«Oldarraldiaren aurrean, Zeledonen irudia oso egokia da euskarari bultzada bat emateko»
‘Zeledon’ izateak jaiak barrutik bizitzea esan nahi du Iñaki Kerejazu gasteiztarrarentzat: uztailaren 1ean hasten da lehenbiziko tentsioa, eta abuztuaren 9an ixten da zikloa. Bitarten, jai herrikoien, euskararen eta bizikidetzaren aldeko mezua zabaltzen du, presioz baina baita ilusioz ere.

Zeledonen irudiaren ezaugarri adierazgarrienetako bat da ez dela herritarrengandik urrun dagoen sinbolo mistiko eta ukiezina. Aitzitik, Gasteizko Jaien protagonista beste gasteiztar bat da, besterik gabe; bereziki abuztuaren 4tik 9ra bitartean, herrikide bakoitzaren alderik onena gorpuzten saiatzen den gasteiztarra.
Gaur hiru urte beteko dira Iñaki Kerejazuk (Gasteiz, 1995), Zeledonen larruan, lehen aldiz Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatu eta San Migel elizako balkoira igo zenetik, Zeledon gisa bere lehen hitzaldia emateko. Eraso matxisten eta bestelako eraso guztien aurkako gaitzespena izan zen bertaratutakoei helarazi nahi izan zien mezu nagusia. Hitzaldiaren zati handi bat, gainera, euskaraz egin zuen. Hurrengo urtean, Israelek Gazan egindako genozidioa ere hizpide izan zuen, bestelako erasoak eta Gasteizko jaiez gozatzeko gure artean ez daudenak ahaztu gabe.
Aurreko urteetan baino urduritasun gutxiagorekin, baina inoiz baino gogotsuago, Kerejazuk NAIZi azaldu dio Gasteizek herritar guztiak batuko dituzten erreferenteak behar dituela; blusa edo neska batek izan beharreko gutxieneko ezaugarriez ere jardun du, eta, batez ere, berak gorpuzten duen figura batek mezuak zabaltzeko eta jokabideak bultzatzeko duen garrantziaz. Heziketa, pedagogia eta parradana zoroenak uztartuz, Kerejazuk Zeledon egiten du denok izatea nahi dugun hori: gutako beste bat.
Noiz hasten dira Gasteizko jaiak Zeledonentzat?
Uztailaren 1ean. Ordutik hasten naiz medioekin bueltaka, eta orduan hasten naiz pixka bat jaiak hurbiltzen ari direla sentitzen. Hori da lehenengo unea. Bigarrena, astebete falta denean da. Mundu guztia sintonia horretan dagoenean, kaletik agurtzen zaituzte, argazkiak eskatzen dizkizute… Edonork badaki nor zaren.
Eta noiz bukatzen dira?
Abuztuaren 9an. Ordua, hori bai, urtero aldatu egiten da. Batzuetan Zeledon igotzen denean, eta beste batzuetan txosnak ixten direnean.
«Metafora oso polita iruditzen zait aterkiarena: Zeledonen aterkiaren azpian gasteiztar guztiak gaude. Aterki gehiago behar ditugu»
Zeledon maiz deskribatu duzu Gasteizek daukan elementu transbertsalena bezala. Behar al ditu gure hiriak horrelako elementu gehiago?
Noski. Krispazioa eta merkantilizazioa agerikoak diren une batean gaude. Nolabait, behar duguna batzea da, hiria egitea. Zeledon bada horrelako elementu bat. Metafora oso polita iruditzen zait aterkiarena: Zeledonen aterkiaren azpian gasteiztar guztiak gaude. Aterki gehiago behar ditugu, beraz.
Txiki ikusten al dugu geure burua gasteiztarrok?
Hala da. Gure inguruko hiriburuekin alderatzeko joera dugu. Jai herrikoiak, doakoak eta kalekoak ditugu. Hori da bandera gisa eraman beharko genukeena. Harro sentitu behar gara horretaz. Hori bai, irakasle gisa, tradizioari lotutako mezuak helarazteko zailtasunak ditugu ikastetxeetan. Eta nik uste hor dagoela gakoa: hiria eraikitzea ikastetxeetatik eta tradizio hauetatik.
Aurreko urteko hitzaldian Gasteiz Anitza aipatzen zenuen; urtean zehar Kerman Villateren hilketa ere salatu duzu... bi urte daramatzazu jada Zeledon bezala, zein izan da orain arte zabaltzen saiatu zaren mezua?
Zoritxarrez, urtero eraso matxisten, LGTBIfobikoen edo edozelako erasoren aurkako deia egin behar izatea. Euskal Herriko jai herrikoi guztietan izaten dira horrelako erasoak. Horren kontrako aldarria derrigorrezkoa da. Espero dut Zeledon izaten uzten didatenean ez dudala horrelako deirik egin beharko, baina zaila ikusten dut, egia esan.
Hala ere, nire inpronta eman nahi izan diot pertsonaiari urtero. Zerbait ezberdina aldarrikatzea, jaiak posible egiten dituzten hainbat eragile edo bestelako lagunak balioan jartzea…

