Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Castillo Suarez
Idazlea

«Ezingo ginateke dena ahaztuta bizi, baina dena oroituta ere ez»

Bi hamarkadatan enkarguz idatzitako 20 poema bildu ditu ‘Lera’ liburuan Castillo Suarezek. Ekitaldietarako sortutakoak dira, izan urteurrenak, omenaldiak edo azken agurrak. «Aireak eramateko» sortutako poemei paperean egin die habia altsasuarrak.

«Ezingo ginateke dena ahaztuta bizi, baina dena oroituta ere ez»

Loading player...
Castillo Suarez idazlea GARAk Donostian duen erredakzioan.
Castillo Suarez idazlea GARAk Donostian duen erredakzioan. (Jagoba Manterola | Foku)

Idazlea, filologoa ikasketez, euskara teknikaria da Castillo Suarez (Altsasu, 1976) Sakanako Mankomunitatean eta euskaltzain osoa. Jabetza intelektualaren kudeaketan diharduen EKKI elkarteko lehendakaria ere bada.

Han hemen, azken hogei urteotan enkarguz idatzitako 20 poema bildu ditu ‘Lera’ liburuan. Bilduma osatu eta opari pertsonal gisa oparitzea zen egilearen asmoa, azkenean 1545 argitaletxearen bitartez argitaratu du. Udane Ansaren marrazkiez lagunduta aurkeztu ditu. Unean bertan irakurri eta «aireak eramateko» sortutako poemei paperean egin die habia altsasuarrak.

Herriarekin batera, memoria da liburuan landutako gaietako bat. Esana du oroitzapenak behar ditugula bizitzeko. Poetaren hitzen bidez sortzen ditugun irudiak dira memoriaren aingura? «Bai, nik uste dut badela helduleku bat memoria guretzako. Ezingo ginateke dena ahaztuta bizi, baina dena oroituta ere ez. Beharrezkoa dugu gauza batzuk askatzea, batzuetan mingarri direnak. Bada nire obsesioetako bat eta iruditzen zait gurea bezalako herrientzat, eraikitze bidean daudenak edo aldiro aldarrikatzen ari direnak beraien izaera, beraien mugak... atzera begiratu behar izate hori beharrezkoa dela, funtsezkoa. Galdu egiten duzu norabidea ez baduzu tarteka atzera begiratzen. Ez dakizu oso ongi nora zoazen edo inportantegoa dena, zergatik», egin du gogoeta.

Natura ere aurkituko du irakurleak poematan. Baso baten inguruan dagoen etxe batean hazia da nafarra. Izadiaren gertuko presentziak bere sorkuntzan izan duen eragina jakin nahi dugu. «Nire auzoan ume bakarra nintzen ni. Gero nire ahizpa etorri zen, lau urte gazteagoa da. Lau urte asko da ume umeen kasuan. Nik uste naturak baino gehiago markatu nauela herritik kanpo bizi izanak», kontatu du. 

«Nire auzoan ume bakarra nintzen ni. Gero nire ahizpa etorri zen, lau urte gazteagoa da. Lau urte asko da ume umeen kasuan. Nik uste naturak baino gehiago markatu nauela herritik kanpo bizi izanak»

Maitasuna. ‘Bikote baten deseraikitzea’ poemak horrela dio: ‘Ertzak zedarritu dizkiozue elkarri,/ ezpainak eta azazkalak margotu/. Ez duzue trukean ezer jasoko/ ez badira zuenak ez diren ametsak’.

«Askotan egiten den parekotasuna da bikotea versus bakardadea. Nik duela urte batzuk erosi nuen etxe bat eta joan nintzen altzari denda batera, ondoko herri batera. Eta emakume saltzaileak esan zidan ‘zuk maite dituzu espazioak eta maite dituzu distantziak’. Eta egia da. Horri lotuta, batzuetan gure nortasuna eraikitzen dugu parean daukagun horrekiko. Eta beharrezkoa da markatzea distantzia bat edo espazio bat. Bestela galdu egiten gara. Galdu egiten gara eta desegin egiten gara», adierazi du.

