Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Tahu Rutum mendian era askeko ibilbide zail bat sortu dute

Siebe Vanhee, Symon Welfringer eta Sean Villanuevak Karakorumeko urrutiko lekuetan dagoen seimilakoaren mendebaldeko horman «The Leopard of Higher Ground» (7b, 1.500 m) sortu dute. Denera, hamabost eguneko jarduera izan da.

Villanueva, Welfringer eta Vanheek Tahu Rutumen bide berri bat sortu dute.
Villanueva, Welfringer eta Vanheek Tahu Rutumen bide berri bat sortu dute. (Siebe VANHEE)

Lau eskalatzaile zaildu eta ukitu gabe zegoen mendi bat. Siebe Vanhee eta Sean Villanueva belgikarrak, Symon Welfringer frantziarra eta Pete Whittaker britainiarra dira espedizioa osatu dutenak. Helburua: Tahu Rutum (6.651 m, Karakorum, Pakistan).

Vanheek bultzatu zuen espedizio hori. Duela hamabi urte, seimilakoaren mendebaldeko hormaren irudiarekin harrapatuta geratu zen. Hain zuzen ere, Kyle Dempster estatubatuarra ezagutu zuenetik. Dempster Tahu Rutumeko mendebaldeko aurpegia bakarka eskalatzen saiatu zen. Murruan 23 egun igaro eta gero, gailurretik 200 metrora atzera egin zuen. Estatubatuarrak kontatutako pasarteak irakurri eta Vanheek erabaki zuen bai ala bai hormatzar horretara joan behar zuela. Aipatu ditugun lau kideak bildu eta ekainaren 25ean irten ziren. Kanpaleku nagusira heldu bezain laster, Whittakerrek arazoak izan zituen garaierarekin. Britainiarra etxera itzuli zen.

Planak aldatu gabe, beste hirurak Tahu Rutumeko erronkarekin buru-belarri jarri ziren. Eskalatzaile hauek gai izan ziren “The Leopard of Higher Ground” bidea (7b, 1.500 m) sortzeko. Patagoniako erpinekin antza handia duen Karakorumeko mendi horrek soilik igoera bat zuen markatuta. Hain zuzen ere, 1977an talde japoniar batek hego-mendebaldeko ertzari jarraitu zion igoera hori egiteko. Hirukoteak, berriz, mendebaldeko horma handi hori lehen aldiz eskalatu du.

Denera, hamabost eguneko jarduera izan zen. Hamahiru egunez paretan egon ziren, eta beste bi egun eman zituzten jaisten. Kapsula estiloan igo ziren, eta, aurreratu dugun bezala, luze guztiak era askean egin zituzten.

Kapsula estiloa 

Ekainaren 15ean kanpaleku nagusitik irten ziren Tahu Rutum eskalatzeko. Horma nagusira heltzeko, oso agerikoa den elurrezko ibilbideari jarraitu ordez, eskuin aldera dagoen arrokazko sekzio batean sartu ziren, zutoinera ahal zen egokien iristeko. Aukeraketa horrek bide nahasia hartzera behartu zituen; izan ere, lehen zortzi luzeetan harkaitz ezegonkorra zegoen. Ondoren, elur tentean zeharkaldia egin eta eremu zail horretan zama handia garraiatuta, horma nagusiaren oinarrira heldu ziren. Vanheeren hitzak dira: «Ibilbide zentzugabeena aukeratu genuen, eskalatzaile bakar batek ere aukeratuko ez zukeena. Horma handien estiloari helduz, ahalegin handia eta energia-gastu izugarria egin genituen. Behin baino gehiagotan madarikatzen dut: zergatik kargatu behar ditugu gure motxilak hamar egunez eremu honetan? Goi mendiko eskalada ibilbidea da, eta merezi zuen».

Xede nagusia hormatzar hori era librean eskalatzea zenez, hirukoteak kapsula estiloaren aldeko apustua egin zuen. Hamabost eguneko jarduera horretarako, zama guztia gainean eraman zuten: hamaka, janaria, gasa eta eskaladako tresneria. Estilo horri esker, eguraldia gaiztoa zenean hamaketan babesa hartzen zuten; aldiz, klima ona zenean luze guztiak librean probatzen saiatzen ziren.

Estrategia honi dagokionez, Vanheek adierazi du asmatu zutela: «Azkenean, uste dut gure estrategia onena izan zela, ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izan genituelako eguraldi oneko tarteak eta hiru eguneko elur-ekaitzen etenak. Eskalada estilo horri esker, erritmoa mantendu ahal izan genuen. Garaieran jarduteko begiak zabaldu zizkidan eskalada estilo horrek; aukera amaigabeak eskaintzen ditu. Dagoeneko, eskalada libre ikusgarrien bidez ibilbide berriak egiteko ametsa daukat».

Hamaikagarren egunean, adibidez, 6.250 metrora laugarren kanpalekua antolatu zuten. Aste eta erdi zeramatzaten horma zorrotz horretan gogor estutzen, baina oraindik sekzio bertikalena eta zailena zain zuten. Biharamunean, 400 metroko soka finkatu eta ibilbide berriaren zatirik zailena eskalatu zuten. Besteak beste, 6.000 metrora 7b mailako luze bat. Espedizioaren puntu gorena izan zen.

Zailtasun tekniko handienak gainditu ostean, Welfringer, Villanueva eta Vanhee gailurrera iritsi ziren. Ekainaren 27a zen. Jaitsieran Dempsterren ibilbidearekin gurutzatu eta estatubatuarrak utzitako hiru gailurekin topo egin zuten. Kanpaleku nagusira heldu bezain laster, hirukoteak argi zuen bide berriari “The Leopard of Higher Ground” deituko ziola. Hain zuzen ere, Desmpsterrek Salt Lake Cityn zuen kafetegiaren izena da. Estatubatuarra 2016an zendu zen, Pakistanen eginiko espedizio batean.