Urtero blusa eta neskentzat zuzendutako kritikak entzuten dira; zeintzuk izango lirateke bete beharko lituzketen jarrera eta balore ukaezinak?
Blusa eta neskok bide oso luzea eta malkartsua egin dugu. Duela hamar urte baino gehiago, blusa eta neska talde haiek ez ziren gaur egun direnak. Kuadrillek 200 ekitaldi baino gehiago antolatzen dituzte, inolako laguntza ekonomikorik gabe, hiriarentzat. Haietako askok zentzu solidarioz jarduten dute, eta hor dago blusa eta nesken elkarteen gakoa: hiriarentzako eta gerturatzen den edonorentzako jaia egitea.
Noski, oraindik bidea egin behar dugu. Hainbat kontu hobetu behar dira oraindik. Baina nik uste gaur egun bizikidetzara bideratutako ekitaldiak nagusitzen direla. Hori azpimarratu beharko genuke, ahaztu gabe blusa eta neskok festarako daukagun gaitasun hori beste hainbat konturekin orekatu beharko genukeela.
Zein da Zeledonen jaietako momenturik gogokoena?
Bi esango nituzke. Lehena, atera aurretik, Gasteizko banderaren atzean zauden une hori. Emozioz eta adrenalinaz betetako momentua baita. Eta bigarrena, txupinazoaren ondoren lagun guztiak elkartzen garenean, cava botila batzuen inguruan. Lasai egoteko, negar egiteko unea da. Niretzat gauza berria bihurtu zen duela bi urte.
Zeledon izan arren, beraz, lagunekin egoteko denbora badago, ezta?
Bai, noski. Jendeak nahiko errespetatzen zaitu. Modu horretan eskatzen dizkidate argazkiak beti, lagunekin nagoenean. Gasteiztarrei eskertu beharreko zerbait da.
Eta etxetik nola bizitzen dute?
Tentsio handiarekin. Nire bikoteari eskertu behar diot bere laguntza. Askotan termometro bat ere bada, ezta? Elkarrizketetan esan behar dudana edo ez dudana esan behar, bota behar dudan hitz-hartze hori berak neurtzen du eta gidatzen nau. Asko lasaitzen nau. Nire gurasoek asko sentitzen dituzte jaiak, eta ni baino urduriago jartzen dira, hori bai. Beraz, nire bikotearen laguntza ezinbestekotzat jotzen dut.
Jaietan zehar, erraza da Iñaki eta Zeledonen munduak bereiztea?
Saiatzen naiz, bai. 4an zara Zeledon, baina bere itzala urte osoan zehar dago. Lehen zeneukan pribatutasun hori galtzen da, noski, baina gutxiengoa da hori.
Edonork prestatu al dezake bere burua Zeledon izateko?
Ezetz esango nuke. Dohain batzuk izan beharko zenituzke. Prestutasunez jokatu behar duzu beti, eta hitz egiterako orduan nolabaiteko jariotasuna ere behar duzu. Euskara maila hobea izateko prestatu zaitezke, noski, baina beste guztia zure izaerarekin datozen ezaugarriak dira.
Aipatzen duzunez, euskarak lekua aurkitu du zure hitzaldian azken bi urteotan. Garrantzitsua al da hori Gasteiz bezalako hiri batentzat?
Euskara gero eta presentzia handiagoa hartzen ari da Gasteizen. Oso handia da Gasteizen egin den, eta egiten ari den, lana. Hiru hiriburuetatik, Gasteiz da erabilera gehien igo den tokia. Gero eta arnasgune gehiago ditugu, eta babestu egin behar ditugu. Euskara zaindu egin behar da, eta euskaldunon artean ere zaindu egin behar gara. Ikusten ari garen oldarraldiaren aurrean, Zeledonen irudia oso egokia da euskarari bultzada bat emateko. Gure lekua hartu behar dugu, gure hizkuntza behar duen lekuan jarri, eta are gehiago Gasteizen.

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

Hernani y Errenteria responden con hechos a las insinuaciones de Insausti sobre el sinhogarismo

Revuelta de carros en Donostia para denunciar que «cenar no es un delito»

La huelga de técnicos condiciona una Aste Nagusia modificada para salvar el concierto de ETS




