza prozedurak arintzea, administrazioaren desburokratizazioa, bizitegi eremu berriak bultzatzea eta gainerako administrazioekin lankidetzan aritzea.
Gauzak horrela, 1.052 etxebizitza eraikitzen ari direla kontatu du alkateak: «Lorategi Hiria, Añorga Geltokia eta Infernua eremuetan eraikitzen ari gara, eta horri gehitu behar zaizkio Esnabide, Aldakoenea eta kartzela zaharreko lursailak, beste 359 etxebizitza inguru eraikiko diren guneak».
Bestalde, 2027ra begira jarrita, adierazi du posible izango dela 1.222 etxebizitza eraikitzen hastea, eta 2033. urterako 7.511 gehiago aurreikusten dituen planak aurrera egitea. Planen artean da Auditz Akular, Altza Berria, auzoaren garapena: «Donostiak badu bigarren badia bat, Pasaiako badia, eta Altza Berria inguru horren guztiaren birsorkuntzari erantzutera eta Donostiako klase ertain handiarentzako etxebizitza eskaintzera dator. Dugun asmoa da orain kontratazioa ateratzea, esleitzea eta urtea amaitu baino lehen irudikatzen hastea».
Hiriaren etorkizuna
Egingo duten beste berrikuntza HAPOa izango dela esan du Insaustik. Irailean berrartuko dute Plan Orokorraren berridazketa eta «honek hiriaren etorkizuna eta diseinua mahai gainean» jarriko dituela ziurtatu du: «Etxebizitzari dagokionez, eta baita ekonomikoa non emango den zehazteko pautak emango ditu plan berriak».
Irailetik aurrera, 2027ko aurrekontuak itxiko dituztela gehitu du, eta argi utzi nahi izan du bi adar nagusitan banatuta egongo dela aurrekontua: «Lehen adarra zaintza izango da, donostiarren zaintza, eta bigarren adarra, hiriaren zaintza izango da». Gaineratu du irailaren hasieran aurkeztuko dutela eta gainerako alderdi politikoekin ere negoziazio prozesu batean sartuko dela.
«Gaur gaurkoz Donostia posizio on batean dagoela uste dut. Zenbaki makroak begiratuz gero datu onak daude, ekonomikoki indartsu gaude eta erakargarriak garela esango nuke, segurtasuna eta bermea eskaintzen duelako», ziurtatu du Donostiako alkateak. Horregatik, ‘Donostiarra 2040. Topera’ ekimenak aurrera jarraituko duela azaldu du, eta prozesuan parte hartzeko aukera hiritarrei irekiko zaiela irailean. «Hiri mailako kongresu bat antolatuko dugu hiriaren etorkizunari buruz, eta hor itxiko dugu dokumentua», zioen.
Aurrera begira jarri eta proiektuen berri ematea zuen helburu gaur goizean antolatutako gosari informatiboak. Horrez gain, kazetariei tartea eskaini die alkateak zituzten zalantzak plazaratzeko, eta atzo emandako gertaeren berri galdetu diote.
Kaleko Afari Solidarioen problematika
«Segurtasunaren izenean kendu dira afari solidarioak? Bai baina ez bakarrik», hasi du alkateak erantzuna. Azaldu du beste hainbat arrazoi badirela, batik bat ematen den laguntza profesionala eta teknikoa izan behar dela. Ekimena solidarioa bada ere, horrek ez duela dena justifikatzen gehitu du, eta pertsonen inguruan aritzean zorroztasuna beharrezkoa dela.
«Eredu berri bat jarri dugu mahai gainean, berritzailea izango dena. Donostiak orain arte miloi eta erdi bideratzen zituen otorduak ematera, 300 ematen ziren; orain, bi miloi bideratuko ditu eta hala ehun otordu gehiago emango dira La Sirenan», zioen alkateak. Haren ustetan sistemarik egokiena da martxan dutena, inklusio edo gizarteratzea helburu duena, eta horretarako Otorduak izeneko programa erabiliko dute.
Gai honen bueltan eman nahi izan duen azken mezua izan da ez duela eztabaidetan sartu nahi: «Nik dakidana da Donostiak zer egin duen, eta badakit inguruko herriek zer ez duten egin, berdin zait zein sigla politiko duten, badakit Donostiak erantzunak ematen dituela». Amaitzeko adierazi du bilera bat lotu dutela biharko.
Kirol eremuen berritzeak
Hiriaren beste eremu batzuen berritzeak ere izan dira hizketagai. «Erabilera anitzeko pabiloiaren lehen irudiak ikusi ditugu, baina hortik haratago doala esango nuke, kirol ekipamendu gehiago daude aztertu eta berritzeko», esan du eta horiek lantzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lakuarekin batera egin nahiko lukela.
Bestalde, 2030era begira jarriz, azaldu du Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketari begira egin beharreko mugimenduak egiten eta entregatu beharreko dokumentuak entregatzen ari dela: «Gure baldintzak adierazten dituzten dokumentuak eta eskatutako mugikortasun plana entregatu dugu, eta ikasturtearen hasieratik aurrera izango dugu informazio gehiago».

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin

Piden reducir el consumo de agua en una veintena de municipios de Busturialdea y Lea-Artibai

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar
