Asier Aiestaran
Kazetaria

Oriok zazpigarren garaipena lortu du Santurtziko uretan

Oriok Eusko Label Ligako lidertza sendotu du Santurtziko uretan lehiaketako zazpigarren garaipena lortu ostean. Kaleak eta mareak gora-behera, oriotarrek sekulako estropada egin dute hasi eta buka, Zierbena eta Bermeo alde handiarekin menderatuz.

Oriotarrak, bandera hartuta portura bidean.
Oriotarrak, bandera hartuta portura bidean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Indartsu jarraitzen du Oriok. Hasieratik amaierara estropada bikaina egin dute gaur ere Santurtzin, Ligako zazpigarren bandera irabaziz eta lidertza sendotuz. Marea jada jeisten hasia zela, oriotarrek gutxi-asko kaleari eustea erabaki dute, eta apustua ederki atera zaie irakurtzeko horren zaila den eremuan.

Ohorezko txanda hasterako, denbora onena Donostiarrak markatutako 20:06ekoa zen, baina azkar ikusi da bandera irabazteko ez zela nahikoa izango. Ordura arte marea igotzen edo goian egon bada, hirugarren txandarako marea jaisten hasia zen, eta hori kontuan izan dute ontziek.

Eta Oriok nahieran agindu du bere txandan. Lehen ziabogan hartua zuen estropada burua, eta bigarrenerako ia 20 segundo ateratzen zizkion Donostiarrari. Txandako lehian, Zierbena izan da Oriori gehien eutsi diona: bigarren ziabogan 5era zegoen.

Baina hirugarren luzean, progresiboki, tarteak handitzen joan dira oriotarrak, arraunketa egonkortuta eta egoera erabat kontrolatuta. Azkenean, oriotarrek 19:39ko denbora lortu dute, Zierbena izan da bigarren 12 segundora, Bermeo hirugarren 17ra eta Getaria laugarren 22ra.

Chapela, beste garailea

Eta egunak utzi duen beste garaile handia Chapela izan da. Azken postuan zeuden galiziarrek sekulako estropada egin dute lehen txandan, ustez txarra zen lehen kaletik. Bigarren luze aparta egin dute, aurkariak atzean utziz, eta horrek aukera eman die hirugarren luzean nahi izan duten bidea egiteko.

Lehen txanda hori 20:08ko denborarekin irabazi dute, eta aurkari zuzena duten Ares azken postuan iritsi da. Baina hori bakarrik ez, bigarren txandako ontziak ere sartu dituzte tartean sailkapen horretan. Alegia, Chapela seigarren izan da estropadan, sei puntu atera dizkio Aresi, eta sekulako urratsa eman du azken postutik ihes egiteko.