Asier Aiestaran
Kazetaria

Arraun Lagunak estu hartu dute Tolosaldeak eta San Juanek Lekeition

Joaneko luzean donostiarrek alde handi samarrak ireki dituzten arren, itzulera bikaina egin dute bi segundora geratu den Tolosaldeak eta laura sartu den San Juanek. Estropada eremuko errekorra hobetu du Arraunek.

Arraun Lagunak, garaipena ospatzen.
Arraun Lagunak, garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hamarretik hamar. Arraun Lagunak izan da azkarrena Lekeition jokatu den Euskotren Ligako jardunaldian, baina aurkariak beste batzuetan baino gertuago izan ditu. Joaneko luzean donostiarrek alde handi samarrak ireki dituzten arren –Tolosaldea 6ra eta San Juan 9ra–, itzulera bikain bati esker bi segundora sartu da Tolosaldea helmugan eta laura San Juan.

Arraunerako baldintza zoragarriekin jokatu da estropada. Eguraldi eguzkitsua, haizetxoa bai baina leun, eta olatu baga txikiak, joaterakoan zailtasunik jarri ez eta itzulerakoan laguntzen zutenak. Horri esker, eta taldeak aurten lortu duen mailarekin, estropada eremuko errekorra ezarri du Arraun Lagunakek: 10:48.04.

Lehen txandari dagokionez, Donostiarrak erakutsi du iaz bezala denboraldiak aurrera egin ahala maila igo duela. Urbietak entrenatzen duen ontzia bikain moldatu da laugarren kaletik, eta estropadaren burua berea izan da hasieratik amaierara.

Itzulerako luzean Hibaika bikain etorri da, asko gerturatu zaie donostiarrei, baina azkenean ezin izan dute aurrea hartu. Donostiarrarentzat albiste onena berriz sufritzea tokatu zaion Zumaiari lau puntu sartu dizkiotela –Astillero ere sartu dute tartean– eta jada azken postua seira urrundu dutela.

Hurrengo asteburuko hitzorduak, Ondarroan eta Hondarribian.