NAIZ

Basogintzan ari zen beste langile bat hil da, Azkoitian zuhaitz batek harrapatuta

44 urte zituen eta Azkoitian gertatu da ezbeharra asteazken honetan: basogintzan ziharduen langile bat hi da. Istripuak maiz gertatu dira lan sektore honetan azken urteotan. 

Basogintzan gertatzen diren istripuez ohartarazteko ekimena Iruñean, iaz.
Basogintzan gertatzen diren istripuez ohartarazteko ekimena Iruñean, iaz. (Iñigo Uriz | Foku)

LABek ostegun honetan jakitera eman duenez, Azkoitian gertatutako lan istripu traumatiko batean, 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langilea hil egin da, lanean ari zela enbor bat gainera erori ostean. Istripu ugari gertatu da sektore honetan azken urteotan. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 14:30ak aldera gertatu da.

Guztira, honekin 39 langile hil dira aurten Euskal Herrian lan istripuen ondorioz, erantsi du LABek. Senide, lagun eta lankideei elkartasuna eta doluminak helarazi ondoren, basogintzan diharduten guztiei ere luzatzen dizkie LABe, baita gogor kolpatutako gainerako sektoreenei ere.

«Duela egun gutxi bi garraiolari hil ziren lanean, bata Idiazabalen uztailaren 23an eta bestea Oiartzunen uztailaren 30ean», aipatu du oharrean. Bi horiek batuta, aurten gutxienez 6 garraiolari hil dira lanean Euskal Herrian.

Ondorioz, honako irakurketa hau egiten du LABek: «Sektore ezberdinak izan arren, errealitatea berdina da. Lan baldintza txarrek hil egiten dute. Zoritxarrez, ez dira gertakari isolatuak. Urtez urte, basogintzan, garraioan eta arrisku handiko beste sektore batzuetan antzeko lan istripu hilgarriak errepikatzen dira. Lan baldintza gogorrak, ekoizpen-presioa, prebentzio-neurri eskasak eta administrazioen kontrol falta behin eta berriz agertzen dira laneko heriotzen atzean».

Gogora ekarri duenez, LABek agerraldia egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan basogintzan gertatzen den egoera hori salatzeko eta ustiaketan, prebentzioan, ikuskaritzan eta kontrol publikoan benetako aldaketak eskatzeko. «Tamalez, gaur ezagutu dugun heriotzak berriro erakusten du salatutako arazoek bere horretan jarraitzen dutela eta urtez urte faktore berberak errepikatzen direla».

Honi aurre egiteko, zenbait neurri mahaigaineratu ditu: «Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak ikuskari kopurua eta kontrolak areagotu behar ditu; Osalanek prebentzioaren arloko jarduera indartu behar du; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere eskumenen baitan, basogintza ustiaketa arloan, ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu. Erakunde guztiek dute erantzukizuna lan baldintzak hobetzeko eta laneko heriotzak prebenitzeko».