Atzerrian, harrotasunez

Hizkuntzak ere badu tokirik liburuan. Hizkuntza gutxitua da geurea. Idazle den aldetik nola bizi duen galdetuta, hau erantzuna: «Idazlea naizen aldetik batzuetan tokatzen zait atzerrira joatea irakurtzera. Beti sentitzen dut gure literatura, kasu honetan poesiaz ari naiz, erabat homologablea dela eta hemen egiten diren gauzak direla maila berekoak edo goragokoak. Harrotasunez joaten naiz edo behintzat lasaitasunez. Poesia oso genero txikia da eta alde horretatik ez dago alde handirik beste hizkuntza batzuekiko».

Euskarari eskaini dio bizitza. «Profesionalki bizitza osoa daramat aholkuak ematen politikariei eta segitzen dut horretan. Sormenari dagokionez, euskaraz sortzen dut erabat prekarioa den genero batean. Eta hizkuntza batean. Eta nire bizitza militantean euskalgintzako erakunde eragile gehienetan aritu naiz zuzendaritzatan, Soziolinguistika Klusterrean, Euskal Idazleen Elkartean, Galtzagorri (Gazte eta Heldu Literatura Elkartea) eta Euskaltzaleen Topagunean. Eta orain Euskaltzaindian. Beti bada zer egin eta beti bada zer aurreratua. Baina, era berean, gauza ederrak daude. Hemen gaude, euskaraz elkarrizketa egiten, poesia liburu bati buruz, beraz ez dut kexarik alde horretatik».

«Nire bizitza militantean euskalgintzako erakunde eragile gehienetan aritu naiz zuzendaritzatan»

Poesia ere genero gutxitua dela esango zenuke?, galdetu diogu. «Bai, nolabait. Nik beti esaten dut gutxi saltzen dudala, baina ongi kontsideratua nagoela. Ez dakit beste Estatu batzuetan edo beste hizkuntza batzuetan zenbat irakurriko den poesia, zenbat salduko den. Nahiz horren arabera ezin den idatzi, ez». 

Beti izan du poesiarekiko zaletasuna. «Iruditzen zait nire izaerarekin izan dezakeela zerikusia, aizkorakadaka idazten dudalako edo ez daukadalako denborarik eleberri baterako. Eta irakurtzea ere beti gustatu izan zait. Nik uste dut ez naizela inoiz narratzaile ona izango. Beti galdetzen dizute ‘eta eleberria noizko?’. Nobela bat ez baduzu egin badirudi ez daukazula idazlearen estatusa. Eta ipuin liburu batek ez duela balio». 

Harago doa. «Poesia lotzen da egoera pertsonalarekin. Ematen du ari zarela lotzen terapiarekin, batez batez ere euskal literaturan. Badaudela liburu lehendabiziko liburu asko oso lotuak daudenak idazleen egoera pertsonalari. Etxeko norbait hil zaielako, edo kartzelan egon direlako... Zein arrisku daukate liburu horiek? Nik deitzen dut ‘lehendabiziko liburuaren maldizioa’. Euskal literaturan lehendabiziko liburu asko daude, baina gero jendeak ez du segitzen idazten. Erraza da jendearengana iristea, bihotzera iristea, baina literatura beste gauza bat da. Pultsio literarioa aldarrikatzen dut. Beti esaten dut nire bizitza ez dela hain interesantea. Sinesten dut egiantzekotasunean, baina fikzioan», nabarmendu du.

«Euskal literaturan lehendabiziko liburu asko daude, baina gero jendeak ez du segitzen idazten. Erraza da jendearengana iristea, bihotzera iristea, baina literatura beste gauza bat da»

Zer da literatura? «Momentu batean egoera bati buruz edo sentimendu baten inguruan idazten den zerbait, baina baduena transzendentzia eta balioa beste momentu batean irakurtzean. Da zer adierazten duzun baina baita adierazpena bera ere. Orain ez hainbeste modan egon ziren autofikziozko liburuak eta nik batzuetan baztertzen nituen banekielako hein handi batean egiazkoak zirela. Pudorea sentitzen nuen. Badira funtzionatzen duten egileak eta liburuak, ez dut gutxietsi nahi, baina uste dut haratago doala literaturaren funtsa. Urtetan Xabier Mendigurenek editatu ditu nire testuak eta berak talentuaz hitz egiten du. Baina zer da talentoa? Ez dakit. Bada jendea argi berezi bat daukana...», aitortu du.

 

Bere buruari eskatzen dio hobeto idaztea edo behintzat, desberdin. «Angel Errok hala dio ‘dena esana dago, baina ez dut nik esan’. Gauza bat da idazle batek estilo bat izatea edo prebisible samarra. Baina beste buelta bat eman behar zaio beti hizkuntzari. Asko irakurri behar da ongi idazteko».

Eta bizi. «Kapaz naiz liburu bat bi hilabetean idazteko. Baina, horretarako, izan behar dituzu gauza asko bizita eta gauza asko irakurrita, biak», esana du. «Ez dut esan nahi aparteko esperientziak bizi behar direnik, baina bai erreparatu egiten ari garenari, uneoro», argitu du.

Idazte prozesua «oso fisikoa» da une batzuetan. «Bi hilabete izan daitezke. Etxea hankaz gora dudala, asko irakurrita, asko idatzita, batzuetan edozein tokitan. Garbigailua zentrifugatzen daukazunean bezala da, tarteka pasatzen zaidan gauza bat».

«Ez daukat norbait buruan, baina oso kontziente naiz idazten dudanak aukera handiak dituela argitaratzeko. Irakurlea ez dakit nor den. Intuizioa daukat azokatan eta ikusten dudanarengatik izan daitekeela emakumea edo neska ni baino gazteagoa», jarraitu du.

Umetatik egon da liburuz inguratuta, argitalpen ugari zegoen etxe batean bizi baitzen. «Liburuak objektu gisa asko estimatzen ziren. Alde horretatik oso zortekoa naiz. Ez dira gaur egun nik irakurriko nituzkeenak, klasiko asko daude. Baina ikusi ahal izatea gurasoak gozatzen niretzat oso inportantea da».

Idazteari haurtzaroan ez, geroago ekin zion. «Euskal Filologia ikasten ari nintzenean izan zen, 20, 21, 22 urte izango nituen. Iruñeko Udalak badu lehiaketa bat egile berriei zuzendua. Hortik atera gara Nafarroako idazle gehienak. Baldintza da libururik ez argitaratu izana aldez aurretik», gogoratu du.

‘Mugarri estaliak’ (Susa) liburuarekin sentitu zen idazle. «Esango nizuke zerbait ponpoxoagoa edo interesgarriagoa, baina iruditzen zait idazle egiten gaituztela ISBN-ek (Liburuetarako nazioarteko kode normalizatua)», dio.

‘Irautera’ eta ‘Alaska’, mugarri

Eta ‘Irautera’, mugarria izan zen ahots literario propioaren jabe zela jabetzeko. «Pentsatu nuen ezer hoberik ezin nuela idatzi eta liburu hura izango zela nire opera magna. ‘Poema liburu bat da hau, badagoelako hari bat poemen artean, badagoelako egitura sendo bat’, sentitu nuen. Gero ‘Alaska’ atera nuen, nire bestsellerra; espero ez nuen zerbait izan da», aitortu du.

‘Alaska’ (Susa). Bide esanguratsua egin duen lana. «Nik uste dut bi gauza pasatu direla. Batetik, Alaska hotela jende askok ezagutu duela, pertsona asko pasatu direla handik. Batek jaunartzea egin zuen, beste batek ezkontza gaua pasatu zuen, hurrengoak hitzorduak zituen amorante batekin, bestea joaten zen parranda eta gero... Liburuko poemak Donostiako Poesia Egun batean irakurri nituen. Hortik sortu zen. Akordatzen naiz emanaldia egin eta gero emakume bat etorri zela, nik ezagutzen ez nuena, eta esan zidan: ‘Nik ere badut Alaska bat bihotzean’. Eta oso ongi ulertu nuen zer esan nahi zidan. Denok daukagu toki bat oroitzen duguna, erdizka, beharbada asmatu dugu ja, ez zen oroitzen dugun bezala, baina badena helduleku bat. Behar ditugu heldulekuak bizirik jarraitzeko».

«Denok daukagu toki bat oroitzen duguna, erdizka, beharbada asmatu dugu ja, ez zen oroitzen dugun bezala, baina badena helduleku bat. Behar ditugu heldulekuak bizirik jarraitzeko»

Eguneroko gauza txikiei, gertuko gertaerei, erreparatzen die bere literaturan. Modu horretan irakurlea identifikatu egin daiteke. «Kirmen Uriberen ‘Bitartean heldu eskutik’ izan zen behar bada estilo aldaketa bat ekarri zuena, soiltasunaren aldarri bat egin zuen», esan du.

Idazleak zein neurritaraino eraman behar du eskutik helduta irakurlea, gehiegi baldintzatu gabe? «Nik uste dut hori dela narrazioa eta poesiaren arteko aldea. Bada jendea ez duena poesia irakurtzea maite. Eta hain zuzen ere horregatik da, irakurtzen duelako eleberri bat bezala edo narrazio bat bezala. Nobelan nolabait progresio bat irakurtzen duzu, eta poesian, berriz, gauzak desordenatuago daude. Batzuk falta dira, beste batzuk anbiguoak dira, beste batzuk esan nahi duzunaren kontrakoak dira... Poesia irakurtzea maite ez duenak bilatzen du beste zerbait. Zergatik? Jende askok irakurtzen duelako lasaitzeko, deskonektatzeko, beste giro batera joan ahal izateko eta ez du ariketa bat egin nahi».

Poesia eta literatura irakurlearengana hurbiltzeko hainbat formula erabili dira. Suarezek behin baino gehiagotan aitortu du agertoki batera igotzea ez dela bere konfort gunea. Eta hala ere, ari da bidea egiten ikuskizun poetikoen bidez. «Kontua da ez dakidala ezetz esaten. Eskatuz gero egiten dut, baina ez da nik bilatzen dudan zerbait. Kostatu egiten zait eta sufritzen dut, nolabait esateko. Emaitza ederra izaten da eta behintzat esaten duzu ‘merezi izan du’, baina ez da nik bultzatzen dudan zerbait. Baina egia da jende askorengana iritsi dela poesia, bide, musikaren bitartez, edo ikusi entzun bitartez, edo hori horrela da eta ukaezina da». 

«Kontua da ez dakidala ezetz esaten. [Ikuskizun poetikoa] eskatuz gero egiten dut, baina ez da nik bilatzen dudan zerbait. Kostatu egiten zait eta sufritzen dut, nolabait esateko»

Euskaltzaindiako kiderik gazteena da altsasuarra. «Dena da eginkizun eta egingarri, Miquel Marti i Pol-ek zioen bezala. Bai, asko egin da baino asko dago egiteko», dio.

EKKI, «borroka juridiko izugarria

Jabetza intelektualaren eskubideen alorrean ari da lanean, EKKI elkarteko lehendakaria da. Alor horretan mahai gainean dituzten kontuez galdetuta, «borroka juridiko izugarria daukagu», dio. «Hegoaldeaz ari naiz, oso espainola da, oso lotuta dago erakunde jakin batzuei eta oso zaila da egileak gurera ekartzea».

Parekoak eurekin interlokuzioa onartzea bera kostatzen ari zaie. «Izugarria da egiten ari garen ahalegin juridikoa. Hasiera batean auzi pila bat genituen. Jada fase hori gainditu dugu eta aitortza fasean gaude. Musika plazaratzen duten eragile, sistema eta erakundeek gu aitor gaitzaten eta gure egileek kobra dezaten kobratu beharrekoa. Mirari bat da lortzen ari garena eta oso zaila izaten ari da bidea. Merezi du, noski».

EKKIko bazkideei aitortza egiteko baliatu du unea. «Iruditzen zait ez dutela begiratzen epe motzera. Benetan sinesten dutelako daudela gurekin, nahiz batzuetan ez diren ongi ateratzen diruari dagokionez. Egiletza eskubideen inguruan zenbat erakunde, zenbat interes, zenbat ohitura... dagoen. Zaila da horri buelta ematea. SGAEn ez egotea ez da ohikoa, Spotify-en egotea bezala. Badut lagun bat esaten duena komeni dela beti bizitzan abokatu on bat izatea eta berresten dut, bai», esanez amaitu